Auzmendik dio itzultzaile guztiek dauzkatela akatsak

Sare sozialetan hizpide izan dira gaztelaniatik euskarara itzulpenak egiteko gailuak egiten dituen hanka sartzeak

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gaztelaniazko esaldiak euskarara itzultzeko gailu berriak hizpidea jarri zuen atzo sare sozialetan. Itzultzailea Interneten jarri eta berehala jarri zuten proban, eta azkar zabaldu zituzten trakets itzultzen dituen esaldiak. Eusko Jaurlaritzak erantzun du aurkezpenean bertan ohartarazi zuela itzultzaile automatiko bat dela gaztelaniazko esaldiak euskaratzen dituena eta, horrenbestez, normala dela hutsak egotea. Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du hobetuko dela itzultzailea: «Tresna gero eta gehiago erabiliz gero, itzulpenaren kalitatea hobetzen joango da». Muga bat du orain sarean den itzultzaileak —gehienez 1.024 karaktere itzultzen ditu kolpetik—, eta aurki gainditzea espero du Auzmendik. Gainera, memoria handituko denez sistema «asko» hobetuko dela adierazi du.

Bien bitartean, atzo, sarean zeresana eman zuen itzultzaileak. Twitterren zabaldu zituzten esaldi traketsak: «autobusak bihar eta berandu» («autobuses mañana y tarde»), «gaur duela denbora on» («hoy hace buen tiempo»), «parrillarako tabako hautsa» («rapé a la parrilla»), «bat behar dut zamarra neskako» («necesito una cazadora de niña»)...

Auzmendik argitu du gailu automatiko bat denez gero litekeena dela esaldi batzuk osorik zuzen ez euskaratzea. «Hori ezinbestean da horrela, itzulpen automatikoaren arloan teknologiaren egoera ikusita. Kontuan hartu behar da itzulpen automatikoko programa batek ez duela ulertzen itzultzen ari dena eta egiten duena esaldien itzulpen 'mekanikoa' dela». Gogorarazi du itzulpenak egitekorakoan laguntzeko tresna bat dela, ez dela pertsona baten itzulpena, eta ezinbestekoa dela gailuaren itzulpena berrikustea.

Gisa horretako itzultzaile gehiago jartzeko asmoa du Jaurlaritzak. Lan «estrategikoa» da, Blanca Urgell Kultura sailburuaren esanetan. Beste bi proiektu dauzkate esku artean: euskarazko esaldiak gaztelaniara itzultzeko gailua eta ingelesetik euskararakoa. 1,6 milioi euro jarriko dituzte horretarako. Espero dute datorren urteko udan abian izango direla beste bi itzultzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.