Azkueren hiltzaile jotako gaztea libre irtengo da, epaia bi astean eman ezik

Andrea ez zuela hil esan du berriz ere akusatuak, eta aske uzteko eskatu du abokatuak; zigorra nahi dute azkuetarrek

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Epaiaren zain dago berriro ere Amaia Azkue hiltzeagatik zigortutako gaztea: Gipuzkoako Auzitegia aztertzen ari da akusatuaren defentsaren helegitea, eta maiatzaren 17a baino lehen hartu beharko luke erabakia; ordurako ez bada epairik, aske geratuko da mutila —hilketa egitean adingabea zenez, haientzako legearen babesean epaitu dute, eta ezin dute epai irmorik gabe atxikita izan bederatzi hilabetean baino gehiagoan—. Akusatua libre uzteko eskatu du haren abokatuak; azkuetarrenak eta fiskalak, berriz, bat egin dute aurreko epaiarekin, eta zigorra berrestea galdegin dute. Errugabea dela esan du gazteak.

Hamar urteko zigorra jarri zion adingabeen auzitegiak, eta helegitea jarri zuen haren abokatu Joanes Labaienek. Auzi saioa atzo egin zuten, Donostian, eta eskariak berretsi zituzten bi aldeek.

Aurreko epaiak nahiko oinarririk ez duela uste du defentsako abokatuak. Gaztearen errugabetasun presuntzioa urratu egin zela salatu du, eta baliagarritzat jotako frogak ez zituztela behar bezala babestu. Epaiketan egin bezala, lekukoak eramanda frogatu nahi izan zuen Labaienek gaztearen errugabetasuna atzo ere: haren hurbileko andre bat eraman zuen deklaratzera. Epaiketan ere egin zuen lekuko emakume horrek, eta, handik egun batzuetara, epaiketa amaitu berri zela, eraso egin zioten; salaketan adierazi zuenez, kasuaren harira irain egin zion motoan zihoan pertsona batek, eta makila batekin jo zuen buruan. Kordea galduta aurkitu zuten andrea, bide bazter batean.

Eraso hori aipatuz indartu nahi izan du defentsa Labaienek, esanez bat datorrela akusatuaren bigarren bertsioarekin: gazteak atzo ere adierazi zuen beste pertsona batek hil zuela Azkue, eta haren beldur hartu zuela bere gain hilketa. Emakume hark jasandako erasoa norbaitek egin zuela esan zion abokatuak epaileari, eta hura izan litekeela hiltzailea. Horrenbestez, gaztea libre uztea eta Azkueren hilketa ikertzen jarraitzea nahi du Labaienek.

Epaiketan ere hori eskatu zuen abokatuak, baina bizkar eman zion epaileak. Finean, akusazio partikularraren eta fiskalaren tesia bere egin zuen auzitegiak: gazte azpeitiarrak hil zuela Azkue, kolpeka, eta Nuarbe auzoko Ibai-Eder lakura bota zuela gorpua. Lapurreta egiteko hil zuen andrea, epailearen arabera; bankuko bi txartel lapurtu zizkion, ezkutuko zenbakiak esanarazita, eta dirua atera zuen haietatik.

Bertsio «sinestezina»

Ezetz dio gazteak, nahiz eta hasieran hori deklaratu zuen. Abuztuaren 17an bere kabuz joan zen fiskalarenera, eta Azkue hil zuela aitortu zuen. Ordurako atzetik zuen Polizia, susmoa eginda, eta deklaratzera joanarazia zuten.

Deklarazio hura eta Ertzaintzak batutako frogak aski direla erantzun du azkuetarren abokatuak, Miguel Castellsek. Hala adierazi zuen atzo ere, auzitegira sartu aurretik, ez duela espero gaztea errugabetzea. Akusatuaren DNA agertu zen Azkueren autoan, eta hilotza lotzeko haren oinetako batzuen lokarriak erabili zituzten. Poliziak batutako arrastoen balioa jarri du ezbaian etengabe defentsako abokatuak. DNA aurkitu izana bat dator akusatuaren bigarren bertsioarekin; deklaratu zuen hiltzaileak behartu zuela arrastoak uztera autoan. Bertsio hori «sinestezintzat» jo zuen epaileak. Defentsak helduleku bat badu, hala ere: lekukorik ez dago gaztea zuzenean hilketarekin lotzeko. Ez zuen inork ikusi.

Auzitegiak hamar urteko zigorra jarri zion gazteari, hiltzailea zela esateko aski froga badelakoan; beste bost urtez zaintzapean izateko ere agindu zuen, eta galarazi egin zion Oriora, Zarautzera eta Getariara joatea; han bizi dira Azkue zenaren hurkoak. Gehienezko zigorra da hamar urtekoa adingabeen legearen arabera.

Lege horrek izango du eragina helegitea aztertzerakoan ere. Azkar aritu beharko du auzitegiak: datorren asteko osteguna baino lehen ez badu epaia ematen, aske aterako da gaztea behin-behinean, erabakia jaso arte. Adingabeen Zumarragako egoitzan daukate atxikita. Orain arteko prozesua azkar joan da; azkarregi, defentsaren ustez. Denbora hartzeko eskatu dio Labaienek epaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.