euskal presOAK

Auzitegi Nazionalak irailaren 20an aztertuko du Europak 'Parot doktrinaz' emandako kontrako epaia

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailaren 10ean zioen Ines del Rio Prada euskal presoari kartzela zigorra luzatzea "irregularra" dela, eta Espainiari hura ahal den azkarren libre uzteko eskatu zion. Estrasburgoko auzitegiak lehen aldiz aztertu zuen 197/2006 doktrinari buruzko salaketa bat. 

2012ko uztailaren 19a
17:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak irailaren 20an aztertuko du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaz (Parot doktrinaz) emandako kontrako epaia, osoko bilkura batean —hemezortzi epaile bilduko dira—. Hain zuzen, Europak uztailaren 10ean zioen Ines del Rio Prada euskal presoari espetxe zigorra luzatzea "irregularra" dela, eta Espainiari hura ahal den azkarren libre uzteko eskatu zion.

Estrasburgoko auzitegiak lehen aldiz aztertu zuen 197/2006 doktrinari buruzko salaketa bat. 

Espainiako Gobernuak berehala esan zuen ez duela haren epaia beteko, eta helegitea jarriko duela. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza aste honetan jarrera berarekin azaldu da. 

Dena dela, Europaren ebazpena berri jakin zenean, Efe berri agentziak Auzitegi Nazionaleko iturriak aipatuz esan zuen epaia ez dela lotzailea Espainiarentzat, baina horko Gorenaren eta Konstituzionalaren biharko eguneko erabakietarako irizpidea finkatuko duela.

Europaren erabakia loteslea dela zioten Margarita Uria, Juan Kalparsoro eta Garbiñe Biurrun legelariek BERRIA.INFOn.

Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.

'Parot doktrina', 2006tik

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

Konstituzionalak joan den martxoaren 29an jakinarazi zuen 197/2006 doktrina ez aplikatzeko hiru helegite onartu eta 25 atzera bota zituela, beste hiru helegite ez zituela aztertuko eta beste 22 tramitera onartu zituela. Auzitegi hark martxoan onartu zituen hiru helegiteak Jose Ignacio Gaztañaga Bidaurreta, Juan Mari Igarataundi Peñagarikano eta Jose Mari Perez Txuri presoenak izan ziren.

Maiatzaren erdian Konstituzionalak berak Peio Etxeberria Lete presoa libre uztea erabaki zuen, defentsak jarritako helegitea onartuta. Aldiz, atzera bota zituen Ignacio Arakama Mendia eta Luis Mari Lizarralde Izagirre presoen defentsek Parot doktrinaren aurka jarritako babes helegiteak. Ekainaren 5ean, berriz, Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen Mario Artola presoa, Parot doktrina ez ezarrita.

Doktrina ezarri dieten presoak: ia ehun

Auzitegi Gorenak Parot doktrinari oniritzia eman zionetik, Auzitegi Nazionalak 90en bat euskal presori atzeratu die kartzelatik irteteko data. Askorentzat legedian ezarritako gehienezko 30 urteak kartzelan igarotzea suposatzen du. 30en bat salaketa Europako Auzitegira bidean dira, Herrira mugimenduak duela egun batzuk zioenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.