Azken agirian "biktima guztiak" kontuan hartzeko eskatu dio Urkulluk ETAri

Komunikatua "desegiteko bidean egindako urratsa" izan dela adierazi du Nafarroako Gobernuak, eta nabarmendu du hark "behin betikoa" izan behar duela.

Iñigo Urkullu, artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ, FOKU
2018ko apirilaren 20a
06:41
Entzun

ETAren azken komunikatuaz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk nabarmendu du erakundeak "gatazkan parte hartu ez duten biktimak" aipatzen dituela, eta galdegin dio bere azken adierazpenean "biktima guztiak" har ditzala kontuan, eta aitor dezala bere ekintzek eragindako mina.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan Urkulluk esan du ETAren ekintzek kalte egin dietela "inolako erantzukizunik ez zuten herritarrei". Dena den, aurreratu du hausnarketa sakonagoa egingo duela, ETA, bere kabuz, "behin betiko" desagertzen denean. "Gustatuko litzaidake haren azkenak oinarri etiko bat izatea".

"Gaurkoa desegiterako urrats bat da, eta hura heltzen den artean, ETAk edo haren komunikatua idazten dutenek aukera dute azken adierazpen horretan biktima guztiak haintzat hartzeko eta haien ekintzek eragindako mina aitortzeko", gaineratu du lehendakariak.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak nabarmendu du gaurkoa "egun garrantzitsua" dela. "Urte gehiegi" dira, Solanaren iritziz, Nafarroako gizarteak ETAren hitz horiek eskaten zituela. "Gaur argi pixka bat gehiago dugu". Gabernuak ETAren adierazpena aztertuko duela iragarri du.

Nafarroako Gobernuak berak komunikatua plazaratu du esanez elkarbizitza urratu zutela "ideia edo proiektu bat defendatzeko armak hartzeko ahalmena zutela pentsatu zutenek". Hala, ohartarazi du ETAren desegiteak ezin duela zalantzarik utzi, "argia eta sendoa" izan behar du. Bide batez, gogorarazi du elkarbizitza bermatzeko beharrezkoa dela oinarri etikoak egotea, "giza eskubideak, bizitza eta giza duintasuna zalantzan jar ez daitezen".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.