EAJk alkatetza dauka, baina gehiengorik ez. Ezker abertzalea, EA eta Aralar, berriz, oposizioan daude -atentatuaren aurretik hirurek osatzen zuten gobernua-. Jeltzaleei uste baino zailago egiten ari zaie udaleko ekimenak aurrera ateratzeko gehiengoak batzea, eta behin baino gehiagotan aitortu dute gobernua EAJ-EA-Aralar hirukoa izatea gustatuko litzaiekeela.
Alkatetzak ematen duen ahalmena baliatuz ari da erabakiak hartzen EAJ. Oposizioa, berriz, elkarlanean ari da, eta gai garrantzitsuenetan adostasunera iristeko gaitasuna erakutsi du; esate baterako, oposizioko hiru alderdiek onartu dituzte 2009ko udal aurrekontuak. Hiru alderdi horiek adostasunera iristen diren arren, adosturikoa jeltzaleen gustukoa ez bada erabakiak dekretuz hartzea egotzi dio oposizioak EAJri. Egin ezin dutenik ez dutela egin esanez defenditu dute euren burua jeltzaleek, eta, «kudeaketa arazo larriak» dituztela onartu arren, euren jarrera ez dutela aldatuko ohartarazi dute.
Hasieratik egon dira arazoak. Iazko urtarrilaren 17an alkate aldaketa gertatu zenetik bi hilabete joan ziren aurreneko udalbatza egin arte, eta udalbatza hartan ondo baino hobeto ikusi zen aurrerantzean udalak hartuko zuen giro liskartsua. Izan ere, batzarreko gaiak jorratu ostean, premiazko gaia proposatu eta liberazioen kontua jorratzea eskatu zion oposizioak Eizmendi alkateari. Horrek bertan behera utzi zuen udalbatza, azalpenik eman gabe.
Errazkin alkate ohiak esan zion, legea eskuan hartuta, oposizioak bat eginda eskatutako azalpenak ematera behartuta dagoela, baina ezezkoan tematu zen Eizmendi, eta alferrik izan zen idazkariak legea ahozgora irakurri ostean arrazoia oposizioari ematea. Altxatu, eta bertan behera utzi zuen osoko bilkura alkateak.
Eizmendik argudiatu zuen azalpen horiek Bozeramaileen Batzordean eta Ogasun Batzordean eman zituztela, eta ez zuela zertan han hasi azalpenetan. Hori azaltzeko tokia osoko bilkura zela erantzun zion oposizioak, eta batzordeetan «antolaketa proposamen berri bat» aurkeztu besterik ez zuela egin. «Udalbatzarraren subiranotasuna hankaz gora jartzea eta legea ez betetzea» egotzi zion ezker abertzaleak.
Harrezkero, etengabeak izan dira ezin ulertuak. Hona hemen, hiru adibide:
1. Liberazioak
Alkatetza hartu bezain pronto liberatu zuen bere burua Julian Eizmendik, baina orain soldatarik gabe dago. Oposizioak onartu zituen udal aurrekontuetan ez zuten liberazioetarako partidarik onartu. Liberazioak onartzeko prest dagoela dio oposizioak, baina eztabaidatu egin behar dela: «Soldatak udalbatzarrean erabakitzen dira, eta oraindik ez da proposamenik onartu bertan». Bestela ikusten du gaia EAJk, eta «justifikaezina justifikatu nahian aritzea» egotzi dio oposizioari. Liberazioak negoziatzeko prest dagoela dio EAJk, eta kudeaketarako oztopoak jartzen aritzea leporatu dio oposizioari.
2. Etxebeltz-Izarra
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen Etxebeltz-Izarran eraikitzen ari diren Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) arauak, ekonomia eta finantza txostenak falta zirelako. Aurreko legegintzaldian onartu zituzten arau ordezkatzaileak EAJren, PPren eta PSE-EEren botoekin-ezker abertzaleko zerrenda baliogabetuta zegoelako lortu zuten azken bi horiek zinegotzi bana-. Auzitegiaren erabakia etorri zenean, ezker abertzalearen esku zegoen udalak helegitea jarri zuen, baina helegite horri buruz erabakitzeak luze jo dezake, eta txostenik ezean etxebizitza horiek ez dira legezkoak. 154 etxebizitzek jabea dute jada, eta egoerari konponbidea ematea eskatzen diete arduradun politikoei. Ez du ematen konponbide erraza duenik. Alderdiek testu bateratua egin eta arauei falta diren txostenak gehitzea proposatzen du EAJk; oposizioak dio jeltzaleen bideak ez duela berme juridikorik ematen, eta arau ordezkatzaileak berritu behar direla. Bi bideak aldi berean jarraitu daitezkeela diote jeltzaleek.
3. Aurrekontuak
EAJk proposatutako zirriborroa oinarri hartuta, oposizioak adostu eta onartu zituen 2009ko udal aurrekontuak, ekainean. Hala, alkatetza aldaketa gertatu aurretik beraiek gobernuan zirenean abiatutako egitasmoei bultzada eman diete.
Zentsura mozioa EAren boto bati esker onartu zen
Urtarrilaren 3an hil zuen ETAk Inazio Uria enpresaburu azpeitiarra, tiroz, eta urtarrilaren 17an kendu zioten alkatetza ezker abertzaleari, zentsura mozio baten bitartez. EAJk hartu zuen ekimena, eta zentsura mozioa onartzeko babes eske hasi zen atentatua gertatu bezain pronto. Bere zortzi zinegotzien botoez gain beste bat behar zuen. Ezker abertzaleak atentatua ez zuela gaitzetsi ikusita, segituan utzi zuen udal gobernua Aralarrek, baina ez zuela zentsura moziorik onartuko esan zuen. Beraz, EAren aukera bakarrik zuen EAJk. Bi zinegotzien iritziaren kontra, zentsura mozioa onartzea erabaki zuen EAko zuzendaritzak. Zinegotzietako batek mozioaren alde egin zuen, eta besteak kontra.«Herriko gairik garrantzitsuenean immobilista jokatu du oposizioak»
JULIAN EIZMENDI
Azpeitiko alkatea
«Udaleko egoera autoritarioa eta zaila bihurtu da, EAJkez duelako gehiengoa errespetatzen»
IÑAKI ERRAZKIN
Alkate ohia
14.000
Biztanleak. Urola erdian dago Azpeitia. 14.000 biztanle pasatxo ditu, %95 euskal hiztunak. PPk eta PSEk ez dute ordezkaririk, udala abertzalea da erabat. Aurreko legegintzaldian zinegotzi bana izan zuten alderdi horiek, ezker abertzalearen zerrenda baliogabetuta zegoela.Erabakiguneetan egoteko eskaria, herri mugimenduek
Alkatea aldatu ostean, Azpeitiko herri mugimenduetako 24 lagunek agiria kaleratu zuten. «Batzen gaituen horretan bat egitea behar-beharrezkoa da. Azken urtebetean bezala, beharrezko jotzen dugu herri mugimenduak eta udal ordezkaritzak uztarri beretik jardutea aurrerantzean».Julian Eizmendi.Azpeitiko alkatea
«Akordioak lortzen saiatu gara, eta saiatuko gara»
O. Elduaien. Azpeitia«Ez da normala soldatarik gabe egotea», dio. Alkate izan arren, ez dago liberatuta, eta Gipuzkoako Diputaziora itzuli da lanera. Dekretuz hartzen dituen erabakiak bere eskumenen barruan daudela dio, eta behin eta berriz azpimarratzen du akordioetara iristen saiatu direla, eta saiatuko direla.
Sei hilabete hauen zein balorazio egiten duzu?
Erronka nagusiei aurre egiten ari gara. Saiatu gara herriak dituen arazo nagusiei aurre egiten, eta erronka nagusietan adostasuna lortzen. Aurrekontuak onartu dira, eta beste pare bat hitzarmen ere atera dira aurrera.
Gehiengorik ez daukazue. Oztopoak izango ziren bidean, ez?
Bai, noski. Badakigu zein den indar banaketa: hamazazpitik zortzi zinegotzi ditugu. Hala, herriko erronka nagusietan jarrerak azaltzen eta adosten saiatu gara. Eta hortik joko dugu aurrerantzean ere; zailtasun politikoa dago, eta erronken aurrean saiatuko gara aterabideak mahai gainean jartzen eta adosten. Gerta dakiguke adostasunak lortzea edo ez. Ez denean posible, herriaren aurrean jarriko ditugu gure arrazoiak.
Blokeo antzeko egoera batean dago herria orain, adibidez Etxebeltz-Izarrako gaian. Zein irtenbide proposatzen duzue?
Herrian daudenpuntu nagusietako bat da Etxebeltz-Izarra. Asko eztabaidatu da horretaz, eta aterabide posibleak mahai gainean egon dira ia astero. Denbora ez da infinitua, eta erabakia saninazioak baino lehen hartuko da. Oposizioak arauen errebisioa nahi du, eta hori baztertu gabe, falta diren txostenak aurkeztearen alde gaude gu. Bi bideak jarraitu nahi ditugu, aldi berean. Gure hasierako planteamenduari oposizioarena gehitu diogu guk, baina beraiek beraiena bakarrik babesten dute. Gurea baztertu egiten dute.
Gai honetan eta besteetan, nola baloratzen duzu oposizioaren jarrera?
Batik bat Etxebeltzeko gaian, ezda hasierako eskemetatik mugitu. Herriko gairik garrantzitsuenean immobilista izan da.
Gehiengoa dutela eta erabakia hartu dutela diote oposiziokoek, baina zuek ez zaudetela erabaki hori errespetatzeko prest.
Egongo ez gara bada errespetatzeko prest! Eztabaida honek amaitu egin behar du, eta pleno berezian erabakia hartuko da: edo biak batzen dituen gure bidea edo beraiena. Gu ez gara oztopo izango beraien tramitazioan. Hori argi geldi dadila. Gu ez gara oztopo izango. Erabakitzen denarekin aurrera egingo dugu. Baina, bakoitzak bere posturak azalduko ditu, eta beraien proposamena baztertzailea da.
Gehiengoa onartu ez eta dekretuz gobernatzea ere leporatzen dizue.
Udal organoetan, bakoitzak bere eskumenak ditu, eta alkateak erabakiak dekretuz hartzen ditu, hori delako bere eskumena, hori da legezko figura. Noski dekretu bidez hartzen ditudala erabakiak. Beste toki askotan ere gutxiengoan dago gobernua, adibidez Arrasate, Hernani, Pasaia, Urretxu, Zestoa... Haietan ere alkateek beren eskumeneko erabakiak dekretuz hartuko dituzte. Nik ez ditut nire eskumenetatik kanpo hartu erabakiak.
Egoera honen abiapuntua zentsura mozioan bertan dagoela dio oposizioak, orduan ez zelako udalaren gobernagarritasunean pentsatu.
Gure nahia beti izan da hiru koloretako gobernua osatzea, EArekin eta Aralarrekin. Udan hauteskundeak izan ostean halaxe proposatu genuen, eta orain ere gauza bera egin dugu. Egozten digute gobernu monopolarra daukagula, eta hori hala da, baina ez gure borondatez. EAri beti luzatu diogu eskua, baita Aralarri ere.
Iñaki Errazkin.Alkate ohia eta oposizioko burua
«EAJk ez du onartzen gehiengo bat dagoela»
O.E. AzpeitiaEzker abertzaleak Azpeitian izan duen aurreneko alkatea da Iñaki Errazkin. Legegintzaldi erdia inguru egon zen postu horretan, zentsura mozio bidez kendu baitzuten, Inazio Uriaren hilketa ez gaitzestea egotzita. Geroztik udala egoera «berezi» batean dagoela dio, jeltzaleek ez dutelako gehiengoa onartzen.
