Aralarrek agertu du eurak ere ezkerrekoak eta abertzaleak direla, eta, gainera, beren hautagaitzako 24 kide noizbait HBren edo EHren zerrendetan aurkeztu direla hauteskundeetara. Beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Gobernuak HZ baliogabetzeko eman dituzten argudioak aplikatuz gero eurak ere legez kanpo utzi beharko lituzketela iritzi diote.
Hain justu, "paradoxa eta koherentzia falta" hori salatu nahi izan dute: HZ baliogabetu dutela eurek arazorik izan ez duten bitartean.
Hori dela eta, HZren aurka hartutako neurrien atzean "ideien jazarpena" dagoela uste du Aralarrek, eta praktika horri "ezetz borobila" eman nahi diotela azpimarratu dute alderdiko buruek.
Ildo horretatik, herritarren oinarrizko eskubideak errespeta ditzala eskatu diote Espainiako Auzitegi Konstituzionalari: hau da, hautatzeko eta hautatuak izateko eskubidea, elkartzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna onar ditzala, eta, ondorioz, "presioei" muzin eginez HZren aldeko epaia eman dezala.
Konstituzionalaren erabakia bihar
Hain justu, Konstituzionalak bihar gau erdi arteko epea du HZk Gorenaren erabakiaren kontra aurkeztutako alegazioak aztertu eta haugaitza horri buruzko azken erabakia hartzeko. Hainbat iturrik erabakia gaur hartuko zela zabaldu baduate ere, azkenean, Konstituzionaleko epaileek ebazpena bihar arte atzeratzea erabaki dute.
HZ-ren baliogabetzea