Azkoitiko Udalak ekimen berria jarri du martxan, Banaiz Bagara elkartearekin batera, etorkinek kulturari eta hizkuntzari dagokionez hobeto integra daitezen. "Gure hizkuntzara eta gure kulturara hurbiltzeko balioko dieten tailerrak antolatuko dira, azkoitiarren eta kanpotarren arteko harremanak euskaraz garatzeko helburuarekin", adierazi dute udal ordezkariek.
Hala azaldu du immigrazio teknikari Aitor Oiarzabalek: "Proiektua garatu nahi dugu, euskara ikasteko ahalegina egiten dutenek integrazio maila altuagoa eta hobea lortzen dutela ikusten dugulako".
Udala maiatzean hasiko da kultura eta hizkuntza integraziorako ikastaroak eskaintzen, "hain zaila den oreka lortzeko aurrerapauso bat emateko asmoz". Lehen ikastaroa maiatzetik ekai nera egingo dute. Hamar ordu iraungo du; hau da, bi ordu eta erdi astean.
Errotze txostena lortu ahal izateko, ezinbestekoa da ikastaroa egitea. Dokumentu horrek etorkinaren integrazio maila erakusten du, eta bizitzeko edo lan egiteko baimena lortu ahal izateko duten bideetako bat da. "Udalak hartutako neurria aitzindaria da arlo horretan. Izan ere, udaletxeek pixkanaka badute gai honen inguruan zeresana, nahiz eta paperak emateko eta suerta daitezkeen arazoak konpontzeko eskumena Madrilgo gobernuaren ordezkaritzen esku egon", jakinarazi dute.
Eskubideak eta betebeharrak
Eskubideak bai. Betebeharrak ere bai. Printzipio horretan oinarritzen da Udalaren kudeaketa immigrazio kontuetan. Udalak azaldu duenez, "etorkinek eskubideak dituzte; besteak beste, hezkuntza eta osasun zerbitzuak esku-eskura dituzte. Baina integrazioa bi norabideetakoa izanik, etorkinei dituen elkarbizitza arauekiko errespetua eta tolerantzia eskatzea bateragarria da".
Udalak gogorarazi duenez, azkoitiarrak ere prozesu honen partaide dira. "Izan ere, norabide bikoa da prozesua, eta elkarbizitza paketsua eraikitzea da helburua".
Xabier Aierdiren hitzaldia
Onartu berri duten plana testuinguru, Xabier Aierdi soziologoa eta Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari ohiak Kulturartekotasun Elkarbizitza Azkoitian: Etorkizunerako zubia edo gaztelua airean? izenburudun hitzaldia emango du etzi, 19:00etan Elkargunean. Hitzaldia irekia eta doakoa izango da.