Azken harroaldiaren esperoan

Heldu da Korrika Donostiara, eta jendez lepo bete ditu bertako kaleak. Martin Ugalde kultur parkera ere sartu da, eta bertan hartu dute lekukoa BERRIAko langileek.

KORRIKA
BERRIAko Amagoia Mujika eta Mikel Elkoroberezibar lekukoa eskuan dutela, Andoainen, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
ANDOAIN
2024ko martxoaren 23a
19:53
Entzun

«Jada bukatzen ari da; zer pena». Furgoneta gidari batek besteari esandakoak ederki laburbiltzen du furgonetako gidariek baina baita Euskal Herriko euskaltzale gehien-gehienek ere sentitzen duten atsekabea. Bai, 23. Korrika amaitzear da, bihar egingo baititu azken kilometroak, Baionan.

Eta orain, zer? Hori pentsatuko dute zenbaitek; Korrikaren zuzenekoa ia droga bat balitz bezala kontsumitu dute euskaltzale askok eta askok: esnatu eta lehen lana, 24 orduko emankizuna piztea; oheratzerako azkena, Korrika non ote dabilen begiratzea. 

Zuzeneko emankizun horren atzean ere badago lana, lan ikusezina. Hamaika telebistako bi kide ari dira grabaketa lanetan. Nagore Sarasola da horietako bat: «Bi txandatan antolatzen gara, eta furgoneta gidariekin ibiltzen gara txandetan». Lana gogotik egiten dute, baina pozik dago Sarasola: «AEK-ko furgoneta gidariekin gabiltza, eta, egia esan, jende honekin edozer, edonon eta edonora».

Baina irudiak grabatzea ez da nahikoa. Goizetik gauera furgonetan pasatzen du eguna Julen Badiola Badi errealizadoreak. Izan ere, aurten lehenengo aldiz, furgonetan bertan errealizatzen dituzte Korrikaren zuzenekoaren irudiak. Badiolak azaldu duenez, bi kamera dituzte: GoPro bat, plano orokor bat grabatzen duena, eta bestelako kamera bat. «Bat eta bestea aldatuz joaten gara», adierazi du. Gainera, aurten estreinakoz, drone bidez ere aritu dira Korrikaren irudiak hartzen. Gero milaka etxetan zuzen-zuzenean ikus dezaten Korrikan gertatzen den guztia –edo ia guztia behintzat—: «Furgonetan dauzkagun traste guztiekin seinalea EITBra bidaltzen dugu, Youtubera».

Gipuzkoan barna

Laster, beraz, Korrikarik ez, ezta zuzenekorik ere, baina bitartean oraindik badira gozatzeko kilometroak, oraindik badago zer kontatua eta zer bizitua. Eta gaurko egunak ere askorako eman du. Larunbata izaki, erruz bat egin du jendeak Korrikarekin. Debagoienean hasi du eguna Korrikak, Gipuzkoan, baina goizaren zatirik handiena Goierrin pasatu du. Jendetzak egin du bat euskararen aldeko egitasmoarekin Lazkaon, Beasainen, Ordizian, Itsasondon... Alabaina, herri batek ilusio bereziarekin egin dio ongietorria: Gabiriak. Izan ere, Korrika sekula bertatik pasatu gabea zen.

Euskaltzaleek indar erakustaldia egin dute euskara nahiko sendo dagoen eremu horretan ere: kaleko elkarrizketen %36 dira euskaraz Goierrin. Halere, herritik herrira badago aldea, eta txikienak dira euskaldunenak. Horietako bat da Segura. Euskara sendo dago herrian, baina bertako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara taldeko kide Alaitz Imaz Arrondoren arabera, badago euskara elkarteen beharra euskara ugari entzuten den herrietan ere: «Ezin gara lasaitu, lasaitzeak erabileran behera egitea dakarrelako, eta, egindako azken kale neurketen arabera, asko ez, baina koxka bat behera egin du euskararen erabilerak Seguran». 

«Hitanoaren inguruan bagenuen kezka, eta elkartearen lan ildorik garrantzitsuena 
bihurtu dugu».

ALAITZ IMAZ ARRONDOSegurako euskara elkarteko kidea

Batez ere, gazteen atxikimenduan ikusten du ezina: «Euskara bere sentitzen ez duen horrek egunerokoan ez du erabiliko. Eta hori gertatzen ari da Seguran ere. Gu haurrak ginela, denok euskaraz hitz egiten genuen gure artean, eta, gaur egun, badaude beren artean gaztelaniaz hitz egiten duten haurrak. Herri gisa, badugu zertan eragin, eta helduok eredu izan behar dugu». 

Beraz, Segurako euskararen erabileran eragin nahi dute, baina bereziki hitano hiztunak irabazi nahian ari dira. Galera bat ikusten dute: «Belaunaldi baten buruan hitanoaren, eta bereziki nokaren, erabilera zenbat gutxitu den ikusteak kezkatu egiten gintuen, eta, bide batez, baita errudun sentiarazi ere. Izan ere, gure belaunaldia da noka apenas erabiltzen duen lehenetarikoa». Horri buelta ematea dute xede: «Elkarteko kideok gure artean hika aritzeko konpromisoa hartu genuen hasteko, eta, hortik aurrera, hitanoaren inguruan genuen kezka elkartearen lan ildorik garrantzitsuena bihurtu dugu».

Xuhar Pazos Korrikan

Goierritik Tolosaldera egin du eguerdian, eta jendez lepo bete dira, esaterako, Tolosako kaleak. Baina kilometro bat nabarmentzekotan, 2.454.na izan da berezia: Ertzaintzak begian zauritutako Xuhar Pazos gazteak hartu du Onddo gazte asanbladaren kilometroaren lekukoa.

Handik, berriz, Buruntzaldera egin du Korrikak. Euskararentzat arnasgune eta arnas emaile nagusietako batera ere egin du bisita: Martin Ugalde kultur parketik egin du bira. Eta bertan eraman dute lekukoa BERRIAko zuzendari Amagoia Mujikak eta Mikel Elkoroberezibar kazetariak. Langile saldoa izan dute atzetik.

Egun osoan aritu da jendetza korrika euskararen alde. Baina Korrikak iluntze aldera jo du goia: Donostian milaka pertsona batu dira lasterka egitera. Bete ditu Parte Zaharreko kale estuak, baita hiriko etorbide zabalak ere. 

Halaxe izango da bihar ere. Izan ere, hamar gau eta 11 egunen ostean, Baionan amaituko da 23. Korrika. Orduan jakingo da nork idatzi duen Euskal Herri osoko 2.792 kilometro eskuz esku pasatu dituen lekuko barruko mezua. Dena ondo bidean, 12:30erako iritsi behar luke lekukoak herriko etxeko atarira. Hortik aurrera, egun osoko festa izango da Lapurdiko hiriburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.