Auzipetuek esan dute estatuak ez duela asmorik gerra tresneria desaktibatzeko

Iragan astean sei urteko espetxe zigorra jasotako gazte nafarrek salatu dute epaia «aurrez idatzita» zegoela

joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Segi eta Ekineko kide izatea egotzita, sei urteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak iragan astean Aritz Azkona, Xabier Sagardoi, Maider Caminos, Luis Goñi eta Mikel Jimenez gazte nafarrei. Jimenez eta Sagardoi egun espetxean daude beste auzi batengatik, baina gainontzekoak kalean daude, Gorenaren epai irmoa etorri zain. Zigorraren erdia betea dute, epaiketa aurretik behin-behineko egoeran hiru urteigaro zutelako kartzelan. Auzi berean errugabetu egin zituzten Noe Lopez, Maitane Intxaurraga, Alberto Lopez eta Amaia Legarra, eta, haiekin batera emandako prentsaurrekoan, estatuak «gerra tresneria desaktibatzeko borondate eskasa» duela gaitzetsi zuten.

«Zertan oinarritu dira zigorrak ezartzeko?», galdetu zuen atzo Legarrak, auzipetu guztien izenean. «Berriz ere argi geratu da sententzia hau aurrez idatzita zegoela. Ez dira kontuan hartu torturapeko deklarazioak aurkeztutako frogak eta epaileak ezarritako protokoloaren arabera polizia egoitzako ziegetan egindako grabaketak», kritikatu zuten ozen. Auzipetuen ustez, «Euskal Herriko jendartean hedatua dagoen gatazka politikoaren erroak gainditzeko nahiaren eta urgentziaren» kontrakoa da epaiaren gogortasuna. Horregatik, bi estatuei eskatu diete «prozesu edo epaiketak berehala eteteko, Auzitegi Nazionalaren pertsianak jaisten hasteko eta prozesua zabaltzeko erabili diren tresneria guztiak baliogabetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.