Azken bilera aitortua

Gaur zazpi urte, bilera egin zuten ETAko ordezkaritzak eta Espainiako Gobernuko ordezkariek, Suitzan

Imanol Murua Uria.
2006ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bilerara sartu zirenean, baten batek argazkia egin ziela ohartu ziren ETAko bi solaskideak. «Eta kanpoan egin diguzuen argazkia, zer?», galdetu zieten Espainiako Gobernuko ordezkariei gero bileran, segurtasun gaiei buruz ari zirenean. «Gu ez gara izan. Baliteke beste indar batzuek esku hartu nahi izatea. Pertsona bakarrak dauka bilera honen berri, gu hiruroz gain», erantzun zuen Gobernuko ordezkarietako batek.

Jose Maria Aznar zen bilkura haren berri omen zeukan pertsona bakar hori, eta Javier Zarzalejos (Gobernuko Lehendakaritzako idazkari nagusia), Pedro Arriola (Aznarren aholkularia) eta Ricardo Marti Fluxa (Espainiako Poliziako burua) izan ziren haren ordezkari Zurichen (Suitza) egin omen zen bileran. Mikel Albisu eta Belen Gonzalez Peñalba izan ziren ETAren solaskideak, eta Juan Maria Uriarte apezpikua bitartekaria. 1999ko maiatzaren 19a zen, gaur zazpi urte. Hamar urte lehenago Eugenio Etxebeste eta Rafael Vera buru zituzten bi ordezkaritzak Aljeriako hiriburuko jauregi bateko mahaitik altxatu zirenetik, Espainiako Gobernuko eta ETAko bi ordezkaritza aurrez aurre eseri ziren lehenengo aldia zen.

ETAk akta baten bidez eman zuen bilera hartako xehetasunen berri, 1998ko su-etena hautsi zenean ezagutarazitako beste hainbat agirirekin batera. Orain, Zutabe aldizkariaren 110. zenbakian, su-etenari buruzko monografikoan, bilera hartaz eta Espainiako Gobernuarekin izandako bestelako harremanez zehaztasun gehiago eman ditu.



SEGURTASUNA. Bileraren lekua, ordua eta eguna ETAk jarri zituen, «Espainiako Gobernuak hala eskatuta», Zutabe agerkarian aitortu duenez. Lekuari buruz, baina, «Europako herri batean» egin zela besterik ez du zehazten, «Euskal Herritik, Frantziatik eta Espainiatik at». Gobernuko ordezkariek azken unera arte ez zuten jakin bilera non eta zer ordutan egingo zen. Halaxe zioen behintzat Javier Zarzalejosek, ETAren aktan jasota dagoenez: «Atzo goizeko hamaiketan jakin genuen bilera X-en izango zela, gero jakin dugu Y-n [izango zela], eta orain Z-n gaude». Hala ere, ETAk «bi dispositibo» atzeman zituen bilera zaintzen, erakunde armatuak berak ere «segurtasun neurriak» hartu baitzituen, Zutabe-n azaltzen duenez.

Segurtasuna izan zen, hain zuen, bileraren gaietako bat. «Koiunturetatik kanpo» egongo litzatekeen «komunikazio kanal egonkorra» eratzea proposatu zuen, ETAren izenean, Mikel Albisuk -Antza-k, aktan-, eta bide horren segurtasuna nola berma zitekeen galdetu. «Kontua da ETAk Gobernuarekin hitz egin nahi duenean Madrilera ez joan behar izatea, Barne Ministerioaren atea jotzera, edo Gobernuak ETArekin harremanetan jarri nahi duenean, Baiona Ttipira ez joan behar izatea kontaktu bila». Azkenean, beste bilera baterako «atea zabalik» utzi zuten, eta ordura arteko komunikazio bideari eustea erabaki, Uriarte bitartekariaren bidez alegia, eta idatziz. ETAk proposatuta, bigarren bilerarako logistikaren ardura bitartekariak hartu zuen, denen adostasunarekin.



FILTRAZIOA. Jakina denez, maiatzaren 19ko hura izan zen ETAren eta Aznarren ordezkarien arteko bilera bakarra. Harremanaren berri ematea -eta emateko modua- hitzartu zuten bi aldeek, «espekulazioak aldera batera uzteko», baina bitartekariaren izena eta izaera ezkutuan gordeta. ETAk Zutabe-n dioenez, «adostutako apurrak ere ez ziren bete», ordea. «Bilkuraren berri prentsa filtrazio bidez eman zuen Espainiako Gobernuak. Horrekin batera bilkuraren hainbat xehetasun, zuzen eta oker prentsaren bazkarako eskaini zituzten eta batez ere bitartekariaren nortasuna agerian utzi zuten». Ondorioz, «hurrengo bilkurarako prozesua bertan behera uztea» erabaki zuen ETAk.

Zazpi urte geroago Zutabe-n plazaratutako ondorioetan dioenez, ETAren ustez Espainiako Gobernuaren xedea Lizarra-Garaziko prozesu politikoan «interferentzia burutzea» besterik ez zen, «horretarako sasi elkarrizketa batzuen bidez iniziatiba hartu eta ikuspegiak desbideratzea» lortu nahian.

Suitzara zertara joan ziren beste hitz batzuekin adierazi du Aznarrek aurten: «Helburu bakarrarekin joan ginen: errenditzeko prest zeuden edo ez zeuden egiaztatzera». ETAk jasotako aktan, baina, besterik ageri da Zarzalejosen ahotan, Espainiako GobernukoLehendakaritzako idazkari zenaren ahotan: «Ez dugu uste ETA errenditu egingo denik. Badakigu ETAk oraindik hiltzeko ahalmena duela. (...) Gerturatze ahalegina egin dugu. Ez gatoz ETA garaitzera».

[email protected]





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.