Azkoitiko Udalaren esku, berriz

Eraiki nahi duten hondakin ez-arriskutsuen plantari buruzko bilera egin dute udalak eta eragileek. Instalazioaren kontra dauden plataformentzat eta EH Bildurentzat, ez dago egiteko «beharrik»

Segurtasun neurriak hartuta egin zuten bilera, atzo, Azkoitiko Elkargunean. 'Streaming' bidez eman zuten. MAXIXATZEN.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Larke 360 enpresak Azkoitiko lurretan (Gipuzkoa), Azkarateko gainean, egin asmo duen hondakin ez-arriskutsuen balorizazio plantak zatiketa eragin du herrian. Javier Zubizarreta (EAJ) alkateak berriro nabarmendu zuen, atzo, auziaren bueltan posizionatu diren eragileekin eta udaleko beste taldeekin egindako bileran: «Desadostasuna dagoen momentutik, nik ez dut bultzatuko, helburu nagusia delako herritarren zatiketan ez sakontzea ». Jarraian, hiru ordu pasako bilera amaitzeko, erantsi zuen udalaren lurralde batzarrean aztertuko dutela gaia, eta «erabakiak» hartu ahala horiek «komunikatzen» joango direla. Hau da, Zubizarretak berak duela hilabete inguru iragarritako eta atzo gorpuztutako «parte-hartze saioa» gorabehera, auzia udalaren esku geratu dela berriro.

Bai Azkarate Garbi Plataformarentzat, bai Azkarate Garbi Auzotarrak-entzat, baita EH Bildurentzat ere, Azkoitian ez dago gisa horretako instalazio baten beharrik. Herriko eraikuntza gremioetakoek —ez zuten bileran parte hartu—, ordea, ez dute iritzi bera. Kexu agertu dira azken asteotan, Lapatxeko plantak (Azpeitia) obra handietako hondakinak hartzen ez dituenez, «Astigarraga eta Errenteria ingurura [Gipuzkoa]» eraman behar izaten dituztelako hondakinak.

EH Bilduko Iraitz Otañok plazaratutakoaren arabera, iaz, «obra handiak» egiteko hamasei proiektu erregistratu ziren udalean. «Obra txikietarako, berriz, 95». Zinegotziaren esanetan, obra handi horiek 618 bat tona hondakin sortu ahal dituztela aurreikusten da. Gogoratu zuen, Larke 360ren proiektuaren arabera, gehienez 200.000 tona biltegiratu ahal izango lituzkeela plantak. «Azkoitian beharrezkoa da?».

Azaldu zuenez, gainera, badituzte «mesfidatiak» izateko motiboak, kontuan hartuta Larke 360k «lizentziarik gabe» hasi zituela lanak. Kimetz Larrañaga Larke 360ko buruak azpimarratu zuen ez liratekeela 200.000 tona horiek kudeatzera iritsiko. Pentsatzen du, dena den, plantaren beharra badagoela. «Alternatiba da [hondakinak] 40-45 minutura dagoen toki batera eramatea. Ez zaigu egokia iruditzen».

Patxi Gorosabel Azkarate Garbi Auzotarrak-ekoak oroitu zuen enpresak egindako proiektuan «hitzez hitz» jartzen duela «lehen faseko jarduera potentzialki kutsagarria» izango dela. Inguruko lurrari, urari eta atmosferari eragingo diola iruditzen zaio, eta aipatu zuen hori bera «nozitu» dutela Oñederreko zabortegia dela eta (Azkoitia). Gainera, Zaldibarren (Bizkaia) joan den otsailean gertatutakoa izan zuen hizpide. «Ez dut pentsatu ere egin nahi bigarren faseak zer ekarriko duen». Proiektua aintzat hartuta, lehen faseak 11.696 metro koadro izango ditu, eta bigarrenak 21.517.

Larrañaga Larke 360koarentzat ,«ezin da konparatu» beren asmoa Zaldibarko eta Oñederko plantenekin. «Jendea ez dadila nahastu. Ez da ezer isuriko. Bigarren fasea dela-eta kristoren pelikulak egiten ari dira». Instalazioaren «dimentsioa» dela-eta ideia «moldatzeko» arazorik ez lukeela edukiko adierazi zuen. «Ez dut esaten baldintzak ez direla hobetzeko modukoak». Uste du kudeaketa publikoa edo pribatua izateak ez duela «ezer bermatzen».

Arau subsidiarioak

Proiektuak aurrera jarrai dezaneta Azkarateko eremua urbanizagarria bihur dadin beharrezkoa da arau subsidiarioak aldatzea. Arau horiek eguneratzeko bidean daude, eta aurreikusten dute, besteak beste, eremu horretan egin nahi dutenaren moduko planta bat ahalbidetzea. Aitor Gabilondo arau horien erredakzio taldeko kideak atzo esan zuenez, udal taldeek eta, bide batez, herritarrek, 2018ko otsailetik zuten egin nahi diren aldaketen berri.

Arau subsidiarioak aldatzea udalbatzak onartu beharko luke. EAJk zortzi zinegotzi ditu, eta udal gobernuan dago PSE-EErekin (zinegotzi bat). EH Bildu eta Azkoitia Bai (bat) daude oposizioan. Azken talde horretako Jose Joakin Etxaniz proiektuaren aurka agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.