Auzi politikoak amaitzeko eskatu dute eragile ugarik

Ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko, ABko, LABeko eta ELAko ordezkariek babesa agertu diete auzipetuei, MadrilenEpaiketa Euskal Herrian ireki den aro politiko berriaren aurka doala salatu dute

Erredakzioa
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketak «asmo politiko argia» dauka; hala salatu dute atzoko auzi saioa jarraitzeko Euskal Herritik Madrilera joandako eragileen ordezkariek. Euskal Herrian irekitzen ari den aro politiko berria dela-eta, gisa horretako auziak desagertuko diren itxaropena agertu dute.

Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Miren Legorburu eta Niko Moreno Madrilen izan ziren atzo. EAtik Pello Urizar idazkari nagusia, Aralarretik Jon Abril koordinatzaileordea, Alternatibatik Oskar Matute eta ABtik Mertxe Colina; haiekin batera ELA eta LABeko kideak zeuden. Auzi saiora joan ziren ordezkarien artetik, hasieran Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari eta sindikatuko prentsa arduradunari baino ez zieten utzi auzitegira sartzen. Geroago sartu ziren ezker abertzaleko Etxeberria eta Legorburu.

Epaiketa hasi baino lehen eginzituzten adierazpenak auzipetuak babestera joandako eragileek. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak salatu zuen Otegi, Permach eta Alvarezen aurkako auzia «bidegabea» dela. Haren iritzian, «bake eta normalizazio prozesu bat sustatzearen alde lan egindako pertsonak» epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzia egungo testuingurura ekarriz, EAko buruzagiak adierazi zuen ezker abertzaleko hiru kideen aurkako epaiketak «abian den bake prozesua blokeatzeko eta trabatzeko» asmoa duela. Horiek hala, eragile eta instituzio guztiei eskatu zien arduraz jokatzeko.

Miren Legorburu ezker abertzaleko hautetsiak, berriz, Auzitegi Nazionalaren izaera «antidemokratikoa eta frankista» salatu zuen. Urizarrek bezala, Legorburuk adierazi zuen «bake proposamen» bat egiteagatik epaitzen ari direla Otegi, Permach eta Alvarez. Proposamen horrek Euskal Herriko eragile guztien onespena jaso zuela gogoratu zuen. Horren harira, Anoetakoa «gatazka konpontzeko indarrean jarraitzen duen proposamena» dela adierazi zuen. «Proposamen horretan oinarrituta, garai berri bat ireki da», nabarmendu zuen.

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak, berriz, «epaiketa ezertan gera dadin» eskatu zuen. «Justizia egingo den esperantza daukat. Politika egitea eta bakerako bideak bilatzea ezin da delitu izan herri honetan». Lan politikoa egiteagatik espetxeratutako beste herritarrak izan zituen gogoan Abrilek. «Halako auzi politikoak desagertuko diren itxaropena daukagu», adierazi zuen.

Mertxe Colinak AB Abertzaleen Batasuneko kideak ere auzipetuen lana goraipatu eta Espainiako Justizia kritikatu zuen. «Justiziak bakea espetxeratu nahi al du?», galdetu zuen.

Eragile guztien ahotan izan zen, halaber, lekuko gisa gaur deklaratuko duen Jesus Egiguren PSE-EEren presidentea. «Espero dugu Egigurenek bihar bere deklarazioan egia osoa eta ezker abertzalearen apustua zintzoa dela esatea», esan zuen Legorburuk. Antzeko adierazpenak egin zituen Abrilek. «Egigurenen testigantza prozesua babesteko izan dadila espero dugu».

Inmaculada Castilla de Cortazar Ermuko Foroko kideak, berriz, Egiguren deklaratzera deitu izana kritikatu zuen. «Oso adierazgarria da defentsak lekuko gisa deitzea, Anoetako ekitaldia Espainiako Gobernuarekin hitzartuta zegoela argudiatuz. Oso larria da azken hori. Aurreko legealdiko negoziazioaren luzapena ari gara bizitzen», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.