Auzia tramiterako onartu orduko Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta aske behin-behinean uzteko eskatu zuten defentsek joan den maiatzean, eta horretaz erabakitzeko aparteko zatia egin zuen Konstituzionalak. Defentsek ez ezik Fiskaltzak eta akusazio partikular gisa aritu den biktimen elkarteak euren balorazioak egiteko aukera izan dute.
Preso daudenen kasuetan erabaki hori ahalik eta azkarren hartu behar den arren, auzitegiak ez du eperik horretarako. Sei urte eta erdiko zigorra jarri zien Gorenak Diezi eta Otegiri, eta seina urtekoa gainerakoei. Hiru urte eta sei hilabete daramatzate preso Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haiek atxilotzeko agindu zuenetik. Diezek gutxiago, epaiketaren aurretik behin-behinean libre egon baitzen, baimenarekin.
Lau eskubide urratuta
Lau eskubide urratu zirela argudiatu zuten defentsek Konstituzionalak aztertu behar dituen babes helegiteetan: errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa —Angela Murillo epaimahaiburuak epaiketan izan zuen jarreragatik—, akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea. Babes helegite horren inguruan erabaki bat hartzeko urteak behar ditzake Konstituzionalak, eta espetxean itxaron beharko dute Bateraguneko bostek, litekeena izan arren ordurako zigorra betea izatea.
Ezker abertzalea bide politiko eta baketsu soiletara lerratzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten bost lagunak. Eztabaida hori ETAk aginduta bideratu zutela argudiatu zuen fiskalak, eta, beraz, bost lagunak ETAkoak zirela esan. Irakurketa horixe hobetsi zuten Auzitegi Nazionalak eta Gorenak ere. Baina, Iruinek Konstituzionalean jarritako helegitean argudiatu zuenez, horretarako, logikaren kontra interpretatu zituzten epaiketara eraman zituzten hiru dokumentu.
"Froga ahulegia"
Hiru dokumentu erabili zituen Auzitegi Nazionalak bost zigortuak ETAkoak direla esateko: Bi ETAri egotzitakoak dira: Aurrera begirako ildoa: Fase politikoaren ezaugarritzea (2008ko udaberrikoa) eta Herri antolatuaren estrategia independentista baterantz. Nazio estrategia askapen prozesuaren eragile (2008ko abendukoa). Hirugarrena ezker abertzaleari egotzitakoa da: EAEko hauteskundeen balorazioa eta aurrera begirako ildoa (2009ko martxokoa). Epaien tesia da ETAk bigarren dokumentuan jarritako ildoak ezker abertzaleak bete dituela, hirugarren dokumentuaren arabera, eta horretaz akusatuak arduratu direla.
Txostenen artean egiten dituzten loturak eta haietatik ateratzen dituzten ondorioak "logikaren kontrakoak" direla argudiatu zuen Iruinek, ordea, helegitean. Auzitegiak esku artean izan zituen zantzuzko frogekin interpretazio desberdinak egin daitezkeela, bai eta epaian jasotakoaren erabat kontrako ondorioak atera ere. Gainera, epaileen interpretazioari aurre egiten dioten zazpi kontrazantzu ere badirela argudiatu zuen. Auzitegiak hori onartuko balu, froga ahulegia dela esan, eta zigortuei errugabetasun presuntzioa urratu zaiela ebatzi beharko luke Konstituzionalak, bostak errugabetuz.
Bi boto partikular Gorenean
Ez litzateke izango magistratu batek ildo horretako iritzia ematen duen aurreneko aldia. Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuenean froga ahulegia zela esan zuen Alberto Jorge Barreiro magistratuak. Bost magistratuetatik bi epaia onartzearen kontra zeuden, eta boto partikular bana idatzi zuten. Barreiro bost lagunak absolbitzearen alde azaldu zen, eta Miguel Colmenero Mendez, berriz, epaiketa berriz egitearen alde.
Angela Murillo epaimahaiburua partziala izan zela argudiatu zuen Colmenerok, eta beste zigor sala batek epaiketa errepikatu behar zuela esan zuen. Colmenerok emandako arrazoi gehienekin bat etorri zen Barreiro ere, baina, hala ere, epaiketa berriz egin ez, zigortuak errugabetu egin behar zirela argudiatu zuen.