Emakumeen aurkako indarkeria

Autopsiek baieztatu dute genero indarkeria izan zela Urruñako hilketa

Aurten genero indarkeriaren ondorioz Euskal Herrian hildako laugarren emakumea da Carlotta Ortuzar

Aitor Renteria.
2008ko irailaren 4a
12:20
Entzun

Astearte gauean autopsia egin zieten Urruñan (Lapurdi) hilik atzemandako senar-emazteei. Autopsiak Baionako prokuradoreak iragarritako hipotesia baieztatu du, bere buruaz beste egin aitzin, Jon Ortuzarrek Carlotta Ortuzar hil zuela, alegia. Bertze elementu batek indartzen du prokuradorearen ikuspegia. Hil aitzin, gizonak gutun bat idatzi zuen. Gaztelaniaz idatzitako gutunean, gizonak barkamena eskatzen zion familiari egindakoagatik.

Elementu horietan oinarriturik, jazoeraren muinean genero indarkeria dagoela jakinarazi du prokuradoreak. Ikerketak segituko duela gaineratu du, elementu guztien erantzuna ukan arte. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Poliziak hartu zuen ikerketaren erantzukizuna.

Ortuzar senar-emazteek nazionalitate bikoitza zeukaten,Erresuma Batukoa eta Espainiakoa. Madrilen bizi ziren baina usu egoten ziren Urruñako Notre Dame de Sokorri karrikan zeukaten udako etxebizitzan, Xandiru Baita izenekoan. Etxea herriko parte zaharretik hurbil dago, karrika nagusitik 500 metrora. Astearte goizean etxea garbitzen zuen pertzonak atzeman zituen hilik senar-emazteak. 60 urteko emaztea ganberan zegoen, eta gizona, berriz, etxeko igerilekuan, zama bati atxikita. Azpiko jantziak baino ez zituen soinean, eta antza pisua atxiki zuen igerilekura bota ondoren, gibelera egitea ekiditeko. Autopsiak argitu duenez, uretan itorik hil zen, emaztea hil ondoren. Gizonezkoak 76 urte zituen.

Emazteari egindako autopsiak erakutsi duenez, gizonak ito egin zuen emaztea, estrangulatu. Prokuradoreak jakitera eman zuenez, zauriak zituen aurpegian. Gorpua atzeman zuen emazteak adierazi zuen kolpe ugari zituela eta odol asko zeukala hilotzak inguruan.

Heriotzen berria zalu hedatu zen Urruñan. Jendeari sinesgaitza egin zitzaion eta nehor ez zen menturatzen hipotesi bat edo bertze baieztatzera. Berriak harritu zuela adierazi zuen Odile de Coral Urruñako auzapezak. «Bikotea biziki ezaguna zen Urruñan, etxea erosi baitzuten gerra ondoren eta usu jiten baitziren herrira».

Auzapezak adierazi zuen bikoteak ez zuela haurrik, baina harreman sendoak zituztela herritarrekin eta Luis Ortuzarren familiarekin. Azken hau hildako gizonaren anaia da eta Urruñan bizi da.Erretreta hartu zutenetik, Jon eta Carlotta Ortuzarrek gero eta egonaldi luzeagoak egin zituzten Urruñan. Familiak atzerriko bidea hartu zuen 1936ko gerraren ondoren, Jon Ortuzarren aita EAJko militante ezaguna baitzen.

Hildako laugarren andrea

Carlotta Ortuzar Euskal Herrian aurten genero indarkeriak hildako laugarren emakumea da. Lehena, urtarrilean Tatiele de Sousa izan zen, Iruñean. Atzetik, Nagore Laffage eta Estibalitz Angulo hil zituzten, lehena Orondritzen (Nafarroa) agertu zen eta bigarrena Mañuetan (Araba).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.