Jose Antonio Seoane. Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea

«Autonomia justiziari loturiko arazo bat da»

Autonomiaren aroa da; osasun artan zein esku hartze sozialean gero eta argiago erreparatzen zaio pazienteen zein erabiltzaileen erabaki ahalmenari. Giltzarri deritzo, nork bere bizitzaren gobernua izateko.

arantxa iraola
Bilbo
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bizitzaren oinarrizko auziak zedarritzen dituzten itaun etikoei erantzuteko ahaleginetan dihardu Jose Antonio Seoanek (Ferrol, Galizia, 1967). Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea da, eta Galiziako Bioetika Batzordeko presidentea. Atzo, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko Etika Batzordeak elkarlanean antolatutako Gizarte Zerbitzuak eta Etika deituriko jardunaldiak ireki zituen. Autonomiaren agerpena esku hartze sozialean hitzaldia eskaini zuen.

Autonomiaren aldeko irizpide eta neurriak zenbateraino sartu dira esku hartze sozialean?

Sartzen ari direla esan daiteke, bai esku hartze sozialean, bai beste alor batzuetan, eta prozesu motela da. Baina garrantzitsua da alorrean ari diren profesionalak duen garrantziaz jabetuta aritzea.

Bioetikak pazienteen autonomia errespetatze aldera ezarritako irizpideetatik ikas daiteke alor honetan aurrera egiteko?

Bai, esku hartze sozialeko etika, hain zuzen ere, bioetikaren atal bat da, haren ikuspegirik zabalenean. Egia da bioetikak erietxeetako jardunbidean izan zuela ernamuina, eta alor klinikoan garatu dela, batez ere; baina bi etikek dute helburu gizakien ongizatea, eta lotzeko erakoak dira. Finean, denok gara kalteberak. Kontua da pertsona bakoitzaren kasuan ahalik eta autonomia mailarik handiena sustatzea, bere bizitza gobernatzeko ahalmena izan dezan. Esku hartze sozialak usu autonomia maila urridun pertsonak artatzen ditu, baina sarri ez da, berez, autonomiarik ez dutelako; ukatu egin zaielako baizik, gizarteak ez dielako justiziaz erantzun pertsona horien egoerei. Autonomia hori berreskuratzea edo sustatzea da esku hartze sozialaren helburua, pertsona bakoitzak bere bizitza plana gara dezan.

Baimen informatuak zer zentzu du prozesu horietan? Zein etsenplu mota ipin daitezke?

Esku hartze sozialean baimen informatua ezartzeak esan nahiko du errespetatuko dela artatzen diren pertsonek erabakiak hartzeko duten autonomia. Esaterako, pertsona bati, une jakin batean, ospitaleratze bat aholka dakioke, edo tratamendu bat... Baina erabiltzaileak zer nahi duen aintzat hartu behar da. Esan dezake, esaterako, badakiela beretzat egokia izan daitekeela tratamendu hori, baina une honetan ez duela nahi. Adibidez, aintzat hartu behar da baita bere egoerari buruzko informazioa familiak jakitea nahi duen ere. Dialogo bat sortu behar da horretarako erabiltzailearen eta profesionalaren artean, eta azken hitza erabiltzaileak izan behar du; hain zuzen ere, zer esku hartze mota nahi duen ebatzi behar du.

Mugak egongo dira, noski.

Jakina, alor guztietan. Esaterako, erabiltzaile batek ezin dio eskatu profesionalari kontraindikatutako zerbait egiteko, edo bere jardunaz haragoko zerbait. Zenbaitetan informazioarekin lotuta ere mugak jarri behar dira; gerta daiteke, esaterako, informazio bat izatea, baina ikustea hobe dela hori apurka-apurka ematea.

Gizarte zerbitzuak ikuspegi paternalista bati lotuta egon dira orain gutxira arte, erabiltzaileen autonomia onartzetik urrun. Ikuskera horren zein aztarna geratzen dira oraindik agerian?

Badira aztarnak. Baina, oro har, esango nuke gizarte zerbitzuetan urriagoak direla osasun arretan baino; profesionalen sentiberatasuna, erabiltzaileengana hurbiltzeko gaitasuna, handiagoa dela esango nuke; gehiago jotzen da erabiltzaileen duintasuna eta autonomia aintzakotzat hartzera.

Esku hartze sozialaren premian daude, esaterako, mendekotasun fisiko edo kognitibo larriakdituztenak, eta egoera ekonomiko larrietan daudenak. Arras egoera ezberdinak dira, ordea...

Bai. Esku hartze sozialak oso eremu zabala hartzen du. Betiere, herritar aktiboak izan behar du helburu, autonomoak. Batek lana lortzeko laguntza beharko du; besteak, atzerritartasunak dakartzan arazoekin laguntzeko; hirugarrenak, mendekotasunentzako. Baina, argi izan behar da irtenbideak ez duela erdibidekoa izan behar: osoa baizik.

Baina ez da gauza bera esku hartze soziala behar izatea mendekotasun bat izateagatik, edo toki pobre batean jaioa izateagatik, ezta? Alde handia dago...

Bai, sarri askotan ez da autonomia arazo bat; berdintasun arazo bat da. Ez dago autonomiari buruzko gogoeta egokirik ez bada aurrez justiziaz gogoeta egiten; autonomia justiziari loturiko arazo bat da. Baliabiderik ez duen pertsona bat autonomoa da, jakina, baina ez du aukerak egiteko modu egokirik. Ingurumaria aldatzen bada, ordea, aukerak eskura ipintzen badizkiogu, hautatzeko moduan izango da.

Adibidez, zein praktika egoki daude indarrean gaitasunak urrituak dituzten pertsonen autonomia sustatzera bideratuta?

Hortxe ditugu, esate baterako, unibertsitatetako ikasgeletara laguntzaile batekin heltzen diren ikusmen urriko pertsonak, edo zailtasun kognitiboak dituztenak... Integrazio adibideak dira. Ikasle bat gehiago dira, beren ezaugarri bereziak dituztenak.

Gizartearen zahartzeak ekarriko dituen arazoei so, egokia litzateke aurretiazko borondateez mintzatzen hastea osasun ikuspegi batetik harago ere?

Bizitzaren amaiera ez da heriotzaren atariko unea bakarrik; kasu askotan aurretik hainbat urte egongo dira gure zaintzari buruzko hainbat erabaki hartzea eskatuko dutenak; esaterako, gaitz neurodegeneratibo bat badugu zaharrentzako egoitza batean egotea nahi dugun, edo familiarekin. Eta gai horien inguruan planak egiteko era badago: era formal batean, esku hartze sozialeko profesionalekin; edo informalean, gure etxekoekin. Gero eta gehiago hitz egingo da gai horien inguruan. Oraindik gutxi hitz egiten da, heriotza gai desatsegina delako; ondo gauden neurrian, autonomia maila egoki bat badugu, ez dagokigula iruditzen zaigu. Baina, hainbat erabakiren aurreko larrimina saihesteko, garrantzitsua da planak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.