Gasteiz

Azken katebegia, etorkizunari so

Berezia izan da giza katea Araban: bertan egin dituzte azken kilometroak milaka lagunek, eta bertan irakurri dute azken mezua, Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren parean. "Erabakitzeko eskubidea gauzatzea giltza izango da hurrengo aroan", adierazi dute.  

Giza katearen azken kilometroa Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan. JAIZKI FONTANEDA
edurne begiristain
2018ko ekainaren 10a
19:04
Entzun

Gasteizen eta Araba osoan milaka lagunek eman diote eskua eta zapia elkarri erabakitzeko eskubidearen alde. Kilometro guztiak bete dira herrialdean: 70 kilometro baino gehiago izan dira guztira, eta horietako azken zortziak hiriburuan. Goiz-goizetik sumatu da mugimendua Arabako txoko askotan. Eguraldia lagun, jendetza atera da herri, errepide eta bazter ugaritara eskuz esku giza katea osatzera: Laudion, Amurrion, Murgian... Eguerdirako, milaka herritar elkarri lotuta egon dira, eta giza kate koloretsua osatu dute herrialdean.

Gasteizen, azken katebegia

Gasteizko ibilbidea izan da jendetsuena. Denera, 5.000 lagun behar ziren Gasteizko zortzi kilometroak betetzeko, eta aise gainditu da langa hori. Hiriburuko ibilbidea Etxabarri Ibiñan hasi da. Hor ezarrita zegoen Gasteizko giza katearen hasierako puntua, eta dozenaka autobus iritsi dira hara goizean, kilometroak betetzera. Aldarrikapenek ere izan dute beren tokia ibilbide guztian. Besteak beste, 193. kilometroan, Agurain eta Gasteiz artean, Altsasuko Gurasoak egon dira, "Espainiako Estatuaren errepresioa" salatzeko. Hortik aurrera, zenbait kilometrotan lekukoa hartu dute bestelako salaketek eta aldarrikapenek: sindikatuenak Mendigureneko bidean; okupazioarenak eta gazte mugimenduarenak Abetxuku eta Arangizen artean; aniztasunarenak Abetxukun bertan; kulturak eta euskarak Arriagako Atean; feminismoak Aiztogile kalean, eta pentsiodunek Gasteizko azken kilometroan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Gasteizen, giroa aparta izan da eguerditik aurrera. Hamabiak jo baino ordubete lehenago sumatu da jendetza hiriko kaleetan, eta herritarrekin batera, EH Bilduko eta EAJko hainbat ordezkari politiko ere batu dira giza katera. Besteak beste, azken kilometroan parte hartu dute Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak. Haiekin batera izan dira bi alderdietako beste ordezkari politiko batzuk ere. Denek azpimarratu dute euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela, eta giza katea horren adierazle argia izan dela.

San Miguel elizako kanpandorreak eguerdiko hamabiak jo, eta osatuta geratu da ofizialki giza katea. Orduan eman diote eskua elkarri milaka lagunek Gasteizen, eta gauza bera egin dute Araba osoan ere. Andre Maria Zuriaren plaza izan da giza katearen tokirik esanguratsuena, han irudikatu baitira azken kilometroaren azken metroak. Eskuak altxatuz, abestuz eta dantzatuz ospatu dute gasteiztarrek giza katearen amaiera, jai giroan.

Giza katearen azken katebegia sinbolikoa izan da oso. Eusko Legebiltzarraren parean egin ditu azken metroak erabakitzeko eskubidearen aldeko ekinaldiak, eta bertan irakurri dute azken mezua. Aroa Arrizubieta 16 urteko bertsolari arabarra izan da giza katearen azken katebegia. Hark hartu du azken metroaren lekukoa, eta Paulo Muñoak Donostian hasitako giza kateari amaiera eman. Bertsolari gazteak bi bertso abestu ditu, Altsasuko gazteak, emakumeak eta pentsiodunak gogoan hartuta.

'Herritarron ituna', Eusko Legebiltzarrera

Giza katea amaitzear zela iritsi da Herritarron ituna Eusko Legebiltzarraren parera. Donostiatik Gasteizera, eskuz esku iritsi da amaierara, parte hartzaileen txalo artean. Eusko Legebiltzarrera eraman dute "2019 arrazoien bilduma", datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauza dadin. Orduan hartu dute hitza Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kideek. Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren "aro berria" hasi dela aldarrikatu dute euskaraz eta gazteleraz irakurri duten mezuan. Herri dinamikako bozeramaileek iragarri dutenez, lan esparruak zabaldu eta sakontzeari ekingo diote aurrerantzean, uste baitute estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula "denon artean eta adostasun zabalak bilatuz" eraiki behar dela, "modu librean eta demokratikoan". Horretarako, GEDek erabakitzeko eskubidearen aldeko sare iraunkorra sortuko du, Euskal Herriko lurralde guztiak aintzat hartuz. "Erabakitzeko eskubidea gauzatzea giltza izango da hurrengo aroan", nabarmendu dute.

Mezua irakurrita, amaiera eman diote Donostia, Bilbo eta Gasteiz eskuz esku lotu dituen 201,9 kilometroko giza kateari. Hortik aurrera, festa giroan murgildu da Gasteiz.

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.