Auziaren hotza, herriaren beroa

'Egunkaria auziaren' aurka Bilboko kaleetan eginiko manifestazioak politikari, eragile eta herritarren babes zabala jaso du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2009ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Milaka eta milaka lagunen berotasuna jaso zuten Egunkaria-ko auzipetuek atzo Bilbon. Milaka herritarrek zein alderdi politiko, instituzio, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek adierazi zieten babesa auzipetuei, Egunkaria libre! pankartaren atzean ia ordubeteko ibilbidea eginez elkarrekin. Hotz egiten zuen atzo. Duela zazpi urte, guardia zibilek Euskaldunon Egunkaria itxi eta atxilotuta Madrilgo Tres Cantos kuartelera eraman zituztenean ere, «hotz handia» zela gogoratu du Joan Mari Torrealdai auzipetuak, manifestazioaren amaieran hitza hartu duenean. «Hotza egiten zuen bakarturik, ostikoka eta irainka ibili gintuzten leize-zulo ilun hartan». Baina duela zazpi urte Euskal Herritik beroa jaso zuten bezala, berotasuna topatu zuten atzo ere Bilbon.

Eskerrak eman zituen horregatik Torrealdaik, auzipetuen izenean: «Zuen guztion berotasunagatik izan ez balitz, euskal gizarte zabal eta askotarikotik, gu geu bezalako herritar arrunten aldetik, erakunde sozialetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, instituzioetatik adierazi zaigun beroagatik izan ez balitz, honezkero gogortuta geundekeen ahanzturaren zoko beltzean».

Hiru lehendakari ohiak

Eta zabala izan zen atzo Bilboko kaleetan bere presentziarekin Egunkaria-ren aurkako auziari desadostasuna erakutsi ziotenen esparrua. Egun Eusko Jaurlaritzako lehendakari dena ez, baina aurretik lehendakari izan diren hirurak egon ziren manifestazioan: Juan Jose Ibarretxe, Jose Antonio Ardanza eta Karlos Garaikoetxea. Miren Azkarate Ibarretxeren gobernuko eleduna eta kultura sailburua ere Bilbon zen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua eta Mikel Arana (EB), Mikel Basabe (Aralar) eta Jesus Mari Larrazabal (EA) legebiltzarkideak ere han izan ziren, besteak beste.

Baita alderdietako ordezkari ugari ere: EAJko Iñigo Urkullu, Belen Greaves, Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar; EAko Pello Urizar eta Nekane Alzelai; ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Rufi Etxeberria eta Julen Aginako; Ezker Batuko Mikel Arana; Alternatiba Eraikitzeneko Oskar Matute, Aralarreko Jon Abril; Nafarroa Baiko Maiorga Ramirez. Abertzaleen Batasuna eta Hamaikabat alderdiek ordezkaritzak bidali zituzten, halaber.

Sindikatuek ere presentzia handia izan zuten Egunkaria auziaren aurkako manifestazioan. ELA, LAB, CCOO, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariak egon ziren. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak ere parte hartu zuen, baita Joxean Lizarribar EKTko administrazio kontseiluko lehendakariak eta Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konferedazioko lehendakariak, eta Joan Mari Irigoien, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe eta Hasier Etxeberria idazleek, eta Maialen Lujanbio bertsolariak ere, besteak beste.

Halaber, euskalgintzan diharduten pertsona asko egon ziren Bilboko kaleetan Egunkaria libre! aldarrikatzen. Izan ere, Torrealdaik manifestazioaren amaieran ohartarazi zuenez, «euskara bera» da duela zazpi urte abiatutako auziarekin erasoa. Eta, hizkuntzarekin batera, euskaldunak; «euskal herritarrari izaera, nortasuna ematen dion euskara».

Hala, euskal nortasunaren alde aritzeagatik, Euskal Herri osoko lehen instituzioa sortzeagatik, laster epaituko dituzten Udalbiltzako auzipetuei babesa adierazi zien Torrealdaik. Udalbiltzakoek, manifestazioan egonda babestu zituzten Egunkaria-koak. Maribi Ugarteburuk eta Joseba Garmendiak zeharkatu zituzten Bilboko kaleak pankartaren atzean, besteak beste.

Hedabide baten itxiera ekarri zuen auziaren aurkako protestara bildu ziren, halaber, kazetaritza munduko hainbat pertsona ospetsu. Bingen Zupiria ETBko zuzendari izandakoak eta Julio Ibarra eta Xabier Usabiaga kazetariek parte hartu zuten manifestazioan, besteak beste. Baita Laura Mintegi Euskal Pen Clubeko lehendakariak ere.

Euskal Herritik kanpoko kazetariek ere izan zuten lekua Bilbon. Berlindik, esaterako, espresuki etorri ziren Alemaniako egunkari bateko ordezkariak, pankarta eta guzti. Manifestazioaren berri emateko, dozenaka kazetari eta kamera pilatu ziren aurrealdean. Euskal Herrikoak gehienak, baina baita nazioartetik etorritako hainbat ere.

'Egunkaria'-ren azken zenbakia

Manifestazioaren burua Zabalburura iristean amaiera ez zen ikusten. Buruan, asteartean Auzitegi Nazionalean epaitzen hasi ziren Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagak eusten zioten Egunkaria libre! leloari, Egunkaria-ren aurkako auzi ekonomikoan egonik aurrerago epaituko dituzten beste auzipetuetako batzuekin batera.

Txalo artean hasi zen manifestazioa Aita Donostia plaza eta Casilla artetik, 17:00etan. Buruak zeraman leloak, Egunkaria aurrera! oihuek eta txaloek zabaldu zuten protesta. Burua Zabalburura iritsi eta argazkiak ateratzeko geldiunea egin zuenean, herritar bat Martxelo Otamendirengana joan, eta Euskaldunon Egunkaria-ren azken zenbakiaren ale bat eman zion. Egunkaria-ren zuzendari zenak hura eskuetan hartu, eta besoa altxata erakutsi zuen, txalo zaparrada bat sorrarazteraino. Pankartarekin batera eskuetan Egunkaria-ren azken zenbakiaren ale hori zeramatela egin zuten ordutik aurrerako ibilbidea Otamendik eta Torrealdaik.

17:55ak zirenean iritsi zen manifestazioaren burua helmugara, Bilboko udaletxearen aurrera. Protestaren amaierak metro gutxi eginak zituen oraindik. Autonomia kalean jarraitzen zuen, jendetzak bidea arinago egitea galarazita.

Protestaren amaiera Zabalburura iristear zegoela, auzipetuek zer espero duten eta zer ezin den itxaron azaldu zuen Torrealdaik udaletxeko eskaileretatik. Zigorrik ez dutela nahi esan zuen.

Zigor pertsonalez gain, EuskaldunonEgunkaria-n aritzeagatik inor zigortzeak ekar ditzakeen ondorioak kezkagarriak liratekeela adierazi du: «Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten». Epaiketa hasia denez, «injustizia eta bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera bakarra» absoluzioa dela ohartarazi du.

Absoluzioa

Hala ere, justiziarik «jada» ezin dela espero azaldu du, absoluzioaz gain «kalteen ordaina eta txikizio honen errudunak akusatuen aulkian zigortzea» eskatuko lukeelako. Hori lortzea gehiegi litzakeelakoan, epaitu guztien absoluzioa eskatu du, hori baino «gutxiago den ezer» ez dutela ontzat emango adierazita.



Auzipetuen adierazpena

Absoluzioa beste biderik ez

Manifestazioaren burua Bilboko udaletxera iritsi zenean, Joan Mari Torrealdaik auzipetuen izenean irakurri zuen adierazpena da honakoa:



Adiskideok, arratsalde on! Eguraldiak eman ez diguna zuek eman diguzue, zuen presentzia erraldoiarekin, zuen beroarekin. Horregatik arratsalde on.

