erreakzioak

Auzitegi Konstituzionalaren "eledun" izatea egotzi dio CiUk Rajoyri

Espainiako Gobernuaren helegiteak hainbat erreakzio eragin ditu Katalunian eta Euskal Herrian.

Ramon Espadaler eta Lluis Corominas CiUko idazkari nagusia eta bere albokoa, gaur goizeko agerraldian. MARTA PEREZ, EFE
2014ko irailaren 29a
07:34
Entzun

CiUko idazkari nagusi Ramon Espadalerrek Mariano Rajoyri egotzi dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren "bozeramaile" izatea, epaitegi horrek Kataluniako galdeketaz hartuko duen erabakia iragarri duelakoan: "Hau ez da bidea; gure auziak elkarrizketatik behar ditu erantzunak".

Oriol Junqueras ERCko buruak ohartarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ezein ebazpenek ez duela Kataluniako prozesu subiranista etengo, eta zehaztu du ERC gobernuan sartzen bada galdeketa egin dadin sartuko dela. Epaitegiak galdeketa debekatzen badu ere hari eutsi behar zaiola uste du Junquerasek: "Kataluniako herriak hauteskundeetan adierazitako borondatea betetzeko gaude gu". Gainera, balizko debekuaren aurrean, desobedientzia defendatu du: "Desobedientziak bozkatzea esan nahi du".

Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere Kataluniako prozesu subiranistaz mintzatu da Onda Vasca irratian. Uste du Masek legea beteko duela eta ez diola PPren gobernuari "inolako aitzakiarik" emango hura auzitara eramateko. Nolanahi ere, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan —datorren urtean dira egitekoak— PPk "zorionez" gehiengo absolutua galduko duela eta estatu eredua aldatzeko abagunea zabalduko dela espero du Ortuzarrek.

Amaiurrek, berriz, "demokrazia bahitzea" leporatu dio Rajoyri, eta Espainiako Konstituzioa "herrien espetxe" gisa deskribatu du. Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak esan du Espainiako legeriak ez duela "zilegitasunik" Euskal Herrian, eta bertan "prozesu konstituziogile bat" abiatzera deitu du.

Espainiako Gobernuak Kataluniako independentziari buruzko galdeketaren eta Kontsulten Legearen kontra helegiteak aurkezteko asmoa duela-eta, asmo hori babestu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. RNE irrati katean eginiko elkarrizketa batean, Mendiak esan du "espero" zitekeela Madrilen erabakia: "Argi dago: zuk eskumena ez duzunean eta eskumen hori gainditzen duen araudi bat egiten duzunean, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu behar du".

Mendiak azaldu du beste batzuetan Espainiako Gobernua dela autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituena, eta kasu horietan erkidegoek jartzen dutela helegitea: "Joko instituzional eta demokratikoaren parte da". Gainera, salatu du EAJk "30 urte ispilu ezberdinei begira" daramatzala "Euskadiko errealitatetik ihes egiteko", eta salatu du jeltzaleek ez dutela "argitu" zertan datzan EAErako estatus politiko berri baten proposamena.

Espainian, berriz, PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez izan da galdeketaren kontrako helegitearen inguruko balorazioa egin duenetako bat. Galdeketa "legezkotasunaren haustura" dela adierazi du Sanchezek, eta Espainiako Gobernuak auzitara jo izana babestu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.