Ingurumena

Azido klorhidrikoa isuri du Hernaniko enpresa batek, eta langile bat zauritu da

Hernaniko (Gipuzkoa) Elecroquimica Hernani enpresan azido klorhidriko isuria gertatu da gaur goizaldean. Istripu horren ondorioz, langileetako batek erredurak ditu eskuetan, oinetan zein aurpegian, eta, gainera, hodei toxikoa sortu da lantegi barruan. Goizeko sei eta erdietan lortu dute balbula konpontzea eta isuritako azidoa kamioi zisterna batean sartzea. Jaurlaritzako Barne Sailaren arabera, hodei toxikoaren hedadura "oso txikia" izan da.

2004ko urtarrilaren 7a
15:08
Entzun
Goizaldeko 04:20tan jazo da isuria: langile bat biltegietako mailak aztertzen ari zen, eta, oharkabean, 40.000 litro azido klorhidriko zituen biltegi bateko irteera hodia apurtu du, eta azidoa ateratzen hasi da.

Biltegia ixten saiatzean, eskuak, oinak eta aurpegia erre ditu M.A.A.M. 37 urteko langileak, nahiz eta babesteko eskularruak eta betaurrekoak jantziak zituen. Donostiako Pakea osasun zentrora eman dute, eta hango iturriek azaldu dutenez, erredurak izan arren, langilearen osasun egoera ez da larria.

Jaurlaritzako Barne Sailak eta Hidroelectrica Hernani enpresako buruek azaldu dutenez, isurketa sosa kaustikoaren eta uraren bidez neutralizatzen saiatu direnean, hodei toxiko bat sortu da. Nolanahi ere, hodei hori lantegi barruan geratu dela eta oso hedadura txikia izan duela azpimarratu dute aipatutako iturriek. Dena den, une labur batez Hernanitik Goizuetara (Nafarroa) bitarteko errepidea moztu egin dute, badaezpada, hodei toxikoarekin zer gerta ere.

Azkenean, goizeko sei eta erdietan lortu dute balbula konpondu eta isuritako azidoa kamioi zisterna batean sartzea. Enpresako arduradun eta langileez gain, Jaurlaritzako Osasun Publikoko Larrialditako teknikariak, suhiltzaileak eta Hernaniko udaltzainak aritu dira isurketa kontrolatzeko lanetan.

Electroquimica Hernani enpresan aurretik izan dira beste isurketa batzuk; azkena urriaren 20an. Ordukoan, kloroa zuen gasa isuri zuen, eta narritadura arinak izan zituzten enpresako zenbait langilek eta baita inguruko lantegietako beste zenbaitzuk ere. Isuri horiek direla-eta, Electroquimica Hernani enpresa aztertzen ari dira azken hilabeteetan Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariak. Hernaniko Lastaola poligonoan dago aipatutako enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.