Azken tortura salaketak nazioartera eramango dituzte euskal eragileek

Tortura, horrela lortutako testigantzen erabilpen politikoa egiteko babestea egotzi dio ezker abertzaleak ZapateroriSexu eraso oso larriak salatu ditu Beatriz Etxebarriak, bere nebaren ahotik

Torturen aurkako agiria sinatu duten eragileen ordezkariak, atzo Bilbon eginiko prentsaurrekoan. JON HERNAEZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Oso tortura gogorren kontakizuna eman du Jokin Etxebarriak, hainbat alderdi, sindikatu eta eragileren babesarekin egindako agerraldian. Serio, baina osotasuna galdu gabe irakurri ditu arrebak, aurreko asteartean atxilotu zuten Beatriz Etxebarriak, Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez jasandako torturen zenbait pasarte. Kazetarien artean eserita egon den emakume batek, berriz, ezin izan dio lasaitasunari eutsi. Isilik, baina negar batetan egon da. Daniel Pastorren ama zen. Bere burua zauritu eta ospitalera birritan eraman behar izan zutenaren ama. Ostiralean Atxiloketa gehiago ez! Tortura amaitu! agiria sinatu zuten eragile gehienen babesarekin egin zuten atzo agerraldia atxilotuen senideek. Eragileek, hartutako konpromisoa berretsi, eta tortura salaketak nazioartera eramango dituztela azaldu dute, besteak beste.

EA, ezker abertzalea, Alternatiba, LAB, ESK, EHNE, Hiru, Eilas, AAM eta TATeko ordezkariekin egin dute prentsaurrekoa Beatriz Etxebarria, Iñigo Zapirain, Daniel Pastor eta Lorena Lopezen senideek. «Gaur, tortura latzen testigantzak ditugu eskuartean», azaldu du babesaren zergatia Ane Ituiño TATeko abokatuak, eragile guztien artean adostutako idazkia irakurrita. Atxilotuek jasandako sexu bortizkeria neska bat bortxatzerainokoa izan dela kontatu du, buruan poltsa jarrita ia ito dituztela eta jo egin dituztela, besteak beste. Pastorri gertatutakoak egoera ondo azaltzen duela diote: «Bere burua eta ukabilak paretaren aurka kolpatu ditu, ezintasunak jota, egoera jasangaitzetik ateratzeko modu bakarra hori zela ikusita. Zerk eraman dezake pertsona bat bere burua era horretan mintzera? Zerk, bere burua eta lagunak horrela kulpatzera? Beraiek esan digute: torturen infernuak».

Guzti horren aurrean, «errepresiorako politikak aldatu eta konponbiderako pausoak eman ditzala» eskatu dio Espainiako Gobernuari, ez badu hala egiten«urrats eta konpromiso berriak» hartuta erantzungo dutela ohartarazita. Bide horretan, azken tortura salaketen aurrean egingo dituzten ekimenen berri eman du.

Euskal instituzioetara joko dute, tortura bukatzeko neurriak har ditzaten eskatzeko. Nazioartera ere joko dute. Testigantzen berri eman, eta «beharrezko diren neurriak eta ardurak exijitzeko» harremanak abiatuko dituzte. Nazioarteko Harremanetarako Taldeari ere emango diote tortura salaketen berri.

Eragileen mobilizazioak

Mobilizazioei dagokienez, Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte astelehenean.

Nebaren ahotik eman du Etxebarriak jasandako tortura bortitzen berri. Sexu erasoak, poltsaren tortura, kolpeak eta mehatxuak lehen egunetik jasan zituela kontatu du. Kotxean bertan El Comisario deitzen zioten guardia zibilak jaka kendu eta bere aurka igurzten hasi zela, arropak behin eta berriz kendu zizkiola erabat biluzik utziaz, biluzik zutela ur hotza bota ziotela, ondoren hiru aldiz egin ziotela poltsarena jarraian, burua baineran sartuta itoko zutela mehatxatu zutela, biluzik jarraitzen zuela hainbaten artean aulki baten gainean lau hankatan jarri zutela, ipurtzulo eta aluan baselina eman ziotela, eta objektu bat sartu ziotela. Gero, biluzik zutela, iletik tiraka, «barrutik erabat suntsituko zaitut ezin dezazun etarra txikirik izan», esan ziola Comisarioak. Lurrera manta bota eta han bortxatuko zuen mehatxua egin ziola pertsona berak, gerrikoa nola kentzen zuen entzuten zuen bitartean. «Militarra naiz eta hiltzeko entrenatuta nago!», oihukatu zion behin eta berriz.

Etxebarriak epaileari kontatu zion bizitakoa, eta guardia zibilen aurrean esandakoak gezurtatu zituen. Auzi medikuak artatu zuen lehen bi alditan torturen berri eman ziola kontatu du nebak, baina horrek sinesgarritasuna modu txarrean kendu ziola, eta horregatik ez ziola berriz torturen berri eman. Hori azaldu zion epaileari, baina epaileak kartzelatu egin zuen. Soto del Realetik eraman egin dituzte presoak, eta senideek ez dakite non dauden.

Aralarrek ez zuen parte hartu atzoko agerraldian, baina tratu txarrak ikertzeko eskatu zion Fiskaltzari, hedabideei oharra igorrita. Aintzane Ezenarrok eskaera bera egin dezala eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari.

Ezker abertzaleak, torturaren «erabilpen politiko eta mediatikoaz» ohartarazi du. Zapateroren adierazpen «bereziki larriak» salatu ditu, «bere posizio politikoaren oinarria torturapean lortutako deklarazioetan finkatzen duelako». Bere ustez «Espainiako Estatuak torturari babesa ematen dio, lortutako testigantzen erabilpen politikoa egin ahal izateko». Edozein kasutan, «prozesu demokratikoa oztopatzeko saioen» aurrean, «konpromiso guztietan» berresten dela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.