euskal presoak

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du 'Parot doktrinari' buruzko helegite bat

Iñaki Pujana Alberdi euskal presoari lehenago Gorenera jotzeko eskatu dio. Europako Auzitegiak uztailaren 10ean 197/2006 doktrinaz kontrako ebazpena eman zuenetik Konstituzionalak gaiari buruz hartutako lehen erabakia izan da.

2012ko uztailaren 23a
14:23
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 edo Parot doktrinaz kontrako ebazpena atera arren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Iñaki Pujana Alberdi euskal presoak doktrinaren aplikazioaren kontra aurkeztutako helegite bat. Auzitegiak dio presoak bide judizial guztiak jorratu gabe jo zuela Konstituzionalera, eta lehenago Gorenera jotzeko eskatu dio.

Estrasburgoko auzitegiak uztailaren 10ean zioen Ines del Rio Prada euskal presoari espetxe zigorra luzatzea "irregularra" dela, eta Espainiari hura ahal den azkarren libre uzteko eskatu zion. Lehen aldiz aztertu zuen 197/2006 doktrinaren inguruko salaketa bat. Konstituzionalak gaiari buruz harrezkero hartu duen lehen erabakia izan da Pujanarena; dena dela, eman duen erantzuna tramitazioari buruzkoa izan da.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 1993an 79 urteko kartzela zigorra jarri zion Pujanari. Honek, oraingoz, 2018ra arteko zigorra du.

Auzitegi Nazionalak irailaren 20an aztertuko du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz emandako aurkako epaia, osoko bilkura batean —hemezortzi epaile bilduko dira—. 

'Parot doktrina', 2006tik

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

Konstituzionalak joan den martxoaren 29an jakinarazi zuen 197/2006 doktrina ez aplikatzeko hiru helegite onartu eta 25 atzera bota zituela, beste hiru helegite ez zituela aztertuko eta beste 22 tramitera onartu zituela. Auzitegi hark martxoan onartu zituen hiru helegiteak Jose Ignacio Gaztañaga Bidaurreta, Juan Mari Igarataundi Peñagarikano eta Jose Mari Perez Txuri presoenak izan ziren.

Maiatzaren erdian Konstituzionalak berak Peio Etxeberria Lete presoa libre uztea erabaki zuen, defentsak jarritako helegitea onartuta. Aldiz, atzera bota zituen Ignacio Arakama Mendia eta Luis Mari Lizarralde Izagirre presoen defentsek Parot doktrinaren aurka jarritako babes helegiteak. Ekainaren 5ean, berriz, Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen Mario Artola presoa, Parot doktrina ez ezarrita.

Doktrina ezarri dieten presoak: ia ehun

Auzitegi Gorenak Parot doktrinari oniritzia eman zionetik, Auzitegi Nazionalak 90en bat euskal presori atzeratu die kartzelatik irteteko data. Askorentzat legedian ezarritako gehienezko 30 urteak kartzelan igarotzea suposatzen du. 30en bat salaketa Europako Auzitegira bidean dira, Herrira mugimenduak duela egun batzuk zioenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.