Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren obrak eteteko eskatu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT), munduan egin diren azken ikerketa zientifikoek berriz ere erakutsi dutelako inguruko biztanleek gaixotasunak garatzeko arrisku handiagoa dutela urrunago daudenek baino.
Usurbilen (Gipuzkoa) gaur eginiko agerraldi batean hiri hondakinak erraustearen eragina aztertzen duten osasun arloko profesionalek azken ikerketen emaitzen berri eman diote iritzi publikoari: Besteak beste, 2011n Ranzin eginiko ikerketak erakusten du pleurako eta maskuriko minbiziaren hilkortasun tasa areagotu egin dela. 2014an Golinin egindakoak, berriz, gaixotasun kardiobaskularrak eta arnas sistemakoak izateko arriskuaren hazkunde bat atzeman du. 2015ean Ancoran pankreako minbiziaren igoera bat detektatu dute, eta, horrekin batera, gibeleko eta baita laringeko minbizi kasuengatik ospitaleratzeen hazkunde bat ere. 2016an, Minchilinen, gaitz kardiobaskularren igoera batez ohartu ziren, eta OMEk urte horretan bertan ohartarazi zuen erraustegi modernoek ere eragina dutela biztanleriaren osasunean.
OEITk kezka azaldu du Zabalgarbi inguruko landaretzan topatutako artseniko kopuruaren hazkundearengatik eta Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ikerketa bat eskatu dio frogatzeko ea nondik datorren artseniko hori. Bitartean Bizkaiko erraustegiaren funtzionamendua gelditzeko eskatu du.
Aipatutako ikerketa horiek guztiak sare sozialetan zabalduko ditu OEITk, eta iragarri du Gipuzkoako eragile ezberdinekin bilera sorta bat hasiko duela, "erraustegiak osasunerako kaltegarriak diren ebidentzia zientifiko nahikoa dagoela jakinarazteko".