Eskerrik asko, Bilbora etorri zareten guztioi. Eskerrik asko etorri nahi eta ezinean geratu zareten guztioi ere.

Hemen gaude guztiok. Egunkariak biltzen gaitu. Bildu beharra dauka herri honek.

Madrilgo Auzitegi Nazionaletik iritsi berriak gara.

Hotz handia egiten du han. Eta egun hotz honetan, ziur naiz ondo ulertzen duzuela zertaz hitz egiten ari naizen. Manifestazio honetan bildu garen guztiontzat egiten du han hotz handia.

Egunkaria-ko auzipetuokin batera beste hamahiru gazte eta euren lagun zein senitartekoak aurkitu ditugu egunotan Auzitegi Nazionalean, haiek ere epaiketa bati aurre egiteko prest. Hotz bera egiten zuen han denontzat.

Bihoakie gure besarkada. Eta bihoakie bereziki elkartasunezko gure besarkada, laster batean gu bezala epaituko dituzten Udalbiltzako kideei ere.

Adiskideok, hotz handia egiten zuen duela zazpi urte Guardia Zibilak Madrilgo Tres Cantoseko kuartel nagusira eraman gintuztenean. Bide bazterrak elurturik ikusten genituen zirrikituetatik, burumakur, autoetan sartuta abiada bizian eraman gintuztenean. Hotza egiten zuen bakarturik, ostikoka eta irainka ibili gintuzten leize-zulo ilun haietan. Gutariko batzuentzat kartzela ere etorri zen gero.

Hotz handia, zazpi urte hauetakoa.

Zuen guztion berotasunagatik izan ez balitz, euskal gizarte zabal eta askotarikoak, gu geu bezalako herritar arrunten aldetik, erakunde sozialetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, instituzioetatik, adierazi zaigun beroagatik izan ez balitz, behinez gero gogortuta ginen ahanzturaren zoko beltzean.

Ordez, aste honetan bertan burua ondo goian dugula plantatu gara Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

Ez gure gogoz. Duela zazpi urte bezala, gure borondatearen aurka. Baina zuei esker, burua ondo altxata oraingoan.

Eta horrela joan eta itzuliko gara urtarrilean zehar, ezarri diguten egutegiaren arabera. Zuei esker, burua goian dugula.

Mila esker, guztioi, beste behin ere. Mila esker, zelan edo halan babesten gaituzueneuskal herritar guztioi eta bakoitzari. Gure eta gure familien izenean, mila esker Euskal Herria.

Ez gara gu geu batez ere. Jakitun gara, eta horrenbesteko apaltasuna badaukagu. Ongi dakigu euskara bera eta euskaldunok izan ginelako erasoak;munduan euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra izan zelako erasoa; euskal herritarrari izaera, nortasuna, ematen dion euskara, euskal herritarrak maite duen euskara, jipoitu zen unean, esan zuela euskal jendarteak nahikoa da, aski da, duela zazpi urte. Eta orduko moduanorain ere.

Horregatik diogu gaur, ozen, mundu zabalak entzuteko moduan: Egunkaria libre.

Ez dugu nahi gure aurkako zigorrik. Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten.

Absoluzioa da injustizia eta bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera bakarra.

Ez dugu Justiziarik espero, ordea. Jada ez. Justiziak, gure absoluzioaz gain, kalteen ordaina eta txikizio honen errudunak akusatuen aulkian zigortzea eskatuko luke. Ez dugu hori espero. Baina gutariko bakoitza eta guztion absoluzioa baino gutxiago den ezer ez dugu ontzat emango.

Adiskideok, amaitzeko, Egunkaria librea zelako itxi ziguten.

Egunkaria sortzeko libertatea hartu genuelako zigortu gaituzte zazpi urte hauetan.

Ez dadila berriz ere antzeko bidegabekeriarik gerta!

Euskaldunok, euskal herritarrok, libre bizi nahi dugu, Egunkaria libre izango den Euskal Herri librean.

Eskerrik asko, eta aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.