Azken suziria, zalantzatiak erakartzeko

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako egun pare bat falta da, eta gogoeta eguna dute bihar alderdiek. Dagoeneko berretsi dituzte beren mezuak, eta guztiek zalantzan dauden horiei erreparatu diete kanpainako azken egunean.

Pello Otxandiano gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Pello Otxandiano atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Gurutze Izagirre - Isabel Jaurena - Xabier Martin
2024ko apirilaren 19a
22:15
Entzun

Alderdiek egin dituzte ahaleginak eta bi hautesleengana iristeko. Gaurko eguna baliatu dute beren mezuak azkenekoz helarazteko. Propio aipatu ez badituzte ere, zalantzatiak izan dituzte jomugan, parte hartzea zein garrantzitsua den azpimarratuta. Badira dagoeneko bozkatu dutenak 54.559 lagunek eman baitute botoa posta bidez. Correosek jakinarazi duenez, duela lau urte baino %52,8 gutxiago izan dira, baina duela zortzi baino %14 gehiago.

Egoitza nagusia Espainian duten alderdiek lehen lerroko ordezkaritza igorri dute gaur Bilbora. Jone Belarra izan da Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko lehendakarigaia babesten; Alberto Nuñez Feijoo Javier de Andres PPkoaren alboan; eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Eneko Anduezarekin. Alderdi abertzale nagusiek, berriz, EAJk eta EH Bilduk, Bilbo erdialdea hartu nahi izan dute azken mitinerako. EAJk Areatzan elkartu ditu alderdikideak, eta EH Bilduk Plaza Barrian. Kataluniako ordezkaritza izan da ekitaldi horietan. Jordi Turull Juntseko ordezkaria eta Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkaria izan dira EAJrenean; Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea eta Conor Murphy Irlanda iparraldeko Finantza ministroa EH Bildurenean.

EAJ: «Eraikitakoa ez galtzeko»

Bilboko Areatzan, militante andanaren babesarekin egin du EAJk kanpaina itxiera, mezu nagusi bat emanda: jeltzaleei eman behar zaie botoa igandean, «orain arte eraikitakoa ez galtzeko». Imanol Pradales lehendakarigaiak eskerrak eman dizkie kanpainan lagundutako guztiei, baina haren aita zenduari hitz egin dio «bihotzez», esateko espero duela «haren mailan» aritu izana. Igandeko zitari begira jarri da berehala: «Hau biren arteko gauza da, eta espero dut Euskadiren traineruan egongo garela gehienak».

«Etorkizuneko Euskadiri buruz» aritu zaie Areatzan bildutakoei, «sustrai, hizkuntza eta nortasun sendoei» buruz; «Aberria defendatzen» jarraituko du EAJk, horixe Pradalesen agindua. «Inor atzean» utziko ez duen herriaren alde arituko dela ere bai. «Egin dezagun arraun denok batera, har dezagun azken olatua», oihukatu die ikusleei. «Irabaztera aterako gara, ilusioarekin; igandean eman botoa Euzko Alderdi Jeltzaleari», bukatu du.

Haren aurretik, Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak hitz egin die ekitaldira joandakoei, eta ziurtatu du EAJ izango dela lehen indarra igandean, Bizkaian ez ezik, «Gipuzkoan eta Araban ere bai». «Orain arte lortutakoa arriskuan ez jartzeko» eskatu zuen, eta azken mezuan argi baino argiago esan du zer aukeratu behar den etzi: «Inposaketa ala askatasuna».

Andoni Ortuzar EAJko buruak hitza hartu eta proposamen bat egin die entzuleei. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azken orduetan EAJri botoa emandakoei koalizioaren aldeko konfiantza eskatu diela eta, Ortuzarrek esan du ozen esateko EAJri emango diotela berriro, «gertu baitaude, hementxe ondoan». Baina, botoa eskatu aurretik, kritikak entzuten ere badakitela esan du, EAJren aldeko botoa «positiboan» dela, «gure nazioak aurrera egin dezan».

Iñigo Urkullu lehendakariak ere hitz egin du ekitaldian, eta bere txandak despedida kutsua izan du. «Defenda dezagun harrotasunez lortu duguna azken urteetan», eskatu du. Ziurtatu du «historiako Euskadi onena» dela egungoa, eta ozen azaldu du «Euskotarren aberria Euskadi» dela, beste hizlariek ere errepikatu dute mezu bera.

EH Bildu: «Aldaketaren gidaritza» hartzeko gertu

Kantua, irrintzia eta bibolin doinuak entzun dira gaur EH Bilduren kanpaina itxierako ekitaldian. Bertan aitortu du Pello Otxandiano lehendakarigaiak hautagai izateko proposamena helarazi ziotenean ez zegoela prest bere aurpegia autobusetan edo geltokietan itsatsita ikusteko, baina erronka onartu zuela. Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak ez du irribarrea disimulatu hitz haiek entzutean. Otxandianoren onespena eta gero, hauteskundeei nola aurre egin galdetu zion koalizioak bere buruari, eta hartutako hautua gogoratu du gaur lehendakarigaiak: «Gure marka erdigunean baino, deskalifikazio errazean erori baino, zintzotasuna jartzea erdigunean, hori da egin genuen hautua».

Erabaki hark «merezi» izan duela erran du, lortu dutelako beren begirada «eztabaida politikoaren erdigunera» eramatea. Izan ere, orain arte guztiz baztertua eta kritikatua izan dela gogoratu du: «Aukera berri baten bila abiatzeko abiapuntua da hau, aldaketa gertatu da jada, neurri batean, aldaketa da soziologikoa, sakona», borobildu du. «Aldaketaren gidaritza» hartzeko prest agertu, eta gertatu dadin, igandea erabakigarria izanen dela erran zuen, eta, horretarako, EH Bilduk «historiako emaitza elektoralik onenak» atera behar dituela gogoratu. «Gora Euskal Herria askatuta!», aldarriaren oihuan amaitu du saioa.

Hautagaiarekin batera, hitza hartu dute Oihana Etxebarrieta hauteskunde kanpainako bozeramaileak, Otegik, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Conor Murphy Irlanda iparraldeko Finantza ministroak. Etxebarrieta aritu da aurkezle lanetan, eta eskerrak emanez abiatu du saioa. Jarraian, koalizioaren bidelagun izan diren lau pertsonen testigantzak jarri dituzte pantailetan. Tartean Marta Rovira eta Pepe Mugica. Babes mezuak izan dira.

Otegik, berriz, irriz josi du Bilboko Plaza Barria: EAJk behi eta txakur batekin egindako bideoa gogora ekarri, eta galdetu zuen zein elkarrizketa izan daitekeen «mu» erraten duen behi batekin. Barre artean, behiaren iritzia eskatu du, behi «abertzale eta ezkertiarrarena». Mintzaldira itzulita, igandean «asko jokatzen» dutela gogoratu du, eta galdera egin die zalantzatiei: ea pentsatzen al duten zerbait diferentea egingo dutela orain arte gobernatu dutenek, benetako aldaketa EH Bilduren eskutik etorriko dela gaineratuz. Galdera bat egin du: Ezkerrekoei eta abertzaleei EH Bildu bozkatzeko dei egin die: «Euskal Herrian soilik ezker bat dago irabazteko aukerak dituena, eta hori EH Bildu da. Kontua ez da siglak defendatzea, proiektuak baizik».

PSE-EE: Sozialisten «bermea»

Alderdikide andanaz inguratuta bukatu du kanpaina Alderdi Sozialistak Euskalduna jauregian. Pedro Sanchez gobernuburua bertan izan da, eta jendeak zutik hartu du. Eneko Andueza lehendakarigaiak eta Bizkaiko zerrendaburuak hartu du hitza Aroa Jilete Arabakoarekin eta Denis Itxaso Gipuzkoarekin batera. Anduezak esan du «sozialistek soilik berma dezaketela errespetua diferenteari, elkarrizketa, politika soziala eta aurrerapena». Pedro Sanchezek itxi du mitina. PSOE Espainiako Gobernuan dagoenetik aurrera atera diren neurriak errepikatu ditu: ekonomia Europakoa baino bost bider gehiago hazten ari dela esan du; Gizarte Segurantzan 21 milioi pertsona ari direla kotizatzen, eta haietarik hamar emakumeak direla, «lehen aldiz historian»; soldata arrakala murrizteko neurriak hartu dituztela eta iragarri du paritate lege bat lantzen ari direla «botere politikoaren eta ekonomikoaren erdia emakumeek izan dezatela bermatzeko». Bildutakoak zutitu ditu lege horren iragarpenak. Eta bigarren zutialdia izan da iragarri duenean legealdi hau «etxebizitzarena» izango dela. Agindu du etxebizitza publikoak eta etxebizitza erosteko abalak emango dituztela.

Bizikidetzaz eta bakeaz ere hitz egin du. «Bonbak isildu eta bakeak hitz egin dezan ari da lanean Espainiako Gobernua». Zutitu da berriro jendea, txalo artean. Nazioarteak Palestina estatu gisa aitor dezan lanean segituko duela hitzeman du. «Ari, ari, ari, Eneko lehendakari» oihu artean amaitu du mitina Euskaldun jauregian.

PP: EH Bildu mintzagai

Alberto Nuñez Feijoo PPko burua Bilbon izan da goizean, kanpainako azken egunean, eta Gasteizen itxi dute kanpaina, arratsaldean. Eskatu du hautetsontzietan islatzeko «EAJren eta PSE-EEren adar jotzea eta saldukeria». Uste du hori egiten dutela bi alderdi horiek EH Bildu kritikatzeagatik ETA «talde terroristatzat» ez jotzeagatik, eta gero haiekin adosten direlako. Ideia hori izan da bere hitzaldiaren hari nagusia. EH Bilduk «benetan barkamena eskatzen duenean normaltasun politikoan saio bat egin litekeela» gehitu du. Alderdi Popularrak «askatasuna eta garapena» ekarri dituela esanez eskatu du botoa haientzat.

Elkarrekin Podemos: Eskerrak emateko gogoz

«Nik banuen diskurtso bat prestatuta, baina ez dut egingo». Horrela abiatu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak kanpainako azkeneko ekitaldia, gogoratuta erran beharrekoa errana dagoela. Hortaz, eskerrak eman dizkie «bihotz-bihotzez» bide horretan berekin egon diren guztiei, malko artean. Nor bozkatuko duten argi ez duten herritarrei ere mintzatu zaie: «Eskuinak beti bozkatzen du; beraz, ezkerrekoa bazara, bozkatu. Bozkatu Elkarrekin Podemos». Gorrotxategirekin batera, koalizioko hainbat kide egon dira ekitaldian. Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia, adibidez, militantziari mintzatu zaio, eta igandean «inoiz baino gehiago» behar dituztela gogoratu: «Hemen ez duelako EAJk agintzen, jendeak baizik». Gehitu du prest daudela EH Bildurekin «ezkerreko gobernu bat eraikitzeko».

Sumar: «Ezkerreko jendeari» deia

«Euskadiko ezkerreko jendeari» dei egin die Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiak, kanpaina amaierako ekitaldian Bilbon, Atxurin egindako ekitaldian. Hautesleei gogoratu die herri «justuagoa, berdeagoa, feministagoa, eta langileendako eskubide gehiago dituena» nahi badute, Sumarren alde bozkatu behar dela. «EAJri oposiziora pasatzea dagokio. Euskadik aurrera egin behar du, eta, horretarako, proiektu berriak behar dira. Ezagutzen duguna geldirik dago, ez da urrunago joango». Hortaz, erran du Sumar dela alderdi bakarra ziurtatzen duena gobernua «betikoa» ez izatea: «EAJren eta PSEren arteko gobernu bat».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.