Nafarroako Gobernuak oraindik ez du zehaztu aurtengo aurrekontuetan nondik murriztuko dituen 104 milioi euro, eta 2012ko aurrekontu proposamena lantzen dabil. Atzo, datorren urteko aurrekontua onartzeko egutegia onartu zen Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen asteroko bileran. Nafarroako Gobernuak azaroaren 7an aurrekontu proposamena onartua izatea espero du, eta egun berean Parlamentura igorriko du proiektua.
PSNko Juan Jose Lizarbek komunikabideei azaldu die hasieran aurrekontu proiektua azaroaren 1ean aurkezteko asmoa zuela gobernuak, baina beste astebete atzeratu da. «Uste dugu arrazoizkoa dela aste bateko atzerapena, aurtengo aurrekontuetan izan berri diren doikuntzak aintzat hartuta». Lizarbek nabarmendu du gobernuak azaroaren 20ko hauteskundeak baino lehen aurkeztuko duela proiektua. «Guk ez dugu ezer ezkutatu nahi», azaldu du.
Nafarroako Kutxako sariak
Diario de Noticias-ek atzo kaleratutakoaren arabera, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak, Miguel Sanz lehendakari ohiak, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak eta Enrique Maia Iruñeko alkateak diru sari bikoitza kobratzen dute Nafarroako Kutxan. Aurrezki kutxan, erakunde sortzaileen batzordeko kide izateaz gain, batzorde iraunkorreko kidedira, eta bietan diru sariak jasotzen dituzte bileretara joategatik.
Enrique Maiak atzo argudiatu zuen ulertzen duela jendea sumintzea, baina nabarmendu du bi batzordeak publikoak direla kutxaren estatutu berrietan jasota daudelako.
Azaroaren 7an aurkeztuko dute aurrekontu proiektua
Nafarroako Gobernuak astebete atzeratu du asmoa; oraindik ez die doikuntzarik egin aurtengo aurrekontuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu