HONDAKINAK

Azkoitiko Udalak lurralde batzordera deitu du hondakin plantak «atzera botatzeko»

Hirigintza arauetan «egin beharreko aldaketak» hasiko dituzte etzi lurralde batzordean

Azkaraten hondakin ez-arriskutsuen planta bat egiten hasiak ziren. AZKOITIKO EH BILDU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 2a
12:54
Entzun

Azkoitiko Udalak ez du herrian eraikuntza eta eraispen lanetako hondakinentzako plantei lekurik egiteko asmorik. Azkarateko gainean proiektatuta zegoen guneari ezezkoa eman zion Azkoitiko EAJk joan den ostiralean —udal gobernuan dago—, argudiatuz instalazioa «bailararen premietatik harago» zihoala. Auziaren bueltan posizionatu diren eragileek bilera egin zuten ostegunean, eta argi ikusi zen herrian dagoela adostasunik Larke 360 enpresaren proiektuaren inguruan. Javier Zubizarreta (EAJ) alkateak adierazi zuen «desadostasuna zegoenez» ez zuela «bultzatuko». Udalak atzo jakinarazi zuenez, etzi, ostegunarekin, lurralde batzordera deitu dute, eta eraikuntza eta eraispen hondakinen plantak «atzera botatzeko egin beharreko aldaketak» hasiko dituzte hirigintza arauetan.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Larke 360ri ingurumen baimena eman ziola publikatu zuten EAEko Aldizkari Ofizialean, apirilaren hasieran. Horrek hautsak harrotu zituen herrian, baina alkateak esan zuen ez zegoela udalaren esku proiektua atzera botatzea. Larke 360ren asmoak herrian eragindako iskanbila aintzat hartuta, ordea, pare bat aste geroago adierazi zuen «adostasunik» egon ezean ez zela egingo, eta «parte hartze prozesu batera» deitu zuen. Joan den osteguneko bileran gorpuztu zen hori.

Kontuan hartu behar da Azkarateko eremua lur ez-urbanizagarria dela, eta udalak duela bi urte hasi zituela lur horiek urbanizagarri bihurtzeko arau subsidiarioetan egin beharreko aldaketak. Eusko Jaurlaritzak berak horretarako bidea eman zion, apirilaren 22ko aldizkari ofizialean ingurumen baimen estrategikoa kaleratuz. Udalaren aholkulari batek joan den osteguneko batzarrean adierazi zuenez, arauen «eguneraketak» aurreikusten zuten lur horien katalogazioan aldaketak egitea bi hondakin planta eraiki ahal izateko. Baina udalak atzera egin du. Atzo ohar baten bidez nabarmendu zuenez, etzirako deituta dagoen bileraren ondoren beste bat deituko dute hilaren 11rako, «ebazpen bat» onartzeko. Azkarateko eta Ipintzako plantei «ez bide emateko» tramitazioa hasiko dute orduan.

Udaleko EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeak proiektuaren aurka azaldu dira, eta nabarmendu izan dute ez zegoela gisa horretako instalazio baten beharrik. Azkarate Garbi Auzotarrak-ek salatu du Larke 360k aurreikusitako proiektuan jartzen duela plantak «jarduera potentzialki kutsagarria» edukiko duela, eta kontra azaldu izan da. Azkarate Garbi Plataformak ere jarrera bera eduki du.

Azkoitiko gremioen elkartea izenpean, hondakin ez-arriskutsuak jasoko lituzkeen «birziklatze planta bat» aldarrikatu dute, argudiatuz halakorik eduki ezean obra handien ondorioz sortutako hondakinak Azkoititik «40-45 minutura» dauden plantetara eraman behar izaten dituztela. Gonbidatuta egon arren, ez zuten osteguneko bileran parte hartu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.