Jean Jacques Lasserre. Departamenduko burua

«Auzapez andana bat dudan da»

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Jean-Jacques Lasserre zentrista (Modem) berriki arte Hautetsien Kontseiluko buru zen. Buru zela eskatu zieten herriarteko lankidetzako erakunde publiko bakarraren ikerketa lurralde elkargoaren aukera ikertu zuten berei. Arte horretan, Hautetsien Kontseiluko buruzagitza utzi du, eta Departamenduko buru hautatu dute. Hautetsien Kontseiluak egitura bakarraren ikerketa barnatzea bozkatu zuela joan den astean, Lasserrek (1947, Bidaxune) ez zuen bozketan parte hartu nahi izan. Juristek egin lanaren konklusioak ez zaizkio onargarriak: «gobernatzeko formula, aurkeztu soluzioak, ez dira seriosak Euskal Herriarentzat». Behin eta berriz errepikatu du prefetak bilatzen duena «Euskal Herria engainatzea» dela.

Lurralde elkargotik gehien hurbiltzen den egitura hirialde elkargoa dela argitzen du ikerketak; zu lurralde elkargoaren alde izanki, orain zergatik ukatzen duzu hirialde elkargoa?

Horrek dakar nahasmena. Horretan dira jendeak nahasten. Ez da lurralde elkargotik hurbil. Lurralde elkargoak anitzez botere gehiago du zerga sistema eta eskumenen aldetik. Ez da egia erratea hirialde elkargoan eskumenak automatikoki bilduko direla.

Eskumen eta zerga sistema aldetik aukera gutxien dituen egituraketa ikertzea eskatu dute lau auzapezek, eta horrekin ados agertu zara; baina Hautetsien Kontseiluko buru zinelarik baztertu ziren aukera horiek.

Aukera federala aipatua izan zen, baina ez zen ikertu.

Zergatik ez zenuten ikerrarazi?

Eskatu nuen, baina gehiengoak erabaki zuen formula hori baztertzea. Ez da behin ere erabat baztertua izan, haatik. Formula konplexuena ikertzea erabaki zen. Formula hau biziki errazki abian jarri daiteke.

Frantziako lurralde antolaketaren lege bozketan, zergatik ez zenuen Ipar Euskal Herriari zuzendu lege proposamen zehatzik egin senatari gisa?

Adituek ez nautelako elikatu. Kontu konplexuak dira. Eta nik, Modem alderdiko senatari gisa ,ez neukan parlamentari sozialistek daukaten bezainbat indar. Garaian, ez zen eskuina gehiengoan.

Herriarteko egitura eta departamenduaren artean lehia sortu daitekeela pentsatzen duzu?

Hori erratea erridikulua da. Ez du deus ikustekorik. Departamenduak bere eskumenak atxiki ditzan borrokatzen ari naiz. Eta atxikiko ditu. Ez da konkurrentziarik. Departamenduak sozial arloko eskumenak ditu. Herriarteko egiturak ez. Ez du nehoiz lortuko departamenduak daukan zerga sistema.

Zer da zure iduriko egituraketa egokiena?

Araua da, niretzat, aitzinamendu bakoitza adostasunezkoa eta partekatua izatea, eraikia. Eta, beraz, baliteke elkarte egitura batetatik sindikatu integratuaren estatutu batetara iragatea izatea egokiena, egiazko eskumen batzuekin. Kasu honetan, badakit denak ados liratekeela. Aldiz, hor, indarrez pasarazi nahi den proiektu batean gaude. Auzapez andana bat dudan da.

Dudan diren horiei erakutsi nahi diezu beste bide bat posible dela?

Eta zergatik ez? Eta zergatik krimen bat litzateke horren aipatzea? Zertan litzateke anbizio eskasa? Aitzinatzeko aukera ematen duena da anbizio ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.