«Terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako», Memoriaren Eguna izendatu du azaroaren 10a Eusko Legebiltzarreko Eledunen Mahaiak. Aralar eta Eusko Alkartasuna abstenitu egin dira, baina gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman diote. Azaroaren 10a aukeratu dute, hain justu, haien esanetan, alde bateko edo besteko biktimarik egon ez den eguna delako: «Egun horretan ez dago deitoratu beharreko urteurrenik. Berez, inorena ez den eta era berean guztiona den urteurrena da. Egun horrek gogoraziko digu gertatu dena eta sekula ere berriro gertatu behar ez duena», dio atzo onartutako testuak.
Proposamena asteon bertan aurkeztu du EAEko Herrizaingo Sailak, eta Legebiltzarraren onarpena ez ezik, hiru lurraldeetako batzar nagusien eta Eudelen babesa du. Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuak jakinarazi du etzi hiru batzar nagusietako presidenteekin eta Jokin Bildarratz Eudeleko lehendakariarekin batera emango duela egun horri buruzko xehetasun gehiago.
Atzo onartutako dokumentuaren arabera, egun horretan «terrorismoak bizia kendu egin dien pertsona errugabeak» gogoratu nahi dira, eta asmoa da «erakundeek eta herritarrek borondateak batzea «jada ez daudenak oroitzeko eta hurrengo belaunaldiei haien sakrifizioaren eta testigantzaren emateko». Hala, azaroaren 10ean erakunde publikoetako gobernu edo eledunen batzordeetan osoko bilkura bereziak egingo dituzte adierazpen publiko bat onartzeko, eta lore eskaintzak egingo dira «biktimen oroimena ohoratzen duten toki guztietan».
Testuak dio «salbuespenik gabe» biktima guztiak hartu behar direla aintzat: bai ETArenak, «euskal herritarren elkarbizitza mehatxatzen duen talde terrorista bakarra delako», bai beste talde terroristenak, «jada iraganekoak badira ere, biktimei eragindako sufrimenduak aitortza bera merezi duelako».
EA eta Aralarren abstentzioa
Ez EAk ez Aralarrek ez dute babestu ekimen hori. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak azaldu du biktimen oroitzapenerako eskubideak beste oinarrizko eskubideen ondoren etorri behar duela, eta halakorik ez dela gertatu Batallon Vasco Español, GAL edo bestelakoen indarkeriaren biktimekin. Gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak oraindik «motibazio politikoko eta Poliziaren gehiegikerien biktimen inguruko txostena» egiteke duela, eta Aralarrek uste du «logikoa» dela txosten hori aurkeztu eta biktima horiek aitortu ostean izendatzea horrelako egun bat.
EAk, berriz, uste du ekimen horrek «bakarrik» ETAren biktimei ematen diela garrantzia, eta egokiago ikusten du, «epe motzean horretarako baldintzak badaude», Adiskidetze Egun batean pentsatzen hastea.
Azaroaren 10a Memoriaren Eguna izendatu du Eusko Legebiltzarrak
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek babestu dute, Aralarrek eta EAk izan ezik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu