Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Pello Zubiria eta horien abokatuak talde parlamentarioetako ordezkariekin bildu dira Espainiako Kongresuko areto batean.Egunkaria auziari buruzko informazioa eman diete, eta, halaber, haien galderak erantzun dituzte.
EAJko Margarita Uria, Aitor Esteban eta Iñaki Txueka, EAko Begoña Lasagabaster, Nafarroa Baiko Uxue Barkos, CIUko Josep Maria Guinart eta Carles Campuzano, ERCko Joan Puig, ICVko Joan Herrera, Coalicion Canariako Roman Rodriguez eta BNGko Olaia Fernandez diputatuek parte hartu dute bileran.
Xabier Oleaga 'Egunkaria'-ko zuzendariorde ohiak eman dizkie kasuari buruzko azalpen orokorrak, eta Iñigo Iruin, Carmen Lamarka eta Jose Maria Elosua abokatuek, berriz, auziaren nondik norakoei buruzko zehaztapenak.
Hain zuzen ere, diputatuekin bilera egin ondoren, prentsaurrekoa eman dute Zubiria ez beste auzipetu guztiek eta hiru abokatuek. Agerraldi horretan azaldu dutenez, 'Egunkaria auzia'-ren zentzugabekeria eta sumarioaren oinarri juridiko falta adierazi nahi izan diete diputatuei. Iñigo Iruin abokatuak esan du froga barik susmoetan oinarrituta eraiki duela Del Olmo epaileak auzi guztia. Bide beretik, Elosuak agerian utzi du ETAren eta Egunkaria -ren artean lotura ekonomikoa zegoela baieztatuz abiatu zela auzia, eta 70.000 folioko instrukzioa egin ondoren tesi hori frogatzen duen inolako zantzurik agertu ez denez, inputazio ideologikoetara jo duela orain epaileak. Txema Auzmendiri akusazioa egiteko erabiltzen den argudioa guztiz argigarria dela iritzi dio: atxilotuta zegoela, Guardia Zibilaren galdeketetan, ETAri "erakunde terrorista" barik "erakunde armatua" esaten ziola arrazoitu du Del Olmok Auzmendi ETAren hurbilekoa dela baieztatzeko.
PP eta PSOErekin harremanak lantzen jarraitzeko prest
Oleagak, berriz, azaldu du diputatuei eskatu dietela azkenaldian Espaniako Estatuan izan diren eskubide murrizketen aurka neurriak hartzeko: adierazpen askatasuna bermatzeko eta torturaren aurkako neurriak hartzeko.
Gaurko bileran ez da PPko etaPSOEko diputaturik izan, baina Martxelo Otamendi auzipetu eta 'Berria'-ko zuzendariak jakinarazi du talde horietako diputatu batzuekin harreman informalak izan dituztela. Gainera, etorkizunera begira harreman horiek lantzen jarraitzeko asmoa dutela esan du, nahiz eta zaila izango dela onartu duen. Nolanahi ere, PSOErekin hasieratik izan dituztela harremanak zehaztu du, baina sozialistek harreman bilateralak eta jendaurrera eraman gabekoak nahi dituztela, eta eurak hori errespetatzeko prest daudela.
Auzitegi Nazionalera, bihar
Bihar, goizeko 10:00etan egon behar dute Egunkaria auzian auzipetutako lagunek Espainiako Auzitegi Nazionalean, auzipetze autoa jasotzeko. Euskal alderdi eta eragileen ordezkaritza zabal batek lagunduta joango dira auzipetuak bertara.
Halaber, Egunkariaren Alde Kultur Taldeak antolatuta, elkarretaratzea izango da bihar Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Egunkaria aurrera, epaiketarik ez lelopean. Egunkaria auziaren inguruan Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak hartutako neurriak salatu eta epaiketa ez egiteko eskatuko da elkarretaratzean. Lelo eta xede berarekin, beste elkarretaratze batera deitu dute astelehenerako, Durangoko Azokaren alboko plazan, 12:00etan. Abenduaren 6an kaleratu zen Egunkaria-ren lehen alea, 1990ean, eta astelehenean urteurrena izango da.
'egunkaria auzia'
Auziak ez duela oinarri juridikorik agertu dute 'Egunkaria'-ko auzipetuek Espainiako Kongresuan
Espainiako Kongresuko hainbat talde parlamentariotako ordezkariekin bilera egin dute 'Egunkaria auziko' auzipetuek, Madrilen, Kongresuan. Zehazki, EAJ, EA, Nafarroa Bai, CIU, ERC, ICV, BNG eta Coalicion Canariako diputatuekin bildu dira. 'Egunkaria'-ren kontrako operazioari zein auzibideari buruzko xehetasunak eman dizkiete, eta batere oinarri juridikorik gabeko auzia dela agertu diete. Diputatuek interesez jarraitu dute agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu