Kantonamenduetako bozak

Azken aldikoz aukeratuko dituzte kontseilari nagusiak martxoan

Ipar Euskal Herriko 10 kantonamenduetan eginen dira bozak azken aldikoz, horien desagertzea dakarrelako lurralde erreformakHautagai anitz dira eskuinean eta ezkerrean; EH Bai eta EAJ dira zerrenda abertzaleak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Martxoaren 20 eta 27an, betiko azkenak. Sei urterako ez, baina hiru urterako, 2014an desagertuko baitira kontseilari nagusiak, Frantziako Gobernuak behin betikoz abenduaren 17an bozkatu lurralde erreformaren ondorioz. Hain zuzen, 2014tik aitzina lurraldeko kontseilariak dira izendatuko, horiek Akitaniako baita Pirinio Atlantikoetako departamendu kontseiluetan egongo dira. Baina azkenak izateak eta hiru urterako bakarrik izendatu beharrak ez dute boz horien garrantzia kentzen. Hauteskunde giroa sendi da, eta alderdi bakoitzak aurkezturik ditu hautagaiak eta programak, ezkerra eta eskuina berriz zeingehiagoka hasiak direlarik.

Ipar Euskal Herriko 21 kantonamenduetarik 10etako herritarrek dute beren kontseilaria izendatuko —besteetan, 2008an zituzten izendatu—: Zuberoan, Atharratzen; Nafarroa Beherean, Garazin eta Iholdin; Nafarroa Beherea eta Lapurdiren artean, Bastidan; baita Lapurdiko Hazparnen, Baiona ekialdean, iparraldean eta mendebaldean, Miarritze mendebaldean eta Angelu iparraldean ere.

Nahiz gutxiengoan gelditu, sekula baino ezkerreko kontseilari nagusi gehiago dira azken agintaldi horretan Pauen. Kontseiluan gehiengoa osatzea da ezkerraren helburua, ez duelako horrelakorik inoiz lortu. Azken aldian kasik lortu zuten: ezkerrak 26 aulki eta eskuinak 25 ukanik, Alain Iriart kontseilari independente abertzaleak eskuinari emanik sostengua, erdiz erdi banaturik gelditu zen Kontseilua. Horrelako kasuetan presidentetza hautagai zaharrenari emana denez, Jean Castaings Bastidako UMPko kontseilariak hartu zuen, eta eskuinaren eta zentristen aldera egin zuen gehiengoak. Bere 73 urteak bizkar gainean, aurten ere aurkeztekoa da; hori dela eta, berdinketa gertatzen balitz berriz, eskuina geldituko litzateke nagusi.

Parekotasuna kontuan harturik, ezkerrera pasa daitekeelako «arriskua» badela argi aitortu zuen UMPk urtarrilean egin aurkezpen prentsaurrekoan. Haientzat arriskua, sozialistentzat «aukera». Hori dela eta, akordio bat adosturik dute eskuineko UMP eta Forces 64 zentristek: lehen itzulian bakoitzak aurkeztuko du haren zerrenda, baina bigarren itzulian, emaitza hobea lortu duenari utzi beharko dio tokia, sostengua erakutsiz. Baina kantonamendu batzuetan joera bakoitzetik hautagai bat baino gehiago izan daitezke. «Etiketarik gabe» aurkezten direnak ere badira, kartarik ez ukan arren, tendentzia baten isla dutela maiz. Goraipatzen duten bateratzea ez da sinpleki gauzatzen, beraz. Eskuin muturreko Fronte Nazionala Miarritze mendebaldean, Angelu iparraldean eta Baiona iparraldean aurkezten da.

Ezkerrean ere bateratzea «beharrezkoa» dela diote; alta, begiratzen bada, ez da horrelakorik ikusten. Sozialistak eta Ezkerreko Alderdi Erradikalak alde batetik, Alderdi Komunista eta Ezkerreko alderdiak osatu Ezkerreko Frentea bestetik baita Europe Ecologie-Berdeak eta NPA. Ezkertiarrek hautu andana ukanen dute kantonamendu bozetarako.

Abertzaleak ere hautagai

Ezkerreko abertzaleak ere presente izanen dira, 2004an ez bezala baturik aldi honetan, ABk, Batasunak eta EAk EH Bairen parioa egin dutelako. Bai globalki, bai lokalki, «egiazko politika alternatibo bat» plantan jarriko duen hautagaitza gisa aurkeztu dute beren burua abertzaleek. Batetik, Euskal Herriaren «ezagutza eta aitortza instituzionalaren» eskakizunean sakontzeko, eta, bestetik, Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herritarrak «duintasunez bizitzeko behar dituzten zerbitzuak» erdiesteko ahalegina egiteko prest agertu dira.

Gutxitan gertatu da kontseilari abertzalea izatea, baina gertatu da: 2001ean lehen aldikoz ABko Jean Mixel Galant izendatu zuten Baigorrin, Alain Iriart (AB) Hiriburuko auzapeza ere kontseilari bihurtu zen 2008an, independente gisa aurkeztuz. Aurten ere gerta daiteke horrelakorik; Iholdiko kantonamenduan EH Bairen zerrenda buru Daniel Olzomendik du xantza gehien. Abertzaleen bozak segurtaturik, haragotik ere ukanen ditu. Europe Ecologie-Berdeek ez dute hautagairik aurkeztu Iholdin, baina zehaztu dute Olzomendi sostengatzen dutela, eta berdin egin dute sozialistek. Izurako auzapeza izateaz gain, Nafarroa Beherea trabeskatu beharra zuen 2x2 bide egitasmoaren aurkako borrokan aritu zen Leia elkarteko presidente gisa.

Koalizioaren alde agertu badira ere hiru alderdiak, ez dira abertzale guztiak horren barnean aurkeztuko. Miarritzen, adibidez, abertzale eta independenteen artean osatu Miarritze Bestelakoa zerrendan aurkeztuko dira batzuk, herriko etxean euskara arloko axuant Maialen Etxeberri (AB) zerrendaburu. Angelun berdin: Angelu Zain taldea aurkeztuko da, Iñaki Saldumbide (AB) zerrendaburu. EAJk sostengua adieraziko dio Angelu Zaini.

EAJk ere hautagaiak aurkeztu ditu Baiona ekialdean, iparraldean, Miarritze mendebaldean, Iholdin eta Garazin, «gizarte abertzale eta humanista» sustatzeko asmoarekin. Euskal lurralde elkargo baten aldarrikapena ere entzunaraziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.