Agiriaren helburua Euskal Herriko egungo egoeraz egiten duen haurnarketa politikoa jakinaraztea dela dio ETAk.
Hasteko, Espainiako eta Frantziako estatuen estrategiak huts egin duela erakusten du egungo egoera politikoak ETAren aburuz: "Ezker abertzaleak bultzatzen duen Euskal Herriaren askatasun borroka garaitzeko Espainiako eta Frantziako botereek antolatutako estrategiak huts egin dutela erakusten digu gaur egungo egoera politikoak. Gatazkaren jatorria eta gatazkaren gainditzearen gako nagusiak gardentasun osoz agertzen dira", dio agiriak. Ildo horretatik, "Moncloako estatutuen ibilbidea agortuta" dagoela uste du, Gernikako Estatutuaren zein Nafarroako Foru Hobekuntzaren zeharkako aipamena eginez. Era berean, Frantziaren menpean dauden euskal herritarrak eurak erabakitako antolaketen eskabideak indartzen ari direla.
Nolanahi ere, Espainiaren eta Frantziaren orain arteko estrategiek orain arte porrot egin dutela iruditzen zaion arren, etorkizunera begira dinamika horiek egin dezaketen kaltearen beldur da ETA. "Estrategia batzuk porrot egin izanak ez du berez ekartzen Euskal Herriaren etorkizun askearen bermea. Are, une honetan, gauzak dauden daudenean utziz gero, gure eskubideen aldeko borroka tinkorik gabe, urtetako erresistentzia eta esperantzaz beteriko fruituak eta itxaropenak gal daitezke. Gure herria zanpatzen duten estatuak bide horretan tematzen badira Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak tinko erantzungo die", zehaztu du.
Beste kezka bat ere azaldu du agirian: estatutuen bidea agortuta ikusten duen arren, berriro ere formula berean oinarritutako irtenbidea errepikatzeko aukera, eta, ondorioz, gatazka behin betiko gainditzeko parada galtzekoa. "Espainiako autonomismoaren esperientziak bereak eman eta gero arduragabekeria handia litzateke oraingo honetan ere (77-79an bezalatsu) gatazkaren muinari heldu gabe, irtenbide faltsua inposatzea. Interes partikularrei kasu eginez inposaketa berri hori («hau ala ezer ez» berritua) egingo luketenek etorkizunari begirako albora ezineko ardura handia hartuko lukete beren bizkar" , ohartarazi du.
Gainera, zenbait sektore "akats" hori berritzeko prest ikusten ditu, hala nola, "boterean eta kudeaketan" daudenak, "belaunaldi berri baterako 'bizikidetza' planak" proposatu dituztenak zein "Espainia eta Frantziaren mendekotasunak onurak ekartzen dizkielako eroso bizi direnak"ikusten ditu tenore horretan.
Era berean, "euskal herritarrek beren eskubide politikoak ukatuak dituzten bitartean" demokraziaz mintzatzen direnek"iruzur" egiten dutela iruditzen zaio ETAri, eta "ardura larria" hartu dutela beren bizkar gainean. "Horien artean bereziki salagarriak ditugu, Estatuko botereen estrategiarekin kolaboratuz Ezker abertzalearen bazterketa beren eta beren lagunen promoziorako erabiltzen ari direnak" , kritikatu du.
Horren guztiaren aurrean, "Euskal Herriaren askatasunerako bideak zabalik" iraunarazi dituena ezker abertzalea dela uste du ETAk; hots, ezker abertzaleari esker geratu direla agerian estatutuen gabeziak eta autodeterminazio eskubidearen premia. Hori dela eta, aukera berri bat zabaldu da erakunde armatuaren aburuz: "autodeterminazio eskubidea oinarri hartuta, gatazka gainditu eta Euskal Herriari ukatzen zaizkion eskubide guztiak" berreskuratzekoa ; areago, hartarako tenorea dela nabarmendu du.
Ildo horretatik, "borondate osoa" adierazi du "eskubideen eskuratzea oinarri duen konponketa guztion artean aurkitu eta adosteko". "Dugun aukerari guztion artean eman diezaiokegu erantzun egokia ala aukera hau ere alferrik galduko da batzuk gure herri eskubideak errespetatzeko borondaterik ez dutelako" , amaitzen du.
ETA-ren agiria
"Autodeterminazio eskubidea oinarri hartuta", gatazka gainditzeko saioa egiteko unea dela uste du ETAk
ETAren iritziz, "autodeterminazioa eskubidea oinarri hartuta, gatazka gainditu eta Euskal Herriari ukatzen zaizkion eskubide guztiak berreskuratzeko saio sendoa egiteko tenorea" da egungoa. Hala dio gaurko egoera politikoaren azterketa eginez zenbait komunikabidetara igorri duen agirian. Espainiako eta Frantziak estatuek "Euskal Herriaren askapen borroka garaitzeko" estrategian huts egin dutela iruditzen zaio ETAri; halaber, Gernikako Estatutuak zein Nafarroako Foru Hobekuntzak "porrot egin duela. Funtsean, "askatasunerako bideak zabalik" ezker abertzaleari esker iraun dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu