Azken keinua, agur esateko

BAKek 25 urteko ibilbidea amaituko du gaur, Bilboko kaleetan egingo duen manifestazio batean

BAKeko kideak, gaurko manifestazioaren aurkezpenean. J. HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak agur esango dio gaur 25 urteko ibilbideari, Bilbon egingo duen manifestazio batean. Koordinakundearen azken ekitaldia izango da. ETAren jardun armatuaren amaierak bultzatu ditu BAKeko kideak erabaki hori hartzera.

Manifestaziorako hautatutako leloak —Lortu dugu— erakusten du manifestazioaren filosofia. Duela 25 urte sortu zen BAK, euskal gatazkarekin loturiko «indarkeriazko ekintza oro» salatzeko. Erakunde armatuaren erabakiak, baina, eraman ditu agur esatera. Jesus Herrero BAKekobozeramaileak azaldu duenez, manifestazioak «ospakizun» kutsua izango du, «ETAren indarkeria terroristaren mehatxurik gabe egiten den lehen manifestazioa izango delako».

Horrez gain, aldarrikapenek bere lekua izango dute martxan. Herrerok adierazi duenez, «gai garrantzitsuak» daude oraindik konpontzeko; besteak beste, «hamarkadetako historiaren kontaketa», «oinarri etikoen» sendotzea eta gatazkak eragin dituen «biktima guztien» erreparazioa eta justizia egitea.

Bizkaiko hiriburuko Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean. Manifestazioarekin bat egin dute Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta kultural ugarik; besteak beste, martxan izango dira Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta EAJ, PSE-EE, PP, EA, EB, Ezker Anitza eta Geroa Baiko ordezkariak.

90eko hamarkadako ikur

1986. urtean sortu zen Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea. Urte horretan, ETAk 40 pertsona hil zituen, tartean Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes erakunde armatuko zuzendaritzako kide izandakoa. BAKek atentatu horiek guztiak salatu zituen, eta hainbat kontzentrazio egin zituen. 1988an egin zuen bere lehenengo manifestazioa, Bilbon, Bakea zure esku dago lelopean. 1989an, Eusko Legebiltzarrak 1990eko Nobel sarirako proposatu zuen.

90eko hamarkadan izan zuen indar gehien BAKek, eta garai hartan ETAren jardunaren aurkako ikur bihurtu zen xingola urdina sortu zuen. Denborak aurrera egin ahala, koordinakundearen presentzia txikitzen joan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.