Sei hilabete hauen zein balorazio egiten duzu?
Bi alor nabarmenduko nituzke. Batetik, zentsura mozioa gobernurako programarik eta akordiorik gabe egin zen, eta, ondorioz, udal gestioa aurrera eramateko lidergo ahula izan da. Horrek ondorioak ekarri ditu, eta nabaritu da. Bestetik, alkatetza eskuratu zuenean, lehengo jarreretara itzuli nahi izan zuen EAJk, hau da, dekretuz funtzionatzera, eta alkatetza edukita dena nahi bezala egin daitekeela pentsatuta. Horrek talka bat sortu du, eta oztopoak ere bai. Egoera autoritarioa eta zaila bihurtu da.
Herria blokeo moduko batean dago. Zein konponbide ikusten duzue?
Nik ez nioke blokeoa deituko. Blokeoa egongo litzateke guk egoera horren aurrean pausorik ez emateko jarrera hartuko bagenu. Orduan bai udala blokatuko litzatekeela. Gutxienez herritarrentzat interesgarriak diren gaiak aurrera ateratzeko jarrera hartu dugu. Sei hilabete hauetan aurrekontuak onartu ditugu, Etxebeltz-Izarrako gaian jarrera zehaztu dugu... Oposiziotik jarrera eraikitzailea izaten saiatu gara, zenbait gauza aurrera ateratzeko erabakiak hartuz. Dagoena ez da blokeoa, baina egoera arraro bat badago. Gehiengoaren erabakiak errespetatu gabe gauzak aurrera atera nahian dabil EAJ, eta hori ezin da onartu.
Baina, adibidez, Etxebeltz-Izarraren gaian badago blokeoa...
Hor gertatzen dena da gehiengo batek erabakia hartu duela eta EAJk ez duela uzten erabakiak aurrera eramaten. Gehiengoak erabakitzen badu, hori kudeatu behar da, baina erabakiak aurrera ateratzeko alkatetzak ere urratsak egin behar ditu, eta ez ditu egiten. Gehiengoaren bidea ez dute aurrera eraman nahi, eta hor dago arazoa.
Zer eskatzen diezue jeltzaleei?
Adibidez, Etxebeltzen inguruanudalean badago osoko bilkura bitartez gauza bat eskatzen ari den gehiengoa. Zer eskatzen dugun? Erabaki hori kudeatzeko oztoporik eta arazorik ez jartzea. Akordioetara iristeko borondatea eskatzen diegu. Gu ere prest gaude malgutasunez jokatzeko. Baina, beraiek gutxiengoan egonda gehiengoaren gainetik pasatzeko jarrera ezin dugu onartu. Guk behin eta berriz eramango dugu planteamendu hori plenora. Kontua da haiek noiz hartzen duten gehiengoa onartzeko jarrera.
Tarte horretan, «beste inon ez bezala» alkatea soldatarik gabe uztea egotzi dizue EAJk. Zer gertatu da?
Ez dugu soldatarik gabe utzi. Oraindik ez da soldatei buruzko gaia osoko bilkurara eraman. Eizmendik dekretuz liberatu zuen bere burua. Gu behin eta berriz eskatzen ari garena da gobernu berriak bere programa plenora eramatea. Han onartu behar da programa hori nola kudeatu, eta horren arabera landu behar da liberazioen gaia ere. Gaia ez dute eraman, eta ikusten duguna da hainbat erabaki gehiengoaren gainetik hartu nahian ari direla. Jarrera hori aldatzen denean, guk ez dugu liberazioekin oztoporik jarriko, eta hori behin eta berriz esan diogu Eizmendiri berari. Zain gaude.