Presoak

Auzi-medikua iritsi zenean Anguloren gorpua ohe gainean zegoen, ez leihotik zintzilik

Atzo Cuencako (Gaztela, Espainia) espetxean hilotz agertutako Igor Angulo ETAko presoak bere buruaz beste egin zuenik ez duela sinesten berretsi du gaur haren familiak. Batetik espetxeko aktak berak dioenez auzi-medikua iritsi zenean Igor Anguloren gorpua literan ezarria zegoen. Bestetik, Angulok ez zuen eskuetan zeraman lokarria izateko baimenik. Galdera horien guztien erantzuna nahi du familia. Gainera, herenegun, hil bezperan, Angulo neska-lagunarekin telefonoz mintzatu zela agertu du familiak, eta "animoso" topatu zuela. Autopsia egiten ari zaizkio Anguloren gorpuari, familiaren konfiantzako mediku bat bertan dela.

2006ko otsailaren 28a
16:18
Entzun
Hildako presoaren senide eta hurbilekoek ez dute sinesten bere burua urkatu zuenik; ezta Etxerat eta Askatasuna erakundeek ere. Gainera, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak emandako azalpenak zalantzan jartzen dituzten gero eta zantzu nabarmenagoak daudela agertu dute.

Batetik,Anguloren heriotza egiaztatzen duen akta judizialean auzi-medikua iritsi zenean presoaren gorpua literan zegoela jasotzen da. Espetxeko zaindariek,berriz, Angulo urkatuta zintzilik aurkitu zutela dio kartzela agintaritzak. Beraz, auzi-medikua iritsi baino lehen gorpua mugitu egin zutela, eta, beraz, kartzela arduradunen azalpenak zalantzagarriak direla iritzi diote Askatasunak eta Etxeratek. "Igor Anguloren gorpua bere ziegan beheko literan zegoen etzanda eta ez zintzilik lehen informazietan zabaldu bezala. Epaitegitik joan zirenak iritsi aurretik Igor Anguloren gorpua mugitua zegoen eta literan ezarria", salatu du Juan Mari Olanok.

Suizidioaren hipotesia bazter dezakeen beste zantzu bat ere nabarmendu dute Anguloren ingurukoek: espetxearen arabera, eskuturrekoak egiteko larruzko listariak erabili zituen presoak bere burua urkatzeko. Goioaga abokatuak, ordea, Angulok ez zuela halako lokarririk ziegan izateko baimenik azpimarratu du.

Horrez gain, azken orduetan hildako presoarekin aurrez aurre zein telefonoz egon zirenek "animoso" eta etorkizuneko planak egiteko gogoz ikusi zutela diote. Esate baterako, hil bezperan, neskalagunarekin mintzatu zen telefonoz, eta bien semeari buruz, laster zuten bisean biserako bisitaren inguruan, eta "etorkizuneko planak" egiten aritu zirela agertu du Goioaga abokatuak.Horregatik guztiagatik, familiak erabat baztertu du suizidioaren aukera.

Atxilotuak epailearen aurrean

Euskal Herriko hainbat herritan elkarretaratzeak egin ziren atzo Igor Anguloren heriotza salatzeko. Heriotzaren aurka protesta eginez atzo Donostian izan ziren liskarretan hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak eta hirurak epailearen aginduetara jarri dituzte.

Gaur, zortzietan, Anguloren heriotza salatzeko protesta ekitaldia egingo da Santzurtzin (Bizkaia), haren jaioterrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.