Espainiako Estatuaren abokatuaren helegiteari arrazoia eman eta Eusko Jaurlaritzak polizien gehiegikeriari buruz 2013an berritu zuen dekretuaren bost artikulu baliogabetu egin ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ebazpenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak ez ditu egiaztatzen behar bezala biktimek jasandako lesioak.
Dekretuak jasotzen duenez, batzorde batek baloratzen ditu biktimek jasandako lesioak. Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez komisio horrek ezin ditu behar bezala egiaztatu lesio horiek. Arrazoitzen duenez, biktimari "edozein mediku txosten" onartzen baitzaio.
Horrezaz gainera, kalte-ordainen zenbatekoa erabakitzeko irizpidea ez dela zuzena ebatzi du. Izan ere, gizarte segurantzaren legedia eta nazioarteko zuzenbidea hartzen ditu aintzat dekretuak. Epaitegiaren arabera, zehazgabeegiak dira irizpideak.
1960-1978 urteen arteko biktimak
1960tik 1978ra bitartean Poliziaren aldetik gehiegikeria jasan zuten biktimen babeserako dekretu honen bitartez, 56 eskaerari eman zitzaien bide, eta 30k jaso zuten kalte-ordaina. Dekretuak "motibazio polikoko indarkeria" legez hartzen ditu poliziek zenbait herritarren kontra erabilitako bortxaren hainbat adibide.
Gaur ezagutu den ebazpenaren arabera, orain arte kalte-ordainak jaso dituzten herritarrek ez dute dirua itzuli beharrik izango.