Autoinkulpazioak torturapekoak direla salatu dute epaituek

Hernani eta Urnietako hamar gazteren epaiketak aurrera jarraitzen du, Madrilen; auzipetuen deklarazioak amaitu diraInkomunikazio garaiko deklarazioak dira haien kontrako «froga» nagusia

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Inkomunikatuta zeuzkaten bitartean beren buruen eta besteen kontra egindako salaketak dira Hernani eta Urnietako hamar gazteren kontra Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak daukan «froga» nagusia. Epaiketa, ordea, gazte horiek azaldu dute tortura eta tratu txarrak jasotzen ari zirelako egin zutela beren buruen eta besteen kontra; esandakoak buruz ikasarazi zizkiela Espainiako Poliziak, eta ez direla egiak. «Bakean lagatzeko» aitortu zituztela egin gabeko gauzak, beldurrak airean.

Gazte horien kontrako bigarren epaiketa eguna izan zen atzo. Herenegun bostek deklaratu zuten, eta atzo gainerako bostek. Segiko kide izan eta «talde terroristako kide» izatea egozten die fiskaltzak, eta zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak jarri nahi dizkie. Guztiek deklaratu dute ez direla Segiko kide, eta ez dutelaparte hartu kale erasoetan.

Auzitegiko sala tortura testigantzen entzutegi bihurtu zen atzo. Bostetik bostek azaldu zuten atxilotu eta Madrilera eraman artean kolpeak, mehatxuak, umilazioak eta presioak jasan zituztela. Jarrera sendoz egin zuten batzuek, eta, bizi izandakoak utzitako aztarnaren erakusgarri, malkotan egin zuenik ere izan zen.

Publikoan zeudenen hasperenek etendako isiltasun erabatekoa sortu zen auzi gelan Ekhi Oñatek behea jo zuenekoa kontatu zuenean. Negarrari eutsi ezinda azaldu zuen bere amak epilepsia duela, eta poliziek esan ziotela erietxean zegoela bere erruz. «Gustura egongo zara», esan ziotela. «Lur jota utzi ninduten». Aurretik kolpeak eta mehatxuak jaso zituen, Onintza Ostolaza abokatuaren galderei erantzunez azaldu zuenez. «Etxepetik atera aurretik, begiak tapatu egin zizkidaten». Madrilera eraman zuten arte, Donostiako auzi medikuarengana eraman zutenean bakarrik kendu zioten tapatzekoa. Atera orduko, berriz jarri zioten. Kolpeak eman zizkioten, galderaketengabe egin, eta mehatxatu. Auzi medikuari ez zion kontatu zer gertatzen ari zen. «Atea erdi irekita zegoen, eta haiek kanpoan zeuden. Beldur nintzen». Deklarazioak buruz ikasarazi zizkioten, eta halaxe egin zuen. Ez dauka argi nori zer esan zion: auzi medikuari gertatutakoa kontatu zion edo ez, Baltasar Garzoni esan zion edo ez...

Biluzik, belauniko, lurrera begira eta paretaren kontra jarri zutenean jo zuen lurra Aitzol Arrietak. «Hor... hor... hor jada burua galdu nuen». Angela Murillo buru duen epaimahaiari kontatu zion kolpeak etengabeak zirela buruan eta lepoan, begietan ere zapaltzen zutela. Indarkeria handiz esaten ziotela «Segikoa zara!» «kale erasoetan parte hartu duzu!». Madrilera bidean deklarazioa buruz ikasarazi zioten, eta beldurra sartu Madrilen deklarazio horiek egin zitzaten. Han ez zuten jo, ez hura eta ez besteak, Garzon protokoloa esaten zaiona aplikatu zietelako. Baina Donostian eta hara bidean «jo eta beldurtu zituzten».

Asier Olanori ez zion askorako balio izan protokoloa aplikatu ziotela jakiteak. Epaiketan azaldu zuen nola poliziaburuak esan zion ez zuela pentsatzen protokolo hura betetzerik, eta auzi medikuari edo norbaiti zer gertatzen ari zen kontatzen bazion «okerrago» izango zela. Olanok azaldu zuen atxilotu, miatu eta Donostiako auzi medikuarengana eraman zuten arte «tratu zuzena» izan zuela, baina medikuarenetik irten orduko hasi zirela «kolpeak, mehatxuak, astinduak eta jarrera behartuak». Erabat beldurtuta zeukatela azaldu zuen, deklarazioa polizia batzuekin prestatzen zuela, eta gero haiek hartzen ziotela.

Mikel Garcia, berriz, konortea galtzeraino estutu zuten: «Legez kanpoko deklarazio asko egin zizkidaten, eta derrigortu egin ninduten hainbat gauza esatera». Mehatxuak egin zizkioten familiarekin, bikotekidearekin... «Konortea galtzeraino iritsi nintzen»».

Egoitz Balerdi umiliatu ere egin zuten. Aurretik izandako istripu baten ondorioz ez du lehen bezala hitz egiten. Horrekin jardun zioten, gutxietsiz. Autoan sartu zutenean,kolpeak eman zizkioten buruan, etengabe.

Epaiketak gaur jarraituko du, lekukoen galdeketekin.

Goioaga, Garcia eta Paz

Atzo amaitu zen, Auzitegi Nazionalean,Iñaki Goioaga abokatuaren, Jorge Garcia presoaren eta Ana Paz haren bikotekide izandakoaren aurkako epaiketa. Defentsak absoluzioa eskatu zuen haientzat, baina fiskaltzak eutsi egin zion haien aurkako zigor eskaerari: hamasei, sei eta zortzi urteko kartzela zigorra, hurrenez hurren. Fiskaltzak dio Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean. Baina epaiketan ez zuen frogarik erakutsi ihesa hiruren artean prestatu zutela esateko. Gainera, lekuko gisa deklaratu duten bi guardia zibilek agerian utzi zuten akusazioaren ahuldadea. Goioagaren eta Pazen kontra zergatik egin zuten galdetuta, «norbaitengan jarri behar genuen arreta», erantzun zuen haietako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.