POLITIKA

Azken egun hauetan bi euskal presok jasotako tratua gaitzetsi du Etxerat-ek

Marilo Gorostiagari aske geratu behar zuen egunean esan diote zigorra otsailera arte luzatu diotela, eta Ventura Tome Euskal Herriratzeari uko egin dio Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Gorostiaga etxean ari da zigorra betetzen 2008az geroztik, gaixotasun larri batengatik, eta Tomek etxera gerturatzeko eskatu zuen, duen gaixotasuna "modu egokiagoan" tratatu ahal izateko.

2013ko abuztuaren 8a
18:39
Entzun

Atzo bete zuen Marilo Gorostiagak 1994ko abenduan atxilotu zuteneko zigorra. Etxerat-ek salatu duenez, baina, aske geratu baino egun batzuk lehenago jakinarazi zioten zigorra 2014ko otsailaren 26ra arte luzatu diotela. 2008az geroztik etxean ari da Gorostiaga zigorra betetzen: 100.2 artikulua aplikatu zioten, pairatzen dituen gaixotasunak direla eta (tartean minbizia). Uztailaren 30ean, Iruñeko espetxera sinatzera joan zenean, jakinarazi zioten 2002 eta 2003ko luditze bajengatik zigorra luzatu diotela. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Espetxe Zaintzako epaileak Iruñeako espetxeak proposatutako baja horiek onetsi egin ditu, "bajan emateko baldintzak jada erabat preskribatuak daudenean". Gorostiagaren abokatuak bi auto horien aurkako helegitea jarri du, eta horiek ebatzi zain daude momentuan.

Tomek ere minbizia du, eta erradioterapia sesioak jasotzen ari da Murtziako Ospitalean. Etxerat-ek ekainean salatu zuen "oso baldintza txarretan" ari dela Tome sesio horiek jasotzen —"eskuburdinak jarrita eta poliziak kontsulta barruan daudela, besteak beste"—. Guardia zibilen jarrera "benetan salagarria" da Etxerat-en ustez, eta baieztatu du "izugarrizko tentsio uneak" sortzen dizkiotela jarrera horiek Tomeri. Horregatik, Euskal Herrira gerturatzeko eskaria egin zuen, baina jakinarazi diote bere eskaera ukatua izan dela, "segurtasun neurriak" tarteko —"espetxetik ospitalerako lekualdatzeetan egon daitezkeen arriskuak, ihesaldirako arriskua…"—. Etxerat-ek baieztatu du "ezinbestekoa" dela Tome Euskal Herrira ekartzea, "bere osasun egoera hobetzeko asistentzia eta babesa bermatzeko gutxieneko baldintzak egokiakoak" izango direlakoan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.