Amaitua behar zuen Amaia Azkueren hilketari buruzko epaiketak, baina gaur behintzat segituko du. Atzo, azken ondorioak aurkeztu aurretik, eginbide gehiago eskatu zituzten defentsako abokatuak eta Fiskaltzak, eta baietza eman zien epaileak. Bere tesia indartu nahi du defentsak froga horiekin, baina akusazioak uste du ez duela lortuko orain arteko frogak ezbaian jartzea. Arratsaldean aurkeztuko ditu frogak. Gaur-biharretan amaituko da epaiketa.
Astebetean epaiketa amaitzea espero zuten, baina luzatu egingo du froga berriak eskatu izanak. Amaia Azkue hil eta urtebetera ari dira ustezko hiltzailea epaitzen; ostiralean bete zen urteurrena. Azpeitiko mutil gazte bat, 18 urtekoa, da akusatua. Abuztuan fiskalarenean bere kabuz agertuta aitortu zuen hilketa, baina joan den hilean ukatu egin zuen; epaiketan ere gauza bera egin du.
Akusatuak Azkue hil zuela esateko frogarik ez dagoela ari da defendatzen haren abokatua epaiketan, eta tesi hori indartu nahi du gaur aurkeztekoak dituen frogekin. Hala esan du Joanes Labaien abokatuak: «[Eginbide berriak eskatzea] Aldeek daukaten eskubide bat da, gauzak hobeto argitzeko edo euren teoria sustatzeko». Epaiketa hasi aurretik ere saiatu zen Labaien froga gehiago eskatzen; izatez, hasierako zigor eskarian, akusatuaren aurkako auzia ixteko eskatu zuen, eta jarraitzeko ikertzen hilketa.
Ertzaintzaren frogak giltzarri
Akusatua hilketarekin lotzen duten frogak aurkeztu dituzte epaiketan. Ertzaintzak bildutakoak daude batetik: mutil gazte azpeitiarraren DNA aurkitu zuten Azkue zenaren autoan, gidariaren aldean, baita eskularru batzuetan ere; eskularru horiek ibilgailu barruko objektu batzuen artean agertu ziren, edukiontzi batean. Gainera, Poliziak frogatu du mutilaren oinetako batzuetako lokarriarekin lotu zutela Azkue. Bestetik, akusatuaren hasierako aitortza dago: andrearen hilketa bere gain hartu zuen, fiskalarenera joanda. Ordurako, susmagarrien artean sartuta zeukan Poliziak.
Mutilaren aurkako froga horiek guztiak «ahuldu» nahi ditu defentsak, baina orain arte behintzat ez du lortu. Hori esan du Miguel Castellsek, akusazioko abokatuak. Onartu du ezustekoa izan dela froga berriak aurkezteko eskaria, baina ez du uste garrantzi handia izango dutenik: «Oso sendoa da Ertzaintzaren aldetik jasotakoa. Ez genuen espero intzidentea, baina, nolanahi ere, uste dugu ez dela ezertxo ere aldatuko».
Akusazioak uste du nahiko froga badagoela mutila hiltzailetzat jotzeko, nahiz eta lekuko zuzenik ez dagoen. Mutilak ukatu egin du hori birritan —Fiskaltzarenean egindako bigarren deklarazioan eta epaiketan—, baina oinarririk ez duela uste du defentsak. Mutilak esan du beste pertsona batek egin zuela hilketa; bertsio horren arabera, hiltzailea Azkueren autoan zegoen Azpeitiko mutil gaztea igotzerako. Kameren irudietan ez da pertsona hori agertzen.
Bost delitu egotzi dizkiote Azpeitiko mutil gazteari: hilketa, lapurreta —dirua atera zuten Azkueren kontu korrontetik—, ibilgailuaren lapurreta —hildakoaren autoa erabili zuten—, bideko segurtasunaren aurkako delitua —17 urte zituen ustezko hiltzaileak; beraz, gidabaimenik gabe gidatu zuen ustez autoa—, eta hilotz bat profanatzea —Azkueri eraztun bat kentzen saiatu ziren—. Gaur-biharretan egingo dituzte aldeek azken eskariak. Gorabehera handirik ez dute espero. Castellsek atzo auzi saioa hasi aurretik iragarri zuen «xehetasunen batzuk» aldatzeko asmoa duela zigor eskarian.
Akusatua adingabea zen Azkue hil zutenean, eta adingabeen legearen arabera ari dira epaitzen. Akusazioak eta fiskalak hamar urteko espetxe zigorra galdegin zuten aurreneko zigor eskarian, eska dezaketenik handiena; defentsak, berriz, akusatuaren aurkako auzia ixtea nahi du, eta zer gertatu zen ikertzen segitzea.
Epaiketak egun bat gehiago gutxienez izango du. Zama da familiarentzat, Castellsen esanetan. «Ahalik eta azkarren amaitzea nahi dute. Epaiketak esan nahi du tentsioa mantentzea, zauria irekita mantentzea». Auzitegian ziren atzo ere Azkueren senideak; aukera badaukate atzeko atetik sartzeko eta irteteko, baina aurreko atetik dabiltza. Elkarretaratzeak ere egunero ari dira egiten; dozena bat lagun batu ziren atzo ere auzitegi atarian, Guztiok gara Amaia leloa zeraman kartel batekin. Uste baino lehen amaitu zuten, epaiketaren etena tarteko.
Azken orduan froga gehiago aurkeztuko ditu ustez Azkue hil zuen mutilaren defentsak
Akusazioko abokatuak uste du garrantzirik ez daukatela froga berriek; epaiketa gaur edo bihar amaitzeko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu