Irabazten ari dira: kalea, herritarren babesa, erakundeena. Pixkanaka. Ekinaren ekinez. Gero eta handiagoa da Irungo alarde parekidea. Jendeari dagokionez: antolatzaileen arabera, 2.300 pertsona inguru atera dira. Eta babesari dagokionez: udal talde guztiek egin diote oles, baita, besteak beste, Cristina Laborda (PSE-EE) alkateak ere —emakumeak onartzen ez dituen alarde baztertzailea ere hartu du—, eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta jarduneko EAEko Ararteko Ines Ibañez de Maeztuk ere bai.
09:00etarako jendetza ari zen biltzen Urdanibia plazan: txistua eskuan batzuk, danborra soinean besteak, hatxeroak ere bai… Gainera, beste konpainia bat ere atera da aurten, hamahirugarrena: Meaka. Nagore Olaskoaga da kapitaina. «Oso hunkituta eta pozik» zegoen desfilea hasterako: «Urte asko generamatzan esperoan; auzoko jende guztiaren ahotan zebilen gure konpainia osatzeko gogoa, baina aurten arte ez da iritsi garai hori. Aurten, jende pila elkartu gara; oso pozik gaude, 250 pertsonak baino gehiagok osatu dugulako konpainia berri hau». Pozik, baina udalaren arduraz ahaztu gabe: «Udalak beste pausorik ematen ez duen bitartean, guk gure lana egiten jarraitu behar dugu, eta beste konpainia bat sortzea oso berri ona da».
Zaldi gainean dago desfilatzeko zain Patricia Dominguez infanteriako laguntzailea. Alarde parekideak eman dio festa barrutik bizitzeko aukera: «Emakume bezala barrutik bizitzeko aukera edukitzea ikaragarria da. Gure etxean beste era bateko alardea bizi izan da betidanik, baina inoiz ez da berandu erabaki bat hartzeko, ausarta izateko eta bakoitzak nahi duenaren alde borroka egiteko». Nahi duen orori parte hartzeko deia egin dio: «Denak animatzen ditut probatzera, ez baitira damutuko».
Alarde parekidea da emakumeei soldadu gisa ateratzeko atea irekitzen dien bakarra. Baina gizonei ere zabaltzen dizkie ateak, Asier Gomezi esaterako. Artillerian atera da kantinera: «Baztertzaileak direnez, ni ezin naiz bestean kantinera atera, neskek ezin dutelako atera soldadu, ezta mutilek kantinera ere». Berak parekidearen aldeko apustua egiten du: «Hurrengo urtean, adibidez, soldadu aterako naiz nire lagunekin, neskekin eta mutilekin, berdintasunean». Alarde mistoa gero eta handiagoa da. Gero eta jende gehiagok parte hartzen du, eta ilaretan gazte pila bat ikusten dira, tartean Ainhoa Aranburu eta Josu Aranburu. «Ondo pasatzeko, lagun berriak egiteko eta berdintasuna sustatzeko» atera dira desfilean: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu berdintasuna sustatzea».

Normaltasun irudia izan da nagusi. 10:20an egin dute abiatzea, eta, hortik aurrera, alarde parekideak kaleak hartu ditu. Erruz egin diote txalo ertzetatik, eta apenas egon den bizkarra eman dionik-edo: San Juan plaza, Kale Nagusia… Denean jendearen babesa. Maite Bergara jeneralak ere horixe bera nabarmendu du: «Oso pozik gaude, nahiz eta izugarrizko beroa egin —alde horretatik, egun gogorra izan da—; handitzen ari gara, konpainia bat gehiago, eta esan didate 2.300 lagun gaudela».
«Hau ez da irtenbidea, ez da; konponbidea da udalak antolatzea alardea, eta zein alarde izan behar du? Guztion alardea, emakumeak eta gizonak egongo direna»
MAITE BERGARAIrungo alarde parekideko jenerala
Normaltasun irudia bai, baina oraindik normaltasunik ez da Irunen. Alarde baztertzailean ere milaka gizon ateratzen dira, eta ukatu egiten diete emakumeei soldadu ateratzea, emakume izate hutsagatik. Auzia betikotu ez dadin, aurten ere, alarde publiko, parekide eta bakarra eskatu du Bergarak: «Ez dugu lortzen udalaren baietza, ez dira ausartzen; ez dakit noiz arte itxaron nahi duten, baina hau larria da: bi alarde egonda, giroa kutsatzen da, eta, batzuetan, ez da erabat atsegina». Bi alarde egotea ez baita konponbidea: «Hau ez da irtenbidea, ez da; konponbidea da udalak antolatzea alardea, eta zein alarde izan behar du? Guztion alardea, emakumeak eta gizonak egongo direna».
Udaletxea, hotz
Gaur beroak Irungo bazter guztiak hartu dituen arren, ez da epeltasun handirik egon udaletxearen areto nagusian. Ez termometroan ez jarreretan. Balkoien atalaiatik erreparatu diote erakundeetako ordezkariek alardeen desfileari. Udal ordezkariak eta beste erakundeetakoak izan dira, batzuk erdiko balkoian, beste batzuk eskuinekoan. Hitz gutxi trukatu dituzte. Cristina Laborda alkatea bigarren urtez atera da balkoira alarde parekidea agurtzera. Jose Antonio Santanok egin zuen lehen aldiz keinu hori, 2023an. Irungo alkateek 27 urtez uko egin diote emakume irundarren parte hartzea bermatzen duen alardeari harrera egiteari.
Irunen alarde bakar bat egoteko aukerari buruz galdetuta, adierazpen motzak egin ditu alkateak: «Alardea bizitzeko bi modu daude Irunen, eta biak dira legezkoak». Labordak dei egin die irundarrei jaiaz goza dezaten «elkarbizitzan eta errespetuz». Horrela itxi dio atea gatazkari.
Sinbolikoa, baina ez nahikoa
2023an Santanok hasitako bidea sinbolikoa dela aitortu dute gehienek, baina erantsi dute ez dela inondik inora nahikoa. Irungo EH Bilduko zinegotzi Oihana Brionesen ustez, berdintasunarekin konpromiso serioagoa hartu beharko luke udalak: «Berdintasuna jokoan dagoenean, erakundeek ezin dituzte erantzun lausoak eman. Udalak herriari erakutsi behar dio berdintasunarekin konpromiso sendoa duela».
Udal gobernuak alardeari harrera «gogo txarrez» egiten diola uste du Brionesek, eta horren adibide bat eman du: alarde parekidea San Juan plazara bertaratu denean, herriko bandera eman diote Bidasoa konpainiaren ordezkariari. Nork eta EH Bilduko Ane Unanuek. Eta beste urte batzuetan Elkarrekin udal taldeak eman dio; inoiz ez alkateak, herriaren ordezkari gorenak, ekitaldi instituzionaletan ohikoa den moduan.
Iritzi berekoa da Miren Etxebeste, Elkarrekin koalizioko ordezkaria Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Duela hiru urte Santanok aitortu behar izan zuen alarde parekidea existitzen zela, baina ordutik ez dira mugitu», salatu du. Etxebestek kezkaz ikusten du udal gobernuak emakumeak baztertzen dituen alardearekin duen harreman estua.
Gogorarazi duenez, Irunen berdintasun arazo bat dute, eta PSEk eta EAJk osatutako udal gobernuak, «lidergoari eutsi beharrean, beste alde batera begiratzen du». Haren hitzetan, herriaren borondateari heldu beharrean, «udalak nahiago du Irungo patriarkatuari men egin».
Aldaketak, denboraren mende
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere izan da Irunen. Udal gobernuari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetako diputatu Maite Peña, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari Ion Ganbra eta Nerea Isasi Berdintasun foru zuzendaria izan dira udaletxean. Isasik hitz egin du gaurko desfileari buruz: «Berdintasuna lortzeko falta da oraindik, baina berdintasuneranzko pausoak eman dira, eta ontzat jotzen ditugu». Foru aldundiaren ordezkariaren esanetan, «aurrera joan gara, emakumeek alarde mistoan parte har dezaketelako». Haren iritziz, «ideala izango litzateke alarde bakarra izatea, baina ulertzen dut tradizioak bere denborak dituela eta horiek aldatzea kosta egiten dela; beraz, denbora eman behar da, eta espero dut denborarekin gauzak aldatuko direla». Foru aldundiak alarde parekidea modu zuzenean babesten duela gogorarazi du, hitzarmen baten bidez.
Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideak ere babesa erakutsi die alarde parekidean parte hartu dutenei. Pozik azaldu da urtez urte plaza beteago dagoela ikusita. Hala ere, esan duenez, aldarrikapen bat ere ekarri dute, «alarde bakarraren eta parekidearen aldarria». Iriarteren ustez, «ez da bidezkoa naturalizatzea bi alarde egotea». Haren esanetan, «berdintasuna eskubidea da, eta ezin da hori ez errespetatzea justifikatu sentsibilitate desberdinak daudela argudiatuz».
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere udaletxean izan da desfilea ikusten. Alarde parekideari babesa ematera joan da Irunera. Haren ustez, Irungo Udalak aurrerapausoak eman ditu, eta hori baliatu nahi du berdintasunaren aldeko pauso gehiago emateko, «elkarrizketaren, akordioaren eta kolaborazioaren bidez». Bide horretan laguntzeko prest azaldu da Elgarresta. Eman beharreko pauso horiek, justizia soziala lortzeko ezinbestekoak izateaz gain, irundarrek ontzat joko lituzketela uste du Emakundeko zuzendariak.
Halaber, jardunean dagoen Arartekoak, Ines Ibañez de Maeztuk, babesa eman dio Irungo alarde parekideari. Irmo azaldu da: «Emakumeei ezin zaie ukatu edozein esparrutan parte hartzea eta protagonistak izatea, inolako salbuespenik gabe». Eta jaietan ere ez, tradizioak tradizio.