Espainiako Armadako teniente jeneral Jose Mena Aguadok Kataluniako Estatutuaz ari zela, honek edo beste batek Espainiako Konstituzioaren mugak gaindituko balituzte Armada kalera atera beharko luketela esan zuen joan den astean. Jeneralaren kargugabetzea erabakita, zortzi egunez etxean atxilotzeako egindua eman zuen Espainiako Defentsa ministro Jose Bonok.
Mena jeneralak egindako adierazpen horien inguruan hitz egin du gaur Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak: "Espero dugu armen zarata Katalunia eta Euskadi bezalako nazioen adierazpen demokratikoak ez errespetatzeko ez erabiltzea". Azkaratek ohartarazi zuenez, "estatu kolpearen aldeko hitzaldia egin duen militar baten eta honen hitzak publikoki babesten dituzten kideen aurrean gaude, eta bitartean sozialisten Gobernuak dio kasu bakana besterik ez dela eta irmotasunez jokatuko duela".
Jaurlaritzak dio ez dakiela noren ordezkari diren militar hauek. Era berean Azkaratek azaldu duenez, "arazoa ez da Mena jenerala, Kataluniako Legebiltzarrak demokratikoki hartutako erabakiak onartzen ez dutenen jarrera" baizik. "Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia errespetatu ez zuten bezala", gaineratu du.
"Ez gaitu kezkatzen jeneral baten iritziak, Bono, Gerra, Rodiguez Ibarra, Acebes edo Zaplana bezalako arduradun politikoek behin eta berriz esaten dituztenak baizik", azpimarratu du Azkaratek. Bozeramailearen hitzetan, arduradun politiko horiek "ukatu egiten dute hiritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea baita nolako elkarbizitza nahi duten erabakitzeko daukaten eskubidea ere". Horrexegatik, Jaurlaritza kezkatuta agertu da "beren hitza betetzen ez duten arduradun politikoen jarrerarekin".
Politika
Azkarate: "Katalunia eta Euskadi bezalako nazioen adierazpen demokratikoa ez errespetatzeko armen zarata ez baliatzea espero dugu"
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak adierazi duenez, Jaurlaritzak ez du nahi "Katalunia eta Euskadi bezalako nazioen adierazpen demokratikoa ez errespetatzeko, armen zarata baliatzea". Jarrera hori agertu du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Armadako teniente jeneral Jose Mena Aguadok joan den astean eginiko adierazpenen inguruan. Hala ere, Jaurlaritzaren ustez, arazoa ez da Mena jenerala "Kataluniako Legebiltzarrak demokratikoki hartutako erabakiak onartzen ez dutenen jarrera" baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu