Botin dotrinak ez du balio Atutxa auzirako eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren (eta PSE-EEko eta ezker abertzaleko beste ordezkari batzuen) eta Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako auzietarako. Hala esan du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak. Hau da, Botinen epaiketa egiteko ez zen nahikoa herri akusazioa eskaera egotea, besteetan ez bezala. Gorenak emandako arrazoia: kaltetu zuzenik ez dagoen kasuetan nahikoa da herri akusazioa epaiketa egiteko, eta Atutxa, Ibarretxe eta Egunkaria kasuetan ez dago kaltetu zuzenik.
Hala, Gorenaren arabera, beharrezkoa da herri akusazioa (Manos Limpias, AVT, Dignidad y Justicia...) egotea; bestela, "herriaren ahotsaren monopolioa" Espainiako Fiskaltzak izango luke. Horrek, beraz, eragina izango du Ibarretxeren eta Egunkaria-ren kontrako auzietan.
2006ko abenduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Emilio Botin Santander banketxeko presidentearen kontra ahozko epaiketarik ez egitea erabaki zuen, herri akusazioaren eskaerarekin bakarrik ezin zela egin argudiatuz, eta 2007ko abenduan Auzitegi Goreneko zigor salako plenoak berretsi zuen erabaki hori, herri akusazioaren helegitea baztertuta.
Gaur Atutxa auziko sententziaren berri ematean jakinarazi du irakurketa hori Auzitegi Gorenak.
Juan Mari Atutxa (EAJ), Gorka Knorr (EA) eta Kontxi Bilbao (EB) Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide ohien kontrako falloa urtarrilaren 21ean jakinarazi zuen Gorenak, baina gaur atera du sententzia, 91 orrialdekoa. 2003an Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea ez desegiteko erabakia hartu zutelako zigortu ditu, eta gaur eman ditu xehetasunak: 18 hilabeteko kargugabetze zigorra eta 18.000 euroko isuna jarri dio Atutxari, eta 12na hilabeteko kargugabetze zigorra eta 12na mila euroko isuna Knörri eta Bilbaori, "desobedentzi delitua" egin zutelako.
Hirurek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dute, eta bitartean epaia ez gauzatzeko eskatu dute. Bilbao, adibidez, legebiltzarkidea da Gasteizen.
EAEko Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zituen haiek, baina herri akusazioen helegiteen bidez Gorenera heldu zen kasua.
Orain, EHAKren legez kanporatzeko aukera dela eta ez dela, Eusko Legebiltzarrak alderdia debekatzearen eraginez Mahaiko kideek zigorra jasotzea saihestu nahi du. Hala, EHAKren legebiltzar taldea desegiteari buruzko erabakia osoko bilkurak hartu beharko luke eta ez Mahaiak.
Ibarretxeren kontrako auzian, hura ez ezik, ezker abertzaleko Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia, Juan Joxe Petrikorena eta Pernando Barrena -denak preso dituzte beste auzi batzuengatik-, eta PSE-EEko Patxi Lopez eta Rodolfo Ares ere auzipetuta daude auzi horretan.
Egunkaria kasuan, berriz: Juan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegri, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu, Fernando Furundarena.
Politika
Auzitegi Gorenak dio kaltetu zuzenik ez dagoen kasuetan nahikoa dela herri akusazioaren eskaera epaiketa egiteko
'Atutxa auzia'-ren ebazpena atera du gaur, eta Ibarretxeren eta 'Egunkaria'-ren kontrako auziei eragiten die teoria horrek. 18 hilabeteko kargugabetze zigorra jarri dio Juan Mari Atutxari, eta 12nakoa Gorka Knörri eta Kontxi Bilbaori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu