Ainhize Muniozguren errugabe dela ebatzi du Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko lehen aretoko epaimahaiak. Iaz Zarauzko sanpelaioetan terrorismoa goratu izana leporatu eta bere aurka urtebete eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuten Luis Barroso fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteak. Hala ere, epaimahaiak, atzo kaleratutako epaian, ebatzi du Muniozguren errugabea dela. Epaileek argudiatzen dute presoen irudiak ateratzea onargarria izan daitekeela kasu batzuetan. Adibidez, alboan espetxe politika edo sakabanaketa salatzeko mezuak badaude.
Gertaerak iazko sanpelaioetan izan ziren. Zarauzko jai batzordearen izenean, itsas pasealekuan hiru txosna jartzeko baimena eskatu zuen Muniozgurenek. Txosnetako batean, bost preso zarauztarren irudiak agertu ziren, eta alboan espetxeetarainoko distantzia, euskal herriratzeko eskaera eta amnistiaren aldeko logotipoa agertzen ziren. Logotipoari dagokionez, epaileek argi diote ezin dela lotu «ezinbestean» AAMekin, 1976an Txillidak diseinatu zuelako eta «kultura ondare publikoa» delako.
Epaileek diote ez zela frogatu nork jarri zituen kartelak, eta arrazoitzen dute inori terrorismoa goratzea inputatzerakoan pertsonak «jarrera aktiboa» erakutsi behar duela. Akusazioak zioen kartelak jarri ez arren, gero horri buruz ohartarazterakoan akusatuak ez zuela kentzeko agindu. Epaileek diote hori ez dela nahikoa eta «akusazioaren argudioak baztertu behar» direla.
Auzitegi Nazionalak ebatzi du Muniozguren errugabe dela
Espetxe politika edo sakabanaketa salatzeko mezuekin presoen irudiak erabiltzea onargarria dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu