Auzitegi Gorenak martxoaren 28an aztertuko du 'Bateragune auzia'

Otegi, Diez, Rodriguez, Zabaleta eta Jacinto absolbitzeko eskatu dute defentsek kasazio helegiteetan

Bateragune auziko auzipetuak, iazko ekainaren 27an, Auzitegi Nazionalean, epaiketa hasi zenean. ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 28an aztertuko du Bateragune auzian zigortutakoen defentsek jarritako helegitea, BERRIAk jakin duenez. Helegite horrek dio «oinarririk gabekoa», «logikaren kontrakoa» eta «zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua» dagoela Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari espetxe zigorra ezarri zien epaia, eta Auzitegi Nazionalaren epaia bertan behera uzteko zein zigortuak absolbitzeko eskatu dute bertan. Hamarna urteko espetxe zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak Otegiri eta Diezi, eta zortzinakoa Jacintori, Zabaletari eta Rodriguezi. Zutik Euskal Herria dokumentuarekin amaitu zen eztabaida sustatu zutenean ETAren aginduz aritzea egotzi zien Auzitegi Nazionaleko epaiak; bide politikoen alde egiten du dokumentuak.

Ateak irekita egingo da auzi saioa, eta han beren helegiteak defendatuko dituzte Iñigo Iruin, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek. Eta txosten haien aurrean beren iritzia azalduko dute Fiskaltzak eta Voces Contra el Terrorismo Verde Esperanza herri akusazioak. Helegiteak aurretik ere ezagutzen ditu epaimahaiak, eta, beraz, litekeena da erabakiaren berri auzi saioa egin eta denbora gutxira ematea.

Zuzeneko frogarik ez

Defentsek kasazio helegiteetan azaldu zutenez, Auzitegi Nazionalaren epaiak akusatzearen printzipioa hautsi zuen, errugabetasun printzipioa urratu zuen eta zigor mota oker ezarri zuen. Auzitegiaren inpartzialtasun falta ere jarri zuten epaia baliogabetzeko eskatzeko argudio gisa.

Auzitegi Nazionaleko epaileek onartzen dute ez dagoela zuzeneko frogarik, eta zigorra zantzu bidezko frogan oinarritzen du. Baina, defentsen ustez, froga horrek ez ditu betetzen jurisprudentziak jasotako baldintzak. Zantzu eta inferentzien bidez osatu zutenzigor epaia. Baina, defentsen ustez, zantzu bidezko frogak ez dauka behar besteko baliorik eta kalitaterik. Gainera, logikaren kontrako interpretazioa egiten du auzitegiak, defentsen irudiko.

Iruinek adibide argia jarri zuen helegitean: gertaera frogatuen hasieran, epaiak dio ETAk «agindu» ziela akusatuei ezker abertzalearen «koordinazio edo zuzendaritza batzorde edo organizazio bat» osatzea. Iruinek dioenez, ordea, baieztapen horrek ez du oinarririk: «Ez dago mandatuaren froga zuzenik. Akusatuek ez zuten onartu, ez deklarazio judizialetan, ez ahozko epaiketan. Epaian ez da aipatzen inongo lekuko edo perituren baieztapenik. Salari zegokion azaltzea nola iristen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.