Gaur hartuko du Nafarroako lehendakari kargua Yolanda Barcinak, eta bihar, gobernuko kontseilariek. Atzo, prentsaurrekoan, Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariek salatu zuten azken hamarkadetako «gobernu atzerakoiena» izango dela. Ramirezek esan du Madrildik zehaztuta diren aurrekontu murrizketak ezarriko dituela gobernu berriak, eta horren erakusletzat jo du hezkuntzan 250 lanpostu publiko kentzeko asmoa. Murrizketa horiek ezkutatzeko Bildu «aitzakia gisa» erabiltzea aurpegiratu die bi alderdiei.
Bakartxo Ruizen arabera, berriz, itun horren edukiek PSN «goitik behera» lotzen du «oposizio txikiena egin ahal ez izateko». Ruizen irudiko, «Nafarroako politika herritarren borondatean oinarritu beharrean, Konstituzioaren eta Foru Hobekuntza antidemokratikoaren esparru estuari lotuta geratu ez ezik, UPNren interes esklusiboei eta PSNren menpekotasunari lotuta geratuko da». Haren ustez, azken egunetako protesta eta aldarrikapenei «entzungor egiten» jarraituko dute UPNk eta PSNk.
Zerga sisteman, esanguratsutzat jo du Bilduk zehaztutako neurrietako bat kapitalen gaineko zergak jaistea izatea: «Hau da, kaleko jendearen patrikak xahutzen jarraituko dute, bankaren eta espekulatzaile handien mesedetan».
Azpiegiturei dagokienez, Ramirezek azpimarratu du abiadura handiko trena, Nafarroako ubidea edo beste hainbat proiektu berraztertu beharrean horietan aurrera egiteko konpromisoa duela gobernuak: «Oinarrizko gizarte beharrei aurre egiteko behar den dirua eraikuntzako eta zementugintzako enpresa handien mesedetan jarriko dira».
Osasun eta hezkuntza arloan, berriz, «pribatizazioaren aldeko apustua» egiten dela dio Bilduk, eta adierazgarritzat jo du bi kontseilariak —Marta Vega eta Jose Iribas, hurrenez hurren— enpresa mundutik eta unibertsitate pribatuaren eremutik etortzea. Halaber, euskara bultzatzeko neurri bakar bat ere ez dutela proposatu salatu dute.
Ezkerraren eskaera
Hezkuntzako enplegu murrizketak ikusirik, Ezkerra koalizioak Jose Iribas izendatzear den Hezkuntza kontseilariari eskatu dio prozesu hori gerarazi dezala. Ezkerrak beharrezkotzat jotzen du uztailean Parlamentuak lan egitea eta hezkuntza batzorde berezi bat sortzea gai hori lantzeko. UPNri «interes pribatuen alde» lan egitea leporatu dio Ezkerra koalizioak.
Azken hamarkadetako gobernu atzerakoiena izango dela dio Bilduk
Gizarte murrizketak ezkutatzeko Bildu aitzakia gisa erabiltzea egotzi dio koalizioak Barcinaren gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu