2013. urtean hartu zuen Beatriz Zabalondok (Elgeta, Gipuzkoa, 1961) BERRIA Taldeko lehendakaritza. Kazetaritza eta Ingeniaritza Teknikoa ikasia da, eta hizkuntzari lotutako jardunetan aritu izan da. Mondragon Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle jardun du. Kazetaritzaren krisi betean hartu zuen lehendakari kargua, eta tartean «urte zailak» izan dituela onartu du.
5.000. zenbakia argitaratu berri du BERRIAk. Zer osasun du egun ekonomikoki eta proiektu informatibo gisa?
Hobeto guran. Horrekin defini daiteke. Ez daukagu osasun txarrik, ezta gutxiago ere, baina, hobeto egon nahiko genuke. Ekonomikoki, azkenengo urteak juxtukoak izan dira: esfortzu handiak eginda, galerarik gabe pasatzea lortu da. Hori bada osasuna izatea; baina kostu handia eduki du horrek, freno handia jarri zaielako langileen soldatei; hor galera handia egon da. Eta frenoa jarri zaio proiektuari ere: eskuak mugatuta egin behar izan dugu aurrera. Ez daukagu zorrik, eta hori osasun ona izatea da, baina hobeto gurako genuke, eta hobeto egon gaitezke. Segur aski, jende askok pentsatzen du orain Jaurlaritzak iragarri duen diru laguntzarekin-eta gure arazoak konpondu direla, eta esan behar da hori ez dela horrela. Igoera garrantzitsua da, baina aurrera egiteko ez da nahikoa.
2013. urtean hartu zenuen kargua Administrazio Kontseiluko lehendakari gisa. Nola aldatu da BERRIA kargua hartu zenuenetik gaur arte?
Urte haiek zailagoak ziren azkenengo hiruzpalau hauek baino. Tartean urte zailak egon dira. Ekonomikoki ez dugu galerarik izan; alde horretatik, iraun dugu, eta aurrera egin dugu, baina azken urteak zailak izan dira harreman instituzionaletan eta kudeaketan. Orain beste jarrera batzuk eta beste etorkizun bat ikusten ari gara.
Urte zailak izan dira azkenak BERRIArentzat. 2016. urtean, diru laguntzak emateko irizpidea aldatu zuen Jaurlaritzak, eta irismenaren kontzeptua sartu zuen. Inoizko diru laguntzarik txikiena jaso zuen urte hartan. Nola egin dio aurre egoera horri?
Batez ere, beste laguntza batzuk bilatuz. Publizitate arloan lan asko egin da. Baliabide propioen bitartez egin zaio aurre, eta langileen soldaten bizkar. Horrek asko baldintzatu du eguneroko jarduna. Ideiak badaude, baina zaila da baliabide ekonomikorik gabe. Irizpide horrek txikituta utzi gintuen.
Nolakoa izan da langileen erantzuna?
Eredugarria izan da beti. BERRIAren kulturan sartzen da ez dela medio bat non dirutan igeri egiten den. Beste balio batzuk ditu. Hemen lanean dabiltzan langileek beste balio horiei begiratzen diete. Momentua iritsi zenean soldatak jaisteko, onartu zuten. Gogoz ez, noski. Ez dugu ahaztu behar langile bakoitzaren atzean familiak daudela eta familia horietan eragin handia izan duela horrek.
Badirudi diru laguntzen egoera bideratzen ari dela. Datozen asteetan, Jaurlaritzak ituna sinatuko du BERRIArekin, eta urtean 2,3 milioi jarriko ditu 2021 arte. Zenbateko arnasa emango dio proiektuari?
BERRIAk bere baliabideetatik atera du proiektua aurrera, eta aurrekontuaren %18 izan da diru laguntzetatik atera duena. Hemendik aurrera ere horrela izango da, Berria Taldeari diru laguntzetatik etorriko zaion dirua diru sarreren %22-25 artean izango baita. Etorriko den diru gehigarri horretatik asko izango da soldatak pixka bat eguneratzeko eta berrikuntzetarako. Ez goaz dirutan igeri egitera; orain arte mugatuta edo eusten egon garen egoera horri abiadura emateko erabiliko da diru hori. Diru horrekin, lehengo antzera jarraituko dugu inbertsiotan eta berrikuntzan, batez ere langileen hobe beharrez inbertituko baita.
Hitzarmena sinatu da, baina, oraindik, publizitate instituzionalaren auzia erabat konpondu gabe dago.
Hori da landu beharreko beste alorretako bat. Baina egia da azken urteetan gora egin duela publizitate instituzionalak. Orain iristen den kantitatearekin, asko nabaritu da BERRIAn. Ez partida bereziak etorri direlako, baizik eta kanpaina gehiago egiten dituztelako. Iristen ari den publizitate hori, nahiz eta ez den berez egokituko litzaiokeena, asko nabaritu da.
Zergatik ituna orain? Zer aldatu da 2016. urtetik?
Pertsonak, taldeak eta irizpideak aldatu dira. Irizpideetan murriztaileak izan beharrean, pertsona horiek beste ikuspegi edo talaia batetik begiratu diete euskal hedabideei. Horrek ekarri du irizpide aldaketa. Uste dut lehengoek mamu asko ikusten zituztela; oraingoek konfiantza giro bat sortu dute, eta konfiantza eman digute hitz egiteko. Erakutsitako datuekin eta emandako azalpenekin, beste modu batera erreakzionatu dute.
BERRIAren kapital handi bat BERRIAlagun eta harpidedunen babesa da. Zenbateko babesa ematen dio horrek proiektuari?
7.000 BERRIAlagunek aurrekontuaren diru sarreren %10 ematen diote: denetara, 700.000 eurotik gorako babesa urtean. Ezinbestekoak dira. BERRIAren kapital handia da komunitatea; dirua jartzen dutelako, eta irakurle direlako: euskal komunitatea sortu, osatu eta birsortzen dutelako. BERRIAlagunak oso inportanteak dira, baina BERRIAko langileak dira beste kapital metatu garrantzitsu bat.
2013an, kargua hartu berritan, esan zenuen BERRIAren etorkizuneko erronka nagusietako batzuk lotuta daudela erreferentzialtasunarekin. Erronkak berberak dira oraindik ere?
Ezinbestekoa da. BERRIAren erreferentzialtasuna da iparra, bai hizkuntzaren erabileran, bai kulturaren, gizartearen eta euskararen ikuspegian. Bakoitzak bere alor txiki edo handi horretan erreferentzialtasun hori izatea inportantea da, eta BERRIAk badu. Gaur egun, baita gaien tratamenduan ere. Kulturaren arloan edota euskaran, estilo liburuarekin adibidez, beti izan da erreferente, baina, azkenengo urteetan, baita feminismoarekin ere. Erreferentzialtasun horiek hor daude, eta eutsi egin behar zaie.
Unibertsitateko irakasle ere bazara. Irakasle gisa, zer iruditzen zaizu BERRIAren kazetaritza estiloa?
Hor bai, nabaritzen dut erreferentzialtasun handi bat dagoela; jakintza metatu bat da. BERRIA urtez urte euskal kazetaritzan aurrera eginez doa nazionala eta egunerokoa delako. Hizkuntzaren tratamenduan lan handia egiten ari da, eta punta-puntan dago horretan. Hori, gainera, transmititu egiten da. Orain hasi da nabaritzen nola datorren jende gaztea. Transmisio hori egiten jakin behar da, eta ez da erraza.
Gogoeta prozesu batean murgilduta dago BERRIA. Zein izan dira gogoeta nagusiak?
Ondorioak arlo askotan atera ditugu. Denbora hartu genuen markatzeko nora jo behar zuen, zer izan behar duen BERRIAk bost-hamar urtera. Hori ipar hartuta etorriko dira aldaketak.
Paperaren etorkizuna nola ikusten duzu?
Papera hil egingo zela esan zuten batzuek 2008an. Urte gutxi batzuetan ez da hilko, ez zait iruditzen, baina ondo definitu behar da zer egingo dugun papereko bertsioan eta zer digitalean; proiektu orokor moduan elkar nola elikatu behar duten. Paperak beste irakurketa mota bat ematen dizu, eta oraindik badago jendea hori eskatzen duena
Zer egin behar da euskarazko hedabideen kontsumoa handitzeko?
Hori da hedabide guztiok egiten dugun galdera. Nik uste dut denok daukagula erantzukizuna. Gobernuek eta agintariek ere erantzukizun handia dute. Norabide batean egin behar dugu hedabideek, hezkuntza sistemak, kulturgintzak, euskalgintzak eta administrazioek. Uste dut hor zera bat falta dela. Ez dakit lidergoa falta den, edo ez dugun asmatzen. Hor dago Hedabideen Behategia, esaterako, Hekimenen proiektu bat non Euskal Herriko lau unibertsitate (EHU, Mondragon, Deustu, UEU) eta herri ekimeneko euskal hedabide gehienak partaide diren. Behategi hori ez da garatu oraindik: beharrezkoa litzateke administrazioa eta hedabide publikoak eta beste guztiak ere parte izatea. Euskal Herriak behar duen lidergo sendo baten ernamuina izan liteke.
Hekimen aipatu duzu. Zenbateko garrantzia du sektorea batuta egoteak?
Herri ekimeneko hedabide baten txikian ere gauza inportanteak egiten dira. Bat eginda, denok egingo dugu aurrera. Herri moduan euskalgintzan euskarari indarra emateko ezinbestekoa da. Begiratu behar duguna da denon artean nola batu eta nola egin.