Euskara

Auzitegiek hizkuntz politikan esku hartzea salatu dute Bilbon

Paul Bilbao Kontseiluko lehendakariak azpimarratu du botere judizialak hizkuntz politikaren eskumena beretzat hartu nahi duela.

Elkarretaratzea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. KONTSEILUA
jon ordonez garmendia
2021eko maiatzaren 22a
00:20
Entzun

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, 200 bat lagunek elkarretaratzea egin dute gaur 11:00etan Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren parean. Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean egin dute. Hasieran batean, auzitegi horrek Irungo Udaltzaingoaren (Gipuzkoa) lan deialdian euskara eskakizuna «diskriminatzailetzat» jo duela salatzeko deitua zegoen elkarretaratzea, baina atzo Frantziako Konstituzio Kontseiluak eman zuen ebazpenaren ondoren, botere judizialak hizkuntz politikan esku hartu nahi duela salatzeko protesta bilakatu da.

Paul Bilbao Kontseiluko lehendakariak azaldu du Irungoa ez dela gertaera bakan bat, eta gaineratu du azkenaldian hainbat auzitegitan ari direla euskaldunen hizkuntz eskubideak murrizteko ahaleginean. «Nafarroan izugarria da auzitegia hainbat udaletako plantilla organikoekin egiten ari dena. [Espainiako] Auzitegi Gorena behin eta berriro ari da hizkuntza gutxituak lehenesten dituzten erabakiak baliogabetzen». Esan du horren guztiaren atzean botere judizialak hizkuntz politika egiteko hartu duen joera bat dagoela, eta hizkuntz politikaren eskumena eurentzat hartzeko nahia salatu du: «Epaileen eta jurisprudentziaren bidez, legeen interpretazio are eta murritzagoa ari dira egiten, hizkuntz politikaren eskumena eurentzat hartzeko. Eskandaluzkoa da, eta atzo ikusi genuen kolpe horiek euskararen lurralde osoan ari direla gertatzen».

Euskaraz bizitzeko eskubideari galga jarri nahi zaiola esan du Bilbaok. «Euskaraz egin nahi dugu, eskubide bat delako, gure eskubide bat, eta horrek batu gaitu: euskaraz bizitzearen alde egoteak», esan du. Irungo kasuan epaia politikoa izan dela azaldu du: «Lehenik, epaia idatzi zuten, eta, gero, jurisprudentzia hautatu zuten, eta tokiko erakundeei eskumenak kendu dizkiete. Epaiak oso argi esaten du badagoela edozeren gainean dagoen printzipioa: herritarrei gaztelera ezagutzeko ezartzen zaigun derrigortasuna. Antza, hori nahikoa da eskubideen aldeko edozer neurri hartzeko. Gauza bera gertatu zen atzo Konstituzio Kontseiluak atzo hartutako erabakiarekin».

Bilbaok gogorarazi du tokiko erakundeei dagokiela hizkuntz politikaren eskumena eta salatu du auzitegiak gai horretan esku hartu nahi izatea: «Badirudi orain auzitegiak erabaki behar duela zein lanpostuk behar duen hizkuntzaren derrigorrezko eskakizuna, edo udaltzainak binaka joan behar duten, edo hirunaka, eta horien artean zeinek izan behar duen euskararen ezagutza».

Batera erantzuteko deia

Azkenik, eraso horiei guztiei batera erantzuteko deia egin du Bilbaok.«Batzea eta batasunetik erantzutea nahitaezkoa dugu. Kezkatuta gaude, oso, auzitegietatik datozen erabakiekin, izan ditzaketen ondorioekin. Horregatik erabaki genuen ahalik eta bizkorrena gaurko elkarretaratzea antolatzea. Berehalako erantzun sozialaren beharra ikusi genuen», azaldu du. Baina horrez gain, «inboluzioari» aurre egiteko erronka zehaztea eta ados jartzea dela gaineratu du. «Ezin dugu etsipenetik jardun, epaia besterik gabe onartu. Lan egin behar dugu, denok batera».

Bilbaok azaldu du Kontseilua azken hilabeteetan etorkizunari begirako bat lanketa bat ari dela egiten eragile askorekin, eta datozen egunetan plazaratuko duela. «Horrelako epaiak ahalbidetzen dituzten ahuleziak zeintzuk diren aurkitu behar ditugu», esan du. Eta estrategia bateratu baten beharraz ohartarazi du: «Eragile politiko, sindikal eta sozialek oinarrizko adostasun batera ailegatu behar dugu horrelako bidegabekeriei aurre egiteko». Bilkuran zeuden eragileak horretara deitu ditu, eta Kontseiluak konpromisoa hartu du lehen proposamen bat egiteko. «Ezin gara hurrengo epaiaren zain egon. Ekimena hartu behar dugu, eta Kontseiluak erantzukizunez jokatu nahi du». Izan ere, Bilbaoren ustez, auzitegietatik berri txar gehiago iritsiko dira, eta, horiei aurre egiteko, gaur zortzi Baionan murgiltze ereduaren alde egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.