Hondarribiko alardea

Azken urteetako desfilerik gogorrena egin du Jaizkibelek

Diputazioak plastiko beltza ez ateratzeko eskatu eta Segurtasun Sailak hura "saihestu" behar zela esan ostean, Jaizkibelen kontrakoek harro atera dituzte plastikoak eta azken urteetako gogotsuen egin dute txistu eta oihu. Arbuioa saihesteko inork ez du ezer egin. Iaz baino solteago ibiltzen utzi diete, eta soil-soilik grabatu egin ditu Ertzaintzak.

Emakumeen parte-hartzearen kontrakoak, plastiko beltzekin. GORKA RUBIO, FOKU
2018ko irailaren 8a
07:33
Entzun

Iaz plastikoa ateratzea ez zieten galarazi alarde baztertzailearen aldeko eta Jaizkibelen kontrakoei, baina gerritik gora igotzea debekatu egin zieten. Aurten ezta hori ere. Aurretik abisua eman bai, baina egunean bertan ez diete ezer egiteko oztoporik jarri. Plastikoa harro haizatu dute, oihu ere egin dute, eta irainak ere bai. Kale Nagusian, emakumeen oihuak entzun dira "emakumeak kanpora" esanez (jarraitu irakurtzen bideoaren ondoren).

[YouTube]https://youtu.be/jXgfdF3oF4M[/YouTube]

22. urtez desfilatu du gaur Jaizkibelek Hondarribiko alarde egunean, eta azken urteetako unerik gogorrenak bizi izan ditu Kale Nagusia zeharkatzean. Hasieretako urteak izan dituzte gogoan konpainiako zaharrenek, eta gazteetako askok ezin izan diete malkoei eutsi, beraiek Jaizkibelen inoiz bizi izan duten unerik gogorrena izan delako.

Bero zegoen giroa. Gipuzkoako Diputazioak plastiko beltzik ez ateratzeko eskatu du aste honetan, baina bere burua Hondarribiko Emakumeak izendatzen duen taldeak ez zuen gustura hartu oharra. Plastiko beltza "borroka eredu bidezkoa" dela nabarmendu zuen. Segurtasun Sailak ere ebazpen bat atera du segurtasuna bermatze aldera, eta plastiko beltzak “saihestu” behar direla esan du.

Horiek horrela, ikusmina zegoen gertatuko zenaren inguruan, baina Jaizkibel Kale Nagusira gerturatu aurretik argi ikusi da zein zen baztertzaileen jarrera: plastikoak eta txistuak atera, eta prest jarri dira. Jaizkibelen aldekoak ere baziren, eta haien zein kontrakoen arteko tentsioa nabarmena izan da hasiera-hasieratik.

Jaizkibelek desfilea hasi aurretik aldapa jaitsi duenean lehertu da egoera. Aurreneko aldia zen desfile aurretik ere handik jaisteko baimena zutena, eta halaxe egin dute. Tentsioa sumatuta, haurrak taldetik atera dituzte Kale Nagusia pasatzerakoan. Plastikoak ikusi dituzte kale horretan, eta kontrako kartelak, txistu hotsak entzun, oihuak, baita irainak ere. Iaz ez bezala, uniformearekin eta kaskoarekin hornitutako ertzain ugari izan da Kale Nagusian, baina ez dute ezer egin Jaizkibeleko kideen aurkako jazarpena eteteko. Kazetarien kontrako erasoak ere izan dira, eta bati kamera kentzen ere saiatu dira.

Alde Zaharretik kanpo, elkartasun eta babes ugari jaso dute Jaizkibeleko kideek.

Atzerapausoa

Gaur bizi izan dutena "atzerapausoa" izan dela salatu du Oihana Etxebarrieta Jaizkibeleko kapitainak. Ertzaintzaren aldetik permisibitatea izan dela deitoratu du, gainera. Ohartarazi du XXI. mendean ezin dela halakorik onartu, eta erakundeei "eskubideak bermatzeko pausoak emateko" eskatu die, batik bat, Hondarribiko Udalari. Eskerrak eman dizkie  babestera gerturatu direnei ere: "Oso ederra izan da gu babestera etorri den jende hori guztia sumatzea, bestela ez dakigulako nola egingo genukeen Kale Nagusian gora eta behera. Oso polita izan da".

Konpainiak txio baten bidez jakinarazi du ez dutela jasotako tratuaren modukorik: "Gaurkoa eraso fisiko, berbala eta psikologikoa izan. Hau ez dugu onartuko! Ez da horrela geratuko".

Atzerapausoa izan dela salatu du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak ere, eta sentitzen duela esan du, aldundiaren izenean. Ertzaintzari eskerrak eman dizkio egindako lanagatik. Txistuek alardea ulertzeko modu bat isilarazi nahi izan dutela salatu du, eta hausnarketa eskatu du: "Nola da posible XXI mendean gai ez izatea ‘bizi eta utzi bizitzen’ leloa gure egiteko?". Haren esanetan, asko dago egiteko "elkarbizitzaren alde".

Eider Mendoza EAJko kide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak ere hitz egin du. Jaizkibel konpainiaren desfilea ikusi du, baina Kale Nagusitik aparte, tentsiorik gabe. Esan duenez, toki hori aukeratu dute bi alardeak modu berean ikusteko toki bakarra dela uste dutelako: “Bi alardeei aitortza eta babes adierazi nahi izan diegu". Jaia bakean bizitzea merezi dute herritarrek, haren arabera, baina nabarmendu du "lan asko" dagoela egiteko: "Gaur, oso nabarmen gelditu da hori. Bati edo besteari bizkarra emanez elkarbizitza urrundu egiten da”.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak zoriondu egin ditu Jaizkibel konpainiako kideak, baina ez du ezkutatu ikustakoak ikusita "suntsituta" dagoela. Oihuak eta irainak ere izan direlako minduta agertu da, eta hori ezin dela onatu ohartarazi du. Erakundeei galdatu die gaia serio hartu eta lanean hasteko.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere han izan da, eta gertatutakoa "gogorra" izan dela salatu du. Emakumeen parte hartzea bermatuz tradizioa gaurkotu behar dela azpimarratu du. Jaizkibeli babesa agertu dio, eta eskaera egin die udaleko taldeei egora konpontzen ahalegintzeko. "Benetan tristea izan da Kale Nagusian ikusi behar izan duguna, batez ere, Jaizkibelen desfilatzen, neskak negarrez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.