Auzipetuen xedea politikoa zela berretsi dute perituek

Aurkako froga zehatzik ez dute aurkeztu, eta ondorioztatu dute haien helburua hauteskundeetan parte hartzea zelaDefentsak ez die galderarik egin nahi izan perituei, usteak baino ez dituztelako azaldu

jokin sagarzazu
Madril
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa duela adierazi dute D3M eta Askatasuna auziko hirugarren saioan deklaratu duten perituek, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atzo parte hartu zuten Inteligentzia Zerbitzuko guardia zibilek, hain zuzen, D3Mren logoari buruz eginiko «ikerketa» azaltzen eman zuten denboraren zatirik handiena. «Batasunarekin lotura zuen logoak. Argi zegoen bozetan parte hartzeko Batasunaren beste saio bat zela», ondorioztatu zuten.

Aurreko saioan bezala, atzokoan ere perituek agerian utzi zuten ez dutela froga zehatzik hamahiru auzipetuak ETArekin lotzeko. Fiskaltzaren akusazioak helduleku bakarra dauka. ETAk eta Batasunak estrategia bera partekatzen zutela, eta auzipetuek hori aurrera eramateko ardura hartu zutela, D3M eta Askatasunaren bidez. Akusazioak dio bederatzi auzipetu ETAko kide direla eta beste laurak kolaboratzaileak. Vicente Gonzalez Mota fiskalak aurkeztutako lekuko eta perituek ezin izan dute hori frogatu. Auzipetuei leporatu dieten egitate bakarrak dira, adibidez, agerraldietan parte hartzea, orduan legezkoak ziren alderdientzat lan egitea edota euskal presoekin hitz egitea. Bozetan parte hartzea zen auzipetuen helburua, epaiketaren lehen saioan adierazi zutenez. Eta xede hori berretsi dute perituek ere: «Aztertu ditugun elementu guztiek ondorio batera eraman gaituzte: haien xedea zen nola edo hala parte hartzea».

Atzoko saioak ordubete inguru iraun zuen, eta fiskalak proposatutako froga perizialekin jarraitu zuten. Poliziek beraiek egindako txostenak berretsi zituzten, eta defentsak galderak egiteari uko egin zion, akusazioen oinarrian dauden txostenen egileak direlako peritu horiek, eta, beraz, objektibotasunik ez dutelako. Hain justu, D3M eta Askatasuna legez kanporatzeko prozesuan Auzitegi Goreneko Fiskaltzak erabili zituen txostenen egileak dira atzo deklaratu zuten lehenengoak. Euren tesiaren oinarri dira 2008an ustezko ETAko kide batzuei atzemandako agiri bat eta Batasunaren 2008-2009ko lan ildoa zehazten duen beste bat. Auzipetuen kasuan, berriz,poliziek diote euren «adierazpen eta jokaerek» agerian uzten dutela ETA eta Batasunaren esanetara aritu zirela. Eta ideia horri tiraka jarraitu zuten atzoko saioan ere, beste elementu batzuk aztertzen.

Hala, ardatz gisa hartu zuten Batasunaren agiriko logoa (barruan aurpegi irribarretsu bat duen Euskal Herriko mapa gorri bat). Agirian ez ezik logo hori 2008ko urriaren 25ean ezker abertzaleak Donostiako Kursaalen eginiko ekitaldi batean azaldu zela adierazi zuten, eta oholtzan Batasuneko eta legez kanporatutako alderdietako kideak zeudela —auzipetuetako inor ez—. Logo hori, halaber, «Espainiako Konstituzioaren aurkako manifestazioetan» azaldu zela esan zuten, eta D3Mren ekitaldietan eta agirietan ere erabili zela.

«Batasuneko jendea»

Perituek atzo aztertu zuten beste elementuetako bat izan zen D3M bozetan aurkeztu ahal izateko eginiko sinadura bilketarena, eta nabarmendu zuten Batasuneko kideek ere parte hartu zutela: «Rafa Diez, Ino Galparsoro, Ane Muguruza...». Perituen arabera, ideia hori bera (ezker abertzaleko«aurpegi ezagunen» parte hartzearen beharra) aipatu zuen auzipetuetako batek euskal preso batekin espetxean izaniko elkarrizketa batean. Elkarrizketa horretan, halaber, poliziek entzun zuten sinadura bilketaren martxa aipatzen zela, eta D3Mren hautagaitzei buruz «herriko batzarretan» eztabaidatzen ari zirela.

D3Mren botopaperen inguruan ere mintzatu zirenperituak. Adierazi zuten Batasunak botopaper baliogabe horrekin bozkatzera deitu zuela, eta «Batasuneko jendea biltzen den tokietan» asko aurkitu zituztela.

Ostiraleko saioan bezala, peritu horiek auzipetutako baten diru kontuetan atzemandako «irregulartasunak» aipatu zituzten. ANVko langilea zen ikertutako pertsona, eta alderdia legez kanporatu aurretik, haren kontuan hainbat aurrerapen egin zirela adierazi zuten. Ondorioztatu zuten legez kanporatzearen beldur alderdiak eginiko «deskapitalizazioren» emaitza zela hori.

Alderdiaren erregistroan ere topatu dituzte «aztarnak» perituek. Guardia zibilen ostean deklaratu zuten bi poliziek —kaligrafian adituak— adierazi zuten erregistrorako erabilitako «sinadura batzuk» faltsuak zirela.

2009ko otsailaren 24an legez kanporatzeen aurka Bilbon eginiko manifestazioa ere aipatu zuten beste bi perituk, guardia zibilek. Batasunak parte hartzera deitu zuela eta debekatu ondoren Ertzaintzak galarazi behar izan zuela gogoratu zuten —manifestariei oldartu zitzaien Ertzaintza—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.