egunkaria auzia

AVTk eta Dignidad y Justiciak bihar argituko dute 'Egunkaria auzia'-n Auzitegi Gorenera joko duten

Bi elkarteek ez badute absoluzioaren kontrako helegiterik aurkezten, kazetaren itxiera kasuko epaia irmoa izango da. Auzi ekonomikoari buruzko azalpenak ere emango dituzte.

2010eko apirilaren 28a
16:46
Entzun
AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek bihar jakinaraziko dute Egunkaria auziko absoluzio epaiaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea sartuko duten edo ez. AVTk bere webgunean dio prentsaurrekoa emango dutela bihar bi elkarteek, Madrilen (12:00, NH Sanvy hotela). Ez badute Gorenera jotzen, epaia irmoa izango da.

Dignidad y Justiciak astelehenean zioen ez duela absoluzioaren aurkako helegitea aurkezteko asmorik. El Mundo egunkariaren arabera, AVTk ere ez du joko Gorenera, epaia "sendoa" dela uste duelako elkarteak.

Nahiz eta defentsak eta Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak Egunkaria-ren itxiera kasuaren artxiboa eskatua zuten, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek eskatuta epaiketa egin zen azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iazko abenduaren 15ean hasi zen eta otsailaren 1ean bukatu. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatutako epaimahaiak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia.

Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen "terrorismoa" goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten-.

Auzi ekonomikoan zer?

Bihar AVTk eta Dignidad y Justiciak auzi ekonomikoari buruzko azalpenak ere emango dituzte, aurrenak gaur bere atari digitalean aurreratu duenez. Auzi horretan zortzi lagun daude auzipetuta eta defentsak kasua Auzitegi Nazionaletik Donostiakora pasatzeko eskatu izan du. Izan ere, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren bidez "ustezko terrorismo delitua" desagertu egin da eta egoera juridiko berria sortu. Hau da, "'ohiko delituari' dagokion auzia litzateke", zioten itxierako auzipetuek apirilaren 13an. Auzitegi Nazionalak ez du "ohiko delituak" epaitzeko eskuduntzarik -iruzurra egin izana egozten diete zortziei-.

Aldaketa onartuko balitz, auzi ekonomikoaren epaiketa Donostiako epaitegiko zigor sailean egingo lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.