Amaia Azkueren hilketa. Epaia

Azkue hil zuen gazteari gehienezko zigorra ezarri diote: hamar urtekoa

Akusazioarekin bat egin du epaileak erabat: adingabeen egoitza batean egongo da gaztea, eta ezin izango da hurbildu azkuetarrenganaLapurreta egiteko hil zuten Azkue, epaileak esan duenez; helegitea jarriko du defentsak

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Epaileak bere egin du akusazioen tesia Amaia Azkueren hilketari buruzko epaiketan: gazte azpeitiarra jo du hilketaren erantzule, eta ahal denik eta zigor handiena jarri dio, hamar urteko egonaldia adingabeen zentro batean eta zaintzapeko askatasuna beste bost urtez. Hilketa egitean 17 urte zituenez, adingabea bailitzan zigortu dute. Defentsak helegitea jarriko du.

Bost delituren errudun jo dute gaztea: hilketa, beldurraraziz eginiko lapurreta, autoa lapurtzea eta bideko segurtasunaren aurkako delitua —Azkueren autoa gidatu zuen gidabaimenik gabe—. Adingabeen zentroko egonaldiaz eta zaintzapeko askatasunaz gainera, urruntzeko agindu bat ezarri diote gazteari: ezin izango du joan Oriora, Zarautzera eta Getariara bost urtean. Han egiten dute bizimodua Azkueren hurkoek.

Urtebete pasatxo da Amaia Azkue hil zutela: martxoaren 16an, eguerdian, ikusi zuten azken aldiz, Zarautzen (Gipuzkoa), erosketetan; epaiaren arabera, han eraso zioten, saltoki bateko aparkalekuan, aire pistola batekin, eta leku ezkutu batera eramanda hil zuten, kolpeka. Arratsaldean agertu zen hilotza, Azpeitian (Gipuzkoa), Ibai-Eder urtegian. Hankak eta eskuak lotuta zeuzkan.

Abuztuan aitortu zuen hilketa gazteak, fiskalarenera joanda. 18 urte egiteko bezperan agertu zen. Ordurako atzetik zuen Ertzaintza. Alderatu zituzten gaztearen DNA eta Azkueren autoan agertutakoa, eta bat etorri ziren. Poliziak frogatutzat jo zuen gazteak hil zuela. Ordea, orain bi hilabete, epaiketa aurretik, hilketa egin izana ukatu egin zuen akusatuak.

Bertsio hori gorabehera, akusatua errudun jotzeko aski froga ikusi ditu epaileak. Horretan izan zuten desadostasuna epaiketan akusazioek eta defentsak: ba ote zen nahiko froga gaztea zigortzeko. Gazteak epaiketan deklaratu zuen autostopean hartu zutela Azkueren autoan eta ordurako hiltzailea zihoala gidari; akusatuak adierazi zuen pertsona hark behartu egin zuela hatz markak uztera autoan. Beldurrez zegoela esan zuen azken hitza baliatuta.

Akusazioek ez zioten sinesgarritasunik eman gaztearen bigarren deklarazioari. «Sinesgaitza» zela adierazi zuen Miguel Castellsek, azkuetarren abokatuak. Hori esan du epaileak ere: «sinesgarritasunik gabea» eta «itxurarik gabea» da bigarren bertsioa, haren irudiko, eta ez du aintzat hartu.

Ertzaintzaren frogak auzitan jartzen saiatu zen epaiketan akusatuaren abokatua, Joanes Labaien. «Ertzaintza lasaitu egin da behin aitortza lortutakoan», salatu zuen. Froga batzuk ondo zaindu gabe egon direla ohartarazi zion epaileari. Akusatuaren aurkako froga nagusi bat jarri zuen zalantzan: gaztearen lokarri bat erabili zuten Azkue lotzeko —horregatik egin zuen gaztearen susmoa Poliziak—, baina, abokatuaren arabera, ez dago argi zer gertatu zen lokarriarekin, «desagertu eta berriro agertu» egin zelakoan.

«Zergatik halako indarkeria?»

Zergatik hil ote zuten, hori izan da galdera nagusia Azkueren kasuan. Horri ere heldu zion Labaienek azken ondorioetan: «Galdera ugari daude. Zergatik halako indarkeriarekin, diru pixka bat lapurtzeko?». Fiskaltzaren eta akusazioaren tesia hori zen, dirua osteko hil zutela Azkue. Horren erakusgarri jo zuten kreditu txartelak lapurtu zizkiotela eta egun berean dirua atera zutela haren kontu korrontetik. Azpeitian, zigortutako gaztearen herrian, atera zuten dirua. Epaileak bere egin du hipotesi hori: lapurreta izan zela adierazi du, bankuko bi txartel ostu zizkiola gazteak Azkueri.

Lekuko zuzenik ez zen. Auzitegitik igaro ziren 60 lekuko baino gehiago, baina inork ezin izan zuen zehaztu akusatuak hil ote zuen Azkue. Hiltzailea ustez ikusi zutenek deskribapen orokorrak egin zituzten auzitegian, eta inork ez zuen ezagutu akusatua. Horiek hala, Poliziaren frogak izan dira epaiaren oinarria, gaztearen lehen aitortzarekin batera. Azken orduan, epaiketa amaitu aurretik, lekukotasun berriak eskatuta saiatu zen defentsa frogak ahultzen. Ez zuen lortu, ordea. Gazteak bereari eutsi zion epaiketaren amaieran: ez zuela hil esan zuen, eta ez dela gai horretarako.

Defentsaren eskari guztiei bizkar eman die epaileak, esanez frogatuta dagoela gaztearen egiletza. Hamar urtean izango dute atxikita adingabeentzako egoitza batean —han dago abuztutik, hilketa aitortu zuenetik—; sententziak dio «larria» izan zela hilketa, eta gazteak jabetu behar duela «bere ekintzen ondorioez». Programa berezietan parte hartu beharko du. Jarrera egokia ez badu, espetxean sartu ahal izango dute.

Adingabeen zentrotik ateratakoan ere ezingo du aske ibili. Bost urtean zaintzapean izango dute, eta ezingo du hurbildu Oriora, Zarautzera eta Getariara. Ondoren, gainera, beste bi urtean, ezingo du hurbildu Azkue zenaren senarrarengana eta alabengana. Kalte-ordaina ere eman beharko die.

Auzitegiaren erabakiarekin pozik azaldu da Castells. BERRIAri nabarmendu dio «eskaturiko guztian» eman diola arrazoi epaileak. Familiak ere onartu du erabakia, nahiz eta, «hilketaren basakeria ikusita», gutxitxo iruditu zaion hamar urteko zigorra. «Baina badakite gaur egungo legearekin ezin dela zigor handiagoa jarri». Aldeko epaia jasota, Castellsek ez du helegitea jarriko haren kontra.

Labaien defentsako abokatuari erabat egin dio aurka epaileak. Gaztea absolbitzeko eta ikertzen segitzeko eskatu zuen, aski froga ez zelakoan. BERRIAri jakinarazi dio helegitea jarriko duela. Labaienek dio epaileak gaztearen lehen aitortza erabili duela zigorra arrazoitzeko, baina epaiak frogatutzat ematen dituen gertakizunak ez datozela bat harekin. Akusatuaren aldeko testigantzak aintzat ez hartu izana ere salatu du. Gaztearen bigarren bertsioa «baztertu» egin dute ikertu ere egin gabe, Labaienen arabera; adierazi du hipotesi gisa ikertu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.