'Mozal Legea'

Axier Lopez: “PP bakar-bakarrik geratu da”

Argia-ko kazetariak Nafarroako Parlamentuan legea ez aplikatzeko konpromisoa eskatu die taldeei, baina UPN eta PP ez dira bertaratu.

joxerra senar
2016ko maiatzaren 4a
08:04
Entzun

“Isuna ordaintzea onartuz gero gainerako kasuei atea parez pare irekiko genien eta erabaki genuen ez ordaintzea eta publiko egitea”. Axier Lopez Argia-jko kazetaria goizean Nafarroako Parlamentuan izan da bere kasuaren berri ematera eta Mozal Legea-ren aurkako eztabaida planteatzera.

Mozal legea baliatuta, Euskal Herrian zigortutako lehen kazetaria izan zen, baina gaurko agerraldian argi utzi nahi izan du ez dela bere arazoa soilik, hedabide, kazetari eta herritar guztiena baizik. "Makurrena da, isunak isun, jendearen artean uzten duen beldurra, eta begien aurrean duenari buruz berri eman dezakeen edo ez bi aldiz pentsatu ez dezan, beldur horri erantzuteko egin daitekeen gauzarik onena da erantzun kolektiboa ematea".

Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren berri eman eta hilabetera jaso zuen isuna Argia-k. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariak sinatu zuen isuna. "Gipuzkoan %5eko ordezkaritza duen alderdi bateko politikari batek jarri zigun isuna, ez dakit non geratzen den botere banaketa". Lopezek aipatu du egun argiz poliziek egindako operazio baten berri ematea ez dela inongo delitu. "Ezin gara errudun bihurtu poliziek aurpegirik estaltzen ez dutelako". Hartara, interneten bost minutuko bilaketa azkar batean antzeko operazioetako argazkien adibideak izendatu ditu. Kasuok ez zuten isunik jaso, eta horietako batzuk nazioarteko albiste agentzien argazkiak ziren.

Dena den, Lopezen ustez, ez da kasualitatea "inongo enpresekin loturarik ez duen eta kazetaritza konprometitua egiten saiatzen den hedabide independente bat" izatea isuna jasotzen duena lehena. "Izango ote ginen lehenak bestelako kazetaritza egingo bagenu?".

Lopezek gogora ekarri du urtarrilera bitarte Hego Euskal Herrian 719 isun ezarri direla Mozal legea baliatuta eta Espainian 50.000. Kazetariak gaitzetsi du legeak polizien eta politikarien eskuetan uzten duela legearen interpretazioa eta ezarpena. Gogoratu du aurkakotasun handia izan duela legeak eta poliziek sindikatuek eurek ere kritikatu izan dutela poliziek ez dutelako formakuntzarik hori egiteko. Askotan legearen aplikazioa mehatxu gisa erabiltzen dute poliziek, Lopezen esanetan.

Agerraldian ez dira izan UPN eta PPko parlamentariak. Bere kasuak sona handia izan du Euskal Herrian eta nazioartean eta argi utzi dun erantzun politikoa eman behar dela. Izan ere, nahiz eta PP bakarrik geratu legearen defentsan, ezartzen jarraitzen du. Horregatik, Axier Lopezek han ziren taldeei proposatu die legea ez betetzeko konpromisoa hartzea, haren aurkako jarrera publikoa adieraztea eta zigortuei babesa adieraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.