AUZOLANAREN IKUR

Hamar urte bete ditu Gasteizko Errekaleor auzoak, eta ibilbide gorabeheratsua izan duen arren, Europan autohornikuntzaren eredu da oraindik. Autogestioa eta antolaketa horizontala oinarri, ibilbide luzea egin du. Auzoa eraisteko mehatxuei aurre egiteko, «sortzen» jarraitu nahi dute.

Errekaleor auzoak hamar urte bete ditu aurten. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hamarkada bat igaro da Gasteizko Errekaleor auzoak aro berri bati ekin zionetik. Hamarkada bat bere eraikin zaharrak kolorez margotu zituztenetik. Hamarkada bat Errekaleor «bizirik» mantentzea erabaki zutenetik. Gasteizko hego-mendebaldeko auzo okupatuaren egitasmoak hamar urte bete ditu.

1950eko hamarkadan sortu zen auzoa, industriako langileen aterpe modura, baina XXI. mendearen hasieran han bizi ziren familiak aterarazi eta etxeok eraisteko plana martxan jarri zuen Gasteizko Udalak. Gorka Urtaran garai hartako alkateak esan zuen ingurua berreraikitzeko asmoz eraitsi nahi zutela auzoa. Auzokideek, ordea, espekulazio operazio bat zela salatu zuten; izan ere, 192 etxebizitza zeuden tokian 300 baino gehiago eraiki nahi zituzten. 2013an, udalak auzokide gehienak lekualdatzea lortu zuen, baina auzoa ezin izan zuen eraitsi, hainbat gaztek eraikin bat okupatu eta auzoa berreskuratzeari ekin baitzioten.

Hasieran hamar gaztek erabaki zuten etxebizitza bat okupatzea, baina denborarekin, auzoa osorik okupatzea lortu zuten. Autogestioan eta antolaketa asanblearioan oinarritutako bizi eredu bat eraikitzeari ekin zioten, eta, hamar urte geroago, horiek dira auzoaren oinarri nagusiak.

Linus Finkek ongi gogoratzen du auzo okupatua zapaldu zuen eguna; duela zortzi urte izan zen, eta, dioenez, auzora heldu zenean gutxi ziren, «45 bat edo». Gaur egun ehun lagun inguru bizi dira auzoan, gehienak herri mugimendu ezberdinetatik etorriak. «Nik, adibidez, Hala Bedi irratian lan egiten nuen, eta hortxe izan nuen Errekaleorren egiten ari zirenaren berri».

Miren Alkantarak denbora gutxiago darama auzoan, lau urte zehazki, baina askoz lehenagotik irudikatzen zuen bere burua Errekaleorren bizitzen: «16 urte nituenetik etortzen nintzen kontzertuak ikustera edo ekitaldietara».

Duela hamar urte bezala, horizontala da auzoaren barne antolaketa. Hastapenetan, baina,mantentze lanek zuten lehentasuna, Finkek azaldu duenez: «Egunero ari ginen urarekin eta argindarrarekin borrokan, hondakinak botatzen edo leihoak irekitzen. Eta gero, argia moztu zigutenean, elektrizitatearen arazoari denbora gehiago eskaintzen hasi ginen».

Trabak bata bestearen atzetik gainditu behar izan ditu auzoak. Iberdrolak argindarra moztu zien 2017an Gasteizko Udalaren aginduz, baina horrek ere ez zituen bizilagunak kikildu eta bertan bizitzen geratu ziren. Aitzitik, auzolana eta elkartasuna trinkotu ziren, eta, ordu gutxian, Euskal Herriko bazter guztietatik sorgailuak jaso zituzten. Gainera, finantzaketa kolektiborako kanpaina bat martxan jarri zuten, eguzki plakak eta sorgailuak erosteko. Arrakasta handia izan zuen diru bilketak,100.000 euro baino gehiago lortuta. Energiaren irla bilakatu zen Errekaleor 2018an, eta, orduz geroztik, autohornikuntzaren eredu da Europan.

Gaur egun, mantentze lanek oraindik garrantzi handia badute ere, auzoaren filosofiari lotutako hausnarketek hartu dute lehentasuna, Alkantarak azaldu duenez: «Zer garen definitzeko, zer egingo dugun erabakitzeko edo zer pentsatzen dugun plazaratzeko».

Sasoi onean daude

Errekaleorren ibilbidea gorabeheratsua izan dela kontatu du Alkantarak. Bide malkartsu horretan hedabideen egitekoak zerikusi handia duela uste du: «Urtean zehar auzoari buruzko artikuluetan gezur asko argitaratzen dira, eta horrek iritzi publikoan eragin dezake». Finkek gaineratu du asteartean gertatutakoa horren adibide «argi» bat dela: «Andre Maria Zuriaren plazan dokumental bat proiektatzen ari ginela, kide bat identifikatu zuten eta mozal legea ezarri zioten. Komunikabide batek zabaldu zuen dokumentala jartzeko baimenik ez genuela, eta horregatik identifikatu zutela. Gezurra da. Dokumentalean zipaio esaten zelako izan zen».

Azken egunetan, urtemuga ospakizunen karietara, hainbat liskar izan dituzte Poliziarekin. Asteazken goizean hainbat polizia patruila auzora sartu ziren, eta hiru auzokide identifikatu zituzten, eta biri mozal legea aplikatu zieten.

Auzoa eraisteko arriskua bizirik dago oraindik, baina proiektua sasoi onean dagoela azaldu du Finkek: «Guk hemen jarraitzen dugu, sortzen jarraitu nahi dugulako. Badakigu ez gaituztela hemen nahi, baina ezin gara bizi hemendik botako gaituzten beldur